HILTAMUA HARRESIZ KANPO
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

Tresnei begira ari naiz,

gizakiek egiten duten munduari, bertan saiatzen,

izerditzen,  erditzen, elkarrekin bizi diren horrexeri begira.

 

Egunek zanpaturiko gizakien gorputzak,

zurrunga eta atzaparkadazko gaua eta

bide-gurutzeak, non ezagutzen duten elkar.

 

Itsutasuna dago eta goseak argitzen ditu,

eta beharrak, metala baino gogorragoa den horrek.

 

Harrotasunik gabe (zer da harrotasuna? Oraindik

espezieak ekoizten ez duen ornoren bat?)

gizakiek ebatsi egiten dute, gezurrak esaten dituzte,

harraparien moduan usnatu egiten dute,

beste batekin lehiatu, irentsi egiten dute sarraskia,

 

Eta dantza egiten dutenean, labainka doazenean

edo iruzur egiten diotenean legeren bati edo

zitaltzen direnean, irribarre egiten dute,

betazalak doi bat epelduta, barrenean

zabaltzen zaien hustasunari ematen diote begia

eta estasi begetal bihozgabe bati lotzen gogoa.

 

Hegalen batekoa naiz, beste nonbaitekoa,

ez kentzen ez ematen ez dakiten horietakoa naiz,

banatzea ezinezkoa zaion jende horretarik.

 

Ez zatzaizkit gertura, mundu-eginean zabiltzan

hori, utz nazazu, ez naukazu zertan hil.

Berez hiltzen diren horietako bat naiz, lotsa baino

are okerragoko zerbaitez hiltzen direnetarik.

Zuri begiratu eta ez ulertzez hiltzen naiz.

 

HILTAMUA HARRESIZ KANPO
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017