ILE LUZEAREN AURKA
Pier Paolo Pasolini

Contra i capelli lunghi
1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      Pragan ikusi nituen aurrenekoz tximaluzeak. Ostatuz nengoen hoteleko ezkaratzean atzerritar bi sartu ziren, bizkarrerainoko tximadun. Ezkaratza gurutzatu zuten, eta bazter urrun samar bateraino iritsitakoan mahaira jesarri ziren. Ordu erdiren bat eman zuten hantxe jesarririk, bezeroak beha zeuzkatela, ni barne; gero alde egiten zuten. Hala ezkaratzean multzo eginez zegoen jendearen artean iragan zirelarik nola bazter urrun hartan jesarrita zeudelarik, ez zioten elkarri berbarik egin (baliteke —gogoan ez daukadan arren— ahapetik jardutea; baina, nik uste, adieraztasunik gabeko jarduna izango zen, guztiz praktikoa, horrelako zer edo zer).

      Izan ere, egoera bitxi hartan —publikoa zeharo soziala eta, esango nuke, ofiziala izaki— ez zuten berba egin beharrik izan. Haien isiltasuna guztiz funtzionala zen. Eta halaxe zen, besterik gabe, soberakina zitzaielako berba. Baiki, biek ere, une hartan senide zituzten behatzaileekin komunikatzeko, berbek osatzen dutena ez beste hizkera zerabilten.

      Berbazko hizkera tradizionala ordezkatu eta soberakin bihurtzen zuena —eta berehala kokatzen zen «zeinuen eremu» zabalean, semiologiaren esparruan— haien ilearen hizkera zen.

      Zeinu bakarra zen —kasu eman bizkarrerainoko ileen luzeari—, hartan zeuden hizkera artikulatu baten zeinu posible guztiak. Zein ote zen hizkera isil eta fisiko huts honen zentzua?

      Hauxe zen:

      «Gu Tximaluze bana gara. Egunotan azaltzen ari den giza maila berrikoak gaituzue, Estatu Batuak ditu erdigune eta probintzietan (hemen adibidez, Pragan bereziki) ez duzue ezagutzen. Beraz, gu Agermen bat gara zuentzat. Gure apostolutza egiten dugu, guztiz bete eta errealizatzen gaituen jakinduriaz harro. Ez daukagu zer erantsirik berbaz eta arrazoiz gure ileak fisikoki eta ontologikoki dioenari. Betetzen gaituen jakinduria, zuena ere izango da, gure apostolutzari esker, halako batean. Oraingoz Berritasuna da, Berritasun handia, traizionatuko ez dugun itxaropen bat sortzen ari dena munduan, eskandaluarekin batera. Ongi egiten dute burgesek gorrotoz eta izuz behatzen digutenean, gure ilearen luzea zertzen duen horrek osoro baititu ukatzen. Baina ez gaitzazuela hezitxarreko eta basatitzat har: jabetzen gara daukagun erantzukizunaz. Guk ez dizuegu behatzen, gu geurera gatoz. Egizue zuek ere horrela, eta zaudete Gertakarien zain».

      Komunikazio horixe jaso nuen, eta gauza izan nintzen bat-batera deskodetzeko: lexikorik, gramatikarik eta sintaxirik gabeko hizkera hura erraz ikasten ahal zen, besteak beste, semiologikoki hitz eginez, gizakiek beti erabil lezaketen «presentzia fisikoaren hizkera» delakoen aldaera bat besterik ez baitzen.

      Ulertu nuen, eta antipatia sakon bat hartu nien haiei biei.

      Geroago antipatia irentsi eta tximaluzeak defendatu egin behar izan nituen poliziaren eta faxisten erasoetatik. Printzipioz egin nuen, naturaltasunez, Living Theatreren alde jarri nintzen, beatsen alde, e.a., eta haien alde egotera eragiten ninduen printzipioa printzipio ezin demokratikoagoa zen.

      Tximaluzeak polito ugaritu ziren, lehen kristauak bezala, baina misterioski isilak jarraitu zuten izaten; ile luzea zuten abantaila bakar eta egiazkoa, eta axola gutxi zuten besterik ezer gehitzeko. Haien hizkerak bat egiten zuen beren izatearekin. Esanezintasuna zen beren protestaren ars retorica.

      Zer zioten tximaluzeek, ilearen zeinu monolitikoa zuten hizkera ahoskatu gabean, 1966-67 urteetan?

      Hauxe zioten:

      «Nazka ematen digu kontsumo gizarteak. Errotik egiten dugu protesta. Gizarte horren antigorputza sortzen dugu, ukoaren bitartez. Dena ezin hobeto omen zihoan beraz? Integratuen belaunaldia izan behar zuela gure belaunaldiak? Gauzak, bada, honela daude. Guk eromena kontrajartzen diogu executives nahi gaituen patuari. Balio erlijioso berriak sortzen ditugu entropia burgesean, arazorik gabeko laikoa eta hedonista bihurtzen ari zenean hain zuzen. Garrasi eta bortizkeria iraultzailean (ez-bortitzen bortizkerian!) egiten dugu hori dena, zuen gizarteari egiten diogun kritika guztizkoa eta errukibakoa delako».

      Ez dut uste gauza izango zirenik, berbazko hizkera tradizionalean galdegin izan baliete, tximaren kontua horren era artikulatuan adierazteko; horixe zen ordea, funtsean, adierazten zutena. Susmo hartua nengoen haien zeinu sistema boterearen azpikultura bati gogor egiten zion protestaren azpikultura baten emaitza zela, eta haien iraultza ez-marxista susmagarria zela, baina aldeko izan ninduten puska batean, neure ideologiaren osagarri anarkistan onartu nituen.

      Ile horren hizkerak, esanezinez izan arren, Ezkerreko «gauzak» adierazten zituen. Apika mundu burgesaren barruan sortutako Ezker Berriarenak (Botere partikular eta historikoen kontzientziatik at, Burgesiaren patua erregulatzen duen Buruak, nork daki, artifizialki sortutako dialektika batekin).

      Heldu zen 1968. Ikasle Mugimenduak irentsi egin zituen bandera gorriekin barrikadetan inarrosi ziren tximaluzeak. Haien hizkerak gero eta Ezkerreko gauza gehiago adierazten zuen (Che Guevara tximaluzea zen, e.a.).

      1969an —Milanoko sarraskiarekin, mafiarekin, Greziako koronelen mezulariekin, ministroen konplizitatearekin, sare beltzarekin, probokatzaileekin— izugarri ugaritu ziren tximaluzeak. Kopuruz oraindik gehiengoa ez ziren arren, halaxe ziren hartua zeukaten zama ideologikoaz. Jadanik tximaluzeak ez ziren isilak, ez zuten beren ilearen zeinu sisteman ordezkatzen komunikatzeko eta adierazteko ahalmena. Aitzitik, ilearen presentzia fisikoa, nolabait, funtzio bereizgarri batera murriztu zen. Berbazko hizkera arrazionalaren erabilera nagusitu zen ostera haien artean. Ez dut berbazko hizkera aipatze alde aipatzen. Azpimarratu egiten dut. Hainbeste egin zen berba 68tik 70ra, hainbeste non puska batean mintzatzeari utzi ahal izan zitzaion: berba egiteak gainez egin zuen eta berbajarioa izan zen iraultzaren ars retorika (ezkerkeria, marxismoaren berba eritasuna!).

      Nahiz eta —ber-hurrupatua berbaren furian— ileak ez zeukan ordurako bere kasako hizkerarik hartzaile harrituen aurrean, oraindik ere zorroztu ahal izan nituen deskodetzeko neuzkan dohainak eta, zalapartaren erdian belarri eman nion gero eta luzeagoa zen, nabarmen etenik gabea, ilearen arrazoiketa isilari.

      Zer zioen orduan? Hauxe:

      «Bai, egia da, Ezkerreko gauzak esaten ditugu; gure zentzumena —berba-mezuen euskarri hutsa— Ezkerreko zentzumena da... Baina... Baina...».

      Horretantxe amaitzen zen ile luzeen jarduna: nik neuk osatu behar nuen. «Baina» harekin gauza bi esan nahi zuten noski:

      «1. Gure esanezina gero eta irrazionalagoa eta pragmatikoagoa da; ekintzari isilean ematen diogun lehentasuna azpikultura mailakoa da eta, beraz, eskuinekoa sustraian.

      2. Berbazko iraultzaileekin nahasten diren probokatzaile faxistek ere onartu gaituzte (berbakeriak ere jo lezake ekintzara, bereziki ekintza mitifikatzen badu), eta mozorro perfektua gara, ez bakarrik alderdi fisikoan —gure joan-etorri eta inarroste desordenatuak berdintzera ekartzen ditu aurpegi guztiak—, baita kulturaren arloan ere, Eskuineko azpikultura Ezkerreko azpikulturatzat har bailiteke arazorik gabe».

      Konprenitu nuen, azkenik, ile luzearen hizkerak ez zuela jadanik Ezkerreko «gauzarik» adierazten, baizik eta zentzubiko zer edo zer, Ezker-Eskuina, probokatzaileen presentzia bideratzen zuena.

      Orain hamar urte, pentsatzen nuen nik, gure artean, aurreko belaunaldian, probokatzaile bat egotea kasik sinetsi ezinekoa zen (non eta ez zen gaitzeko aktorea), haren azpikultura nabarmendu egingo zatekeelako, baita fisikoki ere, gure kulturaren ondoan. Begian, sudurrean, ilearen mozketan ezagutuko genukeen! Mozorroa kenduko genion brastada batean, eta merezia zuen lezioa emango geniokeen! Gaur ez da posible. Inork ez luke bereiziko munduan iraultzailea probokatzailetik itxura fisikoan. Eskuina eta Ezkerra bat egin dira fisikoki.

      Iritsi ginen 1972ra.

      Irailean Ispahan hiritxoan nengoen, Pertsiaren bihotzean. Herri azpigaratua Pertsia, zabarki esaten den gisan, baina hala berean, hau ere zabarki esaten den gisan, abiatzen hasia.

      Orain hamar urteko Ispahan haren gainean —munduko hiririk ederrenetarikoa,  ederrena ez bada—, Ispahan berri bat sortu da, modernoa eta itsusia ezin gehiagoan. Baina kale haietan, lanean ari zirela edo ostera bat egiten, ilunabarrean, orain hamar urte Italian ikusten ahal ziren mutilak ikusten nituen: seme duin eta apalak, beren lepondo ederrekin, beren aurpegi garbi ederrekin gandor zut eta inozenteren azpian. Eta non gau batez, kale nagusian nindoala, antzinako mutil haien artean, antzinako giza duintasuna zeramaten mutil nahi adina eder horien artean, izaki mustros bi atzeman nituen: ez ziren benetako tximaluzeak, baina ilea europarren gisan zeramaten moztua, atzera luze, kopetara labur, iztupa iduri orraztearen orraztez, aurpegiaren inguruan artifizialki itsatsia, kalpar txiki higuingarri bana belarri gainetan.

      Zer esan nahi ote zuen ile mozkera hark? Hauxe:

      «Ez, gu ez gara gosekil,  azpigaratu txiro, barbaroen garaian geratutako hauen multzokoak! Bankuko enplegatuak gara, ikasleak, petrolio enpresetan lan egiten duten guraso aberatsen umeak; ezagutzen dugu Europa, irakurriak gara. Burgesak gara gu, hona gure ile luzeak pribilegiatuen nazioarteko modernotasuna aldarrikatzen!».

      Ile luze honek, beraz, Eskuineko «gauzak» adierazten zituen.

      Bete da zikloa. Boterean den azpikulturak irentsi egin du oposizioan den azpikultura, eta bere egin du: deabruzko trebetasunez, berbaren adiera klasikoan zehazki faxista izenda ez litekeen moda bihurtu duen arren, azpikultura hori bada, ordea, «ertzerainoko eskuin» erreal betekoa.

      Samin behar dut amaitu. Ikonografia anker bateko puta zaharrak bezala zatartuz, aurpegian, fisonomietan ipintzen dituzten mozorro nardagarriek gazteok beti berba hutsez kondenatu izan dutena arrasortzen dute, objektiboki: agerira datoz berriro abade, epaile, militar, sasi-anarkista, enplegatu bufoi, Azzeccagarbugli*, Don Ferrante**, mertzenario, nahastari, gogozuzen harroen aurpegi zaharrak. Gurasoen aurka —aurreko kultura eta eboluzioan doan historia diren horien aurka—  eman duten kondena errotikako eta bereizkuntzarik gabekoak gaindiezineko barrera jaso du, gurasoekiko harreman dialektikoa eragotziz. Harreman dialektiko horren bitartez —dramatikoa eta azken ertzerainokoa balitz ere— eduki ahal izango zuketen beren buruaren kontzientzia, eta aitzina egin ahal izango zuketen, gurasoak «gaindituz». Alabaina, entzerratu diren isolamenduak —aparteko mundu batean bezala, gazteriarentzat gordetako ghettoan— beren errealitate historiko mugigaitzean eduki ditu, ondorioz —eta ondikotz— etorri den atzeramenduarekin. Egia esan, gurasoek baino atzerago egin dute, izuak eta konformismoak sortuz arima barruan, eta betirako gaindituak uste genituen miseriak eta konbentzionalismoak itxura fisikoan.

      Orain, ile luzeak, bere hizkera ahoskagaitzean, bere berbabako zeinutan amorratua, bere ikonotasun harroputzean, telebistako eta publizitate iragarkien «gauzak» esaten ditu, noiz eta pentsa ezinekoa denean ilea luze ez daukan gazterik; gaur egun, eskandalagarria izango litzaioke botereari.

      Itzeleko eta zinezko desplazera ematen dit esan beharrak (areago, etsipen gorria da): milaka, ehun milaka italiar gazteren aurpegiek gero eta Merlinoren*** aurpegiaren antza handiagoa daukate. Jadanik ezin dute defendatu ilea nahi duten eran eramateko askatasuna, honez gero ez delako askatasuna. Heldu da ordua gazteei esateko zatarra dela darabilten orrazkera, arrunkeriazkoa eta menpekeriazkoa delako. Areago, heldu da ordua gazteak berak ohar daitezen eta libera daitezen saldoaren ordena laidogarriari egokitzeko desira errudun horretatik.

 

 

*Alessandro Manzoniren Promessi Sposi nobela historikoan azaltzen den abokatua, bizkarroi hutsa, zurikeriatan aditua, Azzeccagarbugli hori.

**Manzoniren obra bereko pertsonaia dugu Don Ferrante. Irakurle amorratu eta kaotikoa, doktrina hutsalen eta logika formalaren biktima izango da, zentzumena erabiltzen ez dakienez.

***Mario Michele Merlino ilea eta bizarra luze ezkerreko itxura hartuta 1968tik aurrera sortutako ezkerreko eta anarkistetako taldeetan infiltratu zen militante faxista da. Agente probokatzailea, Milanoko Piazza Fontanako sarraskian esku hartu zuelako susmopean atxilotua, libre eta zuriturik utzi zuten laster. Hain zuri, ile eta bizar jardun ahal izan du luze Italiako eta Espainiako jardunaldi faxistetan, berunezko urteetako aditu gisa.

 

ILE LUZEAREN AURKA
Pier Paolo Pasolini

Contra i capelli lunghi
1973
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015