EGUZKIAREN SARTALDERANTZ
Andrei Platonov

Hegats-3,1990
euskaratzailea: Karlos Santisteban
armiarma.eus, 2026

 

I

 

            Lo egiten zuen bitartean, lurrari itsatsirik geratu zen. "Gorputzak atsedena hartu du eta izerdia bota, longaina berotu da eta gero lurraren hotzak gogortu du", pentsatu zuen Ivan Semionobitx Tolokno zulatzaileak esnatu zenean.

            — Jaiki zaitez, anaia! —esan zuen Toloknok bere baitan—. Lurrak beti atxikitzen du: odol bilduaz edo izerdiaz itsasten zara, baina gero ez zaitu joaten uzten.

            Ahalegin batez haizeek aurreko urteko belar hila aurkitu arte garbitu zuten lur jelatutik banandu zen.

            Tolokno zegoen taldean zulatzaileei, begirune osoz, "gameluak" zeritzeten. Zulatzaile bakoitzak, fusil automatikoaz gain —ohizko horniduraz eta eskuzko granada pare batez—, para bat, burdinagatxo bat, aizkora bat, zakuto bat, metxa bilgu bat, bere jantziak eta beste zeozer zeramatzan, pelotoiaren berezitasunaren arabera. Aldean zeramatzaten beti gauza guztiauek: aurrera egiten zuten, lasterka narras ibili, suaren azpian lan egin, lan egitea galarazten zieten etsaiei aurre egin, elurrean edo zuloren batean lo egiten zuten, jan eta etxera gutunak bidali, betirako zoriontsua izango zen bizitza baten esperoan.

            Tolokno arratsaldean esnatu zen, eguzkia sartaldean zegoenean. Pelotoiaren buruzagiak, Smirnov kapitainak, bere jendea bildu zuen ataka batean, ikuskatu zuen, ekipamendua aztertu zuen eta bakoitzari bere gogoaz galdetu zion.

            — Ondo nago beti, erkide kapitaina —erantzun zion Toloknok buruzagiari.

            — Eta zergatik beti? —gaineratu zuen kapitainak.

            — Halabeharrez! —azaldu zuen Toloknok.

            Kapitainak eskuaz seinalatu zuen sartzen ari zen eguzki eskergarantz. Gudukariek zain zeukaten toki izugarria begiratu zuten: kolore ezberdineko argizpiek orain gizakiaren bihotza hunkitzen duen musika solemnearen antza zuten.

            Jarraian, kapitainak bere gizonek gauean zuten betekizuna azaldu zuen. Zulatzaileen pelotoiari elkartutako aztertzaile talde batekin irten behar zuten ibai bidean tankeak igaro ahal izateko leku bat bilatzeko eta ibaiertz latzean ike arin batez irteera bat egiteko, etsaienganantz; eta ondoren, lan hau bukatu eta gero, tankeekin joan beharko zuten, infanteriako lagun taldearekin batera, eta egingo zieten seinale bati jarraiki, lubaki, aterpe eta blindaje sistema bat burutu beharko zuten lurrean.

            Borrokalari eta erkideok! —esan zuen buruzagiak—. Eguzkiaren sartalderantz goaz. Gu, soldadu gorriok, etsaientzat makina baten balbula bezala gara, zeina bakarrik alde baterantz irekitzen baita, horretarantz hain zuen, eta atzerantz ez dabil, guztiz hilik dago. Nire ustez gerraren burdin goria aski ibili da gure lurretik: orain lurrak garia erditu behar du!

            — Garaia da! —esan zuten gudulariek, eta oinazeak eta oroitzapenak haien armak dardararazi zituzten.

            Eta eguzkia sartutakoan, ibiltzeari ekin zioten iluntasunpean, lan egiteko tresnez heriotzaren aurkako armez zamaturik.

 

II

 

            Oraindik ilun zegoen aztertzaileek zulatzaileak ibaiko ur-lasterreraino bideratu zituztenean. Ivan Tolokno eta Piotr Rastorgiev zulatzailea, ibaian behera ibiliko ziren, arretaz, tokia azterkatzeko.

            Tolokno izotz mehera irten zen eta azpian ur-lasterra oso hurbil entzuten zen.

            Etsaien bengalak oso hurbil ohartzen ziren. Dir-dir egiten zuten ortzian, eta ibai guztia iluminatu zen gizakiaren ametsak iluminatzen dituen argi huts eta geldo berberaz. Ivan Tolokno sabelaren gainean etzan zen eta aurrerantz herrestan ibili. Harantzagoxe uraren kantu etengabea aditzen zen izotzaren azpian.

            Aztertzaileak ibaiaren bestaldean zeuden jadanik eta ixilik mugitu ziren aurrerantz, etsaiak zelatatu eta behar izanez gero arriskuaren kasuan zulatzaileak laguntzeko prest.

            Tolokno urtzen zen izotzerantz ibili zen herrestan eta aurreragoxe ura izotzaren gainetik irten eta aske zeriola ikusi zuen, harkaitz uharka geldigaitzaren gainean zarata eginez. Tolokno uretarantz ibili zen herrestan, beraren azpian jaitsi zen izotzaren gainetik. Ura ukitu zuen eskuaz eta jasan ahal zela erabaki zuen.

            Tolokno eta Rastorgiev ur aske eta izotz gabetik mugitu ziren. Sakonera txikia zen, batzuetan orkatiletara ere ez zen heltzen. Hala ere, gizabanako baten neurriko harri zaharrek gaindiezinezko oztopoak eratzen zituzten makinetarako.

            Tolokno eta Rastorgiev txundituta gelditu ziren: bertan erosoa zen dena, baina harriak ilaran zeutzan ubide guztian, alde batetik bestera, eta harri metaren gainetik edo azpitik ibaiaren sakonera handia zen eta ezin zen gainditu.

            Smirnov kapitaina uretan sartu zen, bere borrokalariengana hurbildu zen eta berandutu orduko bertantxe egin behar zutela ibia esan zien.

            — Harkaitz handiak dinamitaz puskatuko ditugu? —galdetu zuen Rastorgievek.

            — Ezta pentsatu ere! —esan zuen Toloknok—. Nola egingo dugu zarata hemen, hor hurbil alemaniarrak zelatan daudelarik?

            — Eskuz egingo diegu bultza harriei! —esan zuen buruzagiak.

            — Eta adinako indarrik izango al dugu? —galdetu zuen ezbaian Rastorgievek—. Hemen harriak lurrean sartuta daude, ez da inor altxatzeko gauza. Eta ezin dira lasatu, altzairu landua bezala izozten eta buztintzen dira.

            — Ez du axola, gizakia indartsuagoa da heriotza ondoan badauka —esan zuen Toloknok.

            Mina bi lehertu ziren hurbil eta pusketak ortzian iltzatu ziren.

 

III

 

            Kapitainak agindu bat bidali zion azterkuntza taldeko buruzagiari mezulari baten bidez: harri metatik pixka bat beherago nahasmenduko borrokaldi luze bati hasiera ematea. Zulatzaile guztiak batu zituen harri metan lan egiteko. Baina alemaniarrek, zehazki ezer ez zekiten arren, errusiarren asmoak igartzen zituzten eta beren mortairuen desarrez harri metaren tokia kurritzen zuten. Ostera zulatzaileek ezin zioten erantzun etsaien suari, non zeuden iragarriko ez bazuten; itzalpean ezkutatzen ziren, harkaitz handien atzetan, bihotzean bertan mina sentitzeraino gorputza hozten zien ur astunean.

            Guda aurretik Uraletako lantegien eraikuntzan lan egina zegoen Ivan Toloknok, edozein lan ulertzen zuen. Edozein zeregini bere trebetasuna erabiliz ematen zion hasiera, bururatzeko beharrezkoa zen egitasmoaz hausnartuz.

            Sei zulatzailek harkaitz bat lasatu nahi zuten betiko eran, denek batera erritmoz bultza eginez, errepikaren baten laguntzaz, baina harkaitzak ez zion men egin jendearen indarrari eta ez zen mugitu.

            Tolokno uretan eseri zen, eskuak sartu zituen eta harkaitzaren oinarria eskuztatu zuen; ondoren ibai hondoan harri txiki batzuk bilatu zituen bere eskuez eta atera ondoren etsaien bengalen argiaz begiratu zituen. Bilatzen zuena aurkitu zuenean —harri luze bat, ziri baten modukoa— Toloknok busti behar ez zen guztia erantzi zuen, uretatik urrun jarri zuen, izotzaren gainean, eta ibai hondoan eseri zen. Ura orain eztarriraino heltzen zitzaion.

            Aizkoraren gibelaldeaz ziria harkaitz eskergaren uharkan iltzatzen hasi zen, ubidetik aldentzeko asmoaz. Toloknok haztaka zerabilen aizkora uraren azpian, eta eskuek dorpeki obeditzen zioten ur jelatuan eta berehala nekatzen zitzaizkion. Baina Toloknok ohitura zuen lanean eta bere pairamenaz gorputza erretzen zion hotza eta harkaitz handiaren gogortasuna eta zama menperatu zituen. Zain zuriak nabarmentzen ziren haren esku handietan. Eskuak haizeak eta hotzak erreta zituen, aspalditik larru lodi batek, herdoildua bezala, estalia, zeinak eskuetako zain zuri eta muskuluetan lanaren bero pizgarria gordetzen baitzuen. Noizbehinka, Ivan Toloknok aizkorari eutsitako eskuak jasotzen zituen, airerantz, lipar batez atseden zitezen, eta berriro harrian ziria ezartzen ahalegintzen zen leku hartatik mugiarazteko.

            Han urrutian, ibaiaz behera, aztertzaileak tiroka hasi ziren etsaien aurka, harri-metari arretarik eskain ez ziezaieten. Hala ere, alemaniarrek ere su egin zieten aztertzaileei, badaezpada harri meta mortero-suaz zeharkatuz.

            Netxaev zulatzailea hilik suertatu zen buruan jo zion metraila-puska baten ondorioz, ez zegoen haren gorpua inora eramaterik eta izotzaren gainean ezarri zuten.

            Rastorgiev bere ondoan eserita zegoen Toloknoren harkaitz berbera ziriztatzen ari zen. Ur-lasterra ziriek askatutako gunean sartu zen xurgatze hotsez eta ibai hondoari atxikitako harriaren oinarria ahuldu zuen. Orduan, Toloknok lau zulatzaileri harria bere indar guztiez mugi zezaten kulunkatu arte agindu zien; bitartean, Toloknok berak inguruan ibaiaren ondoan aurkitzen zuen guztia sartzen zuen harkaitzaren azpian.

            Smirnov kapitainak, Ivan Toloknoren adibideari jarraiki, launa eta seinako taldetan banatu zituen zulatzaileak harkaitz astun bakoitzeko, beren besoen eta ibaiaren indarraz mugitu ahal izateko ziriak sartzeko xedeaz.

            Ivan Toloknoren harria izan zen amore eman zuen lehena eta sei bat metro alboratu zuten ibaian behera.

            — Nahikoa da! —esan zuen kapitainak.

            Alemaniarren bengalak goian itzali ziren, Kapitaina harri metan ibili zen.

            — Arinago, ea, arinago mutilok! —esan zien zulatzaileei.

            Toloknok kikilduta zegoen Trofin Pozhidaev zulatzailea ordeztu zuen, eta haren lekua betez uretan sartu zen eztarriraino, astirik galdu barik ziriak sartu eta harkaitza mugiarazteko.

            — Arinago! —premiatzen zuen buruzagiak—. Laster tankeek bide askea eskatuko dute.

            Iluntasuna zela eta, hotza handiagoa zela zirudien. Etsaien ibai aldeko gailurretik metrailagailu bat tiroka hasi zen etengabe eta balek harri metako toki ezberdinetan jo zuten.

            — Ez dute etsaiek pixka bat gehiago jasateko eroapenik izan —esan zuen haserre Toloknok ur barnean eserita, gorputza dardarek zirgit eraginda.

            — Guda da, erkide Tolokno! — esan zuen kapitainak.

            — Noski, erkide kapitaina! —erantzun zuen Toloknok—. Eta hementxe daude Armada Gorriaren zulatzaileak, eta zulatzaileek bi eskuin esku dauzkate: batak harria puskatzen du, besteak disparatu egiten du...

            Harkaitzak, ziriek eraginik, beren jatorrizko tokietatik mugitu ziren.

            Harri meta garbitu ondoren, kapitainak tokia zeharkatu zuen ibai alde batetik bestera, aztertzeko, bidea aske zegoela ziurtatu nahirik.

            Zulatzaileak uretatik irten ziren etsaien ibai alde garaiak babesturik. Etsaiak uhaldetik urrun samar zeuden, horregatik lekua lasai zegoen. Berehalakoan, haizearen eraginez, zulatzaileak jelatu egin ziren eta izotzez estali, baina behingoan berotu ziren eta lanak izerdiarazi zien. Beren parak iltzatu zituzten uhaldeko aldapa latzean, eta erreten makur bat zulatzen hasi ziren, tankeak bertatik ibaitik aise irten ahal zitezen, etsaien bila arin joateko.

            Jaka gosnatuetatik izotza desagertu zen eta zulatzaileen gorputzei lurrina jariatzen hasi zitzaien. Noizik behin, Smirnov kapitainak erretenaren aldapa neurtzen zuen, soberaz zulatu behar ez izateko eta tankeen motoreek gehiegizko esfortzurik egin behar ez zezaten. Hantxe, bere borrokalariei begira zegoen.

            Morteroetatiko jaurtikigaiek eta metrailagailukadek zulatzaileen buruen gainetik hegaz egiten zuten ibai erdiko harri metarantz, bertantxe izotzean eta uretan joz.

            "Zenbat etxe, zenbat gauza on eraiki ote du bere bizitzan Ivan Toloknok bakarrik?" —pentsatu zuen Smirnov kapitainak.

            Eta bere aurrean lurra zulatzen ari zen Ivan Toloknori galdetu zion.

            — Ez dut gogoratzen, erkide kapitaina —erantzun zuen Toloknok—. Bake garaian nire izerdiak berrogei alkondara ustelarazi zituen. Gudaldian, lau longaina eta bi jaka gosnatu ditut, zazpigarren jantzi-erantziak erabiltzen ari naiz, baina hezur guztiak osorik ditut eta gorputza ondo, arnasa hartu egiten du.

            "Eva Ivan Tolokno berau gaur bertan lurrera daiteke herio-zauriz!" —pentsatu zuen Smirnovek.

            Erretenaren irteera amaitzear zutenean, kapitainak mezulariari agindu zion ibaiaz gora joan eta bertatik, bengala batez, tankeek bidea zabalik zutela eta infanteriarantz oztoporik ez zegoela adierazten zuen bengala jaurtiki zezan.

            Alemaniarrak ere elkarrizketan hasi ziren zenbait koloretako bengalen bidez. Ivan Tolokno ortziari begira zegoen, desagertze geldoko inarretan desegiten ziren bengalen ixilpeko txinpartek argiztaturik.

 

IV

 

            Gauerdiaren ondoren dena ixildu zen. Aztertzaileek etsaiekin izandako lekoratze-borroka amaitu zen. Zulatzaileak ireki berri ziren erretenean etzan ziren atseden hartzeko eta erdi lotan egon ziren tankeak heldu arte. Kapitainak borrokalariak iratzarri zituen une egokian eta tankeetara igotzeko presta zitezen agindu zien.

            Presatu gabe, Ivan Toloknok bere ekipoa ordenatu zuen eta adi egon zen gau ixilean: harri metatik zebilen ibai-urlasterraren kantu monotonoaz aparte ez zen ezer entzuten.

            Gero, Toloknok harri koxkorren kirrinka tanke-beldarren azpian, motoreen burrunbada eta ur urduriaren txistua aditu zituen; haina ez zituen ohartu makinak ibaira hurbiltzen, hain ixilpean mugitu ziren eta hain ondo erregulaturik zituzten motoreak.

            Tankeak erretenetik ahal geldiroen igaro ziren, zulatzaileak igo ahal zitezen, jadanik gurdien gorputzean zeuden infanteriako borrokalariekin bat eginez.

            Eta tankeek oldarrez jo zuten bidetik, jauzi batez bezala, eta etsaienganantz abiatu ziren ilunpean.

            Ivan Tolokno Smirnov kapitainaren tanke berberera igo zen. Leku bero bat aurkitu zuen blindaketan eta eskuak berotu zituen.

            Etsaiek makinak detektatu zituzten eta urrunetik tiroka hasi ziren artilleriaz. Tankeek, inpaktuak ekiditeko, abiadura moteltzen zuten edo haizea bezain arin aurreratzen presatzen ziren, edo saihesteko maniobrak egiten zituzten, baina aurreratzeko ezarritako lerro nagusia gordetzen zuten beti.

            Ziztu bizian, motore tentsoak uluka, tankeak etxetxo ixil eta baztertuek osatutako herrixka batera sartu ziren. Borrokalariak, tankeen gainean, beren fusil automatikoez tiro egiteko prestatu ziren, ez zen inor ikusten baina, eta bakarrik irteeran zegoen azken etxolatik jalgi zen tirokada bat. Tanke batek, bere abioan, etxetxoa zapaldu zuen eta etsaiak barruan lurperatu zituen.

            Herrixka hartan alemaniarrik gelditzen bazen, infanteria heldu artean arnas zezatela; gurdiek ezin zuten denbora galdu eta ez zen komeni potentzia galtzea bidean topatutako edozein etsairen kausaz.

            Alemaniarrek gero eta tiroketa bilduagoa egiten zuten beren kanoiez, eta Toloknok airea beroxeago zegoela edo senti zuen. Aurrerago, bere tankearen bidean, Toloknok toki nahasi eta ilun bat ikusi zuen, batzuetan ortzian lehertzen ziren puska-jaurtigaien dirdira berretuak argiztaturik, eta sutan zegoen herrixka bat zela konturatu zen. Baina herrixka horretan, haren eliza deuseztatuan, haren hilobi eta putzuetan erresistentziaren suak dir-dir egiten zuen, sastakai urdinen gisara.

            Tolokno zeraman tankeak orain bere motorreko amorru guztiaz aurreratzen zuen eta kanoiaren suaz durundatzen zuen, bitartean gudariek, borrokaren bortxak eraginik, konturatu gabe oihu egiten zutelarik.

            Agindu bat betez, borrokalariek tankeak utzi zituzten eta aurrera egin zuten, herrixka inguratuz.

            Smirnov kapitainak mendebaldera eraman zituen bere gizonak, herrixka inguratu eta borrokagunea atzean utzi ondoren. Berton zulatzaileek defentsa eta euspenerako gune berri bat eraiki behar zuten, jarraitzen zieten tankeek, tiratzaileek eta infanteria motorizatuak herrixkako etsaiak blokeatzen eta ezereztatzen zituzten bitartean.

            Smirnovek berarekin joateko agindu zion Ivan Toloknori, lan eremua ezartzeko asmoz.

            Goizaldeko argitzalean neguko zelai errusiar bat hedatzen zen beraien aurrean, ataken makurgune ilunek estalirik.

            Smirnov kapitainak amildegiko mazela irispidean izateko lubaki-lerroan irteera bat eraiki nahi zuen babeslekuaren ondoan, lehen lubakia amildegiko irtengunean bertan eginez. Baina Toloknok lubakiak pixka bat aurrerago hastea gomendatu zuen, zuhaixka txiki bat hazten zen zelaian, sasiak tropen bizkar egon zitezen: baliagarria izan zitekeen borrokalarientzat. Kapitaina ados egon zen kalkulu burutsu honekin.

            Toloknok bigarren babeslekua atakako ahoan bertan eraikitzea pentsatu zuen, mendixkan bi atakaren arteko bazka guztiak bizkar edukitzeko.

            — Baina zer nahi duzu Tolokno? Abereak larratzera etorri al gara? Nekazariak al gara? —haserretu zen buruzagia.

            — Badaezpada esan dut —onartu zuen Toloknok—. Ez gara nekazariak, soldaduak baizik, nolabait denetatik dugu ostera...

            — Tira, dei ezazu jendea! —esan zuen kapitainak.

            Zulatzaileak lurrean lan egiten hasi ziren: ohizko zeregina zen. Lur-urraketa gogorarazten zien eta borrokalariei arima lasaitzen zitzaien: lurrean barruago eta beroago eta lasaiago.

            Goizaldean borrokaldiaren kexkatuxea zegoen oraindik abangoardiako taldea iristen ez zelako, borrokaldiaren egitasmoa apurtuz. Zaingoa indartzea erabaki zuen eta beste bost borrokalari bidali zituen zaintza tokietara aurretiaz izendatu zituenez gain. Beraien artean Ivan Tolokno zihoan. "Bidenabar atseden dadila", erabaki zuen pelotoiburuak.

            Toloknok para garbitu zuen elurrean, automatikoa hartu zuen besazpian, granadak ordenatu zituen gerrikoan eta eguzkiaren sartalderantz ibiltzeari ekin zion. Komandanteak norabidea eta distantzia adierazi zizkion eta laster Tolokno hurbileko mendixka atzean galdu zen.

            Etsaiengana hurbiltzen zen, une horretan herrixka errusiar batean hiltzen ari ziren soldaduak laguntzera bazetozen ikusten lehena izateko. Tolokno pinu erre, hil, baten enbor bakartiraino heldu zen, eta hantxe gelditu zen eta bere inguruan begiratu zuen: dena garbia eta hutsik zegoen, baso gutxi dagoen edozein errusiar lautadatan bezala. Pinu hilaren oinarritik beheraldia hasten zen urak zulatutako bitarte handi baterantz, eta beste aldean lurra berriro altxatzen zen.

            Zulatzaileak ixiltasun hartan erretzeko gogoa senti zuen, lehenago aurrerantz begiratu zuen aldiz. Ez zegoen haizerik, baina urrun zerbaiten hotsa aditzen zen airean.

            Bitarte atzetik gurutze zuridun tanke burrunbatsu bat irten zen, eta pinu soil eta gizonarenganantz abiatu zen.

            Ivan Toloknok borrokagurdia begiratu zuen eta bere ezbeharra sentitu zuen, lehenbizikoz bere buruarekiko gupidak bihotzean jo zion. Bere bizitza guztia lanean eman zuen eta porrot eginda zegoen, baina orain, faxistak haren aurka tiroka ari ziren beren kanoiez; orain madarikatuek langile bat hil nahi zuten, Ivanen oroitzapena bera betirako ahanzturan desager zedin, gizon hau munduan bizi ez bailitzan.

            — Ez! —esan zuen Ivan Toloknok—. Ez naiz hilko, ezin dezaket utz nahastea hemen, gu gabe ezin dute bizi munduan.

            Tanketik metrailagailuaren tiroketaren distira irten zen. Tolokno zuhaitz enborraren atzean etzan zen eta bere fusil automatikoaz erantzun zuen tankearen zirrikitu eta ikusguneen aurka.

            Makina, aurrez aurre, zuhaitzerantz aitzinatu zen eta zapaldu egin zuen. Pinuak kirrika egin zuen bere sustraiekin batera eta gorputzeko urdintasuna zatiturik zeukan zulatzailea harriturik utzi zuen. Tolokno erortzen ari zen zuhaitzetik aldendu zen eta enborraren eta elurra lur beltza atera arte murtxikatzen zuen tankearen orugaren artean zegoela ikusi zuen.

            Argitasuna ikusi zuen bere gainean: tankearen orugen azpian zetzan gizona eta ebakitako enborra ukitu gabe iragana zela esan nahi zuen honek.

            Astirik galdu gabe, Ivan Tolokno tankearen atzetik abiatu zen lasterka eskuan granada bat zeramala, ertz bati eutsi zion eta pixka batera leku ziurrean zegoen, etsaien dorretxoaren gainean.

            Tankeak ixilpean jarraitzen zuen, tiro egin gabe, etorritako norabide beretik. Ivanentzat hau ona zen eta bidea komenigarri zitzaion, makina preso hartu edo, zulatzaile lankorren aurka tiroka hasten itzultzeko bira eginez gero, granadaz leherraraztea erabaki zuen. "Beraien aztertzaile bat omen da, beharbada hor-hemenka dabil edo beretarrak lagundu nahi ditu bakarrik. Tanke hau tiro egiteko eta zapaltzeko egin zuten, baina gainean bere nagusia darama, berea ez den zulatzaile bat". Lasterrera, beste soldadu gorri batzuk tanke gainera jauzi egin zuten, ixilpean eta bat-batean. Beharbada borrokalari jagoleetarikoak ziren edo beharbada aztertzaileak. Alemaniarrek makina geldiarazi zuten, gero beretarrenganantz biratzen saiatu ziren, baina Toloknok bere granadez leherrarazteko tankea geldiaraztea erabaki zuenean alemaniarrek aurreko norabidetik jo zuten berriro. Tolokno lasaitu zen. "Ergela da, baina ulertzen du: bizi nahi du", pentsatu zuen.

            Tankea eta tripulazioa trofeoak biltzeaz arduratzen zen komandoari eman ondoren, bere pelotoian buruzagiak agintarien eskerrona adierazi zion eta besarkatu egin zuen, bitartean sukaldariak hurrengoa zioela:

            — Ez zinela itzuliko uste genuen!

            — Ez —erantzun zuen Ivan Toloknok—, zuekin egongo naiz beti, gorde iezadazu beti janaria!

 

EGUZKIAREN SARTALDERANTZ
Andrei Platonov

Hegats-3,1990
euskaratzailea: Karlos Santisteban
armiarma.eus, 2026