HALABEHARRA
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

Maite duguna hiltzen dugu. Gainontzekoa

ez da inoiz egon bizirik.

Inor ez dago hain gertu. Ez dio beste inori

minik ematen ahazturak, faltak, batzuetan gutxiago.

Maite duguna hiltzen dugu. Gera bedi behingoz

inoren birikaz arnasa hartu beharreko itomen hau!

Airea ez da aski biontzat. Eta lurra

ez da nahikoa elkarturiko gorputzentzat

eta urria da itxaropen-anoa

eta mina ezin parteka daiteke. 

 

Bakardaderako animalia da pertsona,

mehakan gezia daraman oreina

ihesian odolusten dena.

 

Ai, baina gorrotoa! Haren beirazko ninien

begirakune itzarria; haren jarrera,

hahor batera atsedena eta mehatxua.

 

Oreina edatera doa eta hor non

uretan tigre baten isla ageri den.

Oreinak ura eta irudia edan ditu.

—Eta irents dezaten baino lehen—

(gaizkide, liluratua)

arerioaren pareko bihurtzen da.

 

Gorroto dugunari baino ez diogu ematen bizia.

 

HALABEHARRA
Rosario Castellanos

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017