AUBADE
Alvin Pang

Aubade
euskaratzailea:Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

“ Maitea, zure eskuen isiltasunaren beldur naiz.”

Mahmoud Darwish

 

Gauean, ene bihotz, basoa hoztu egin da

eta hosto bakoitza dardaraz dago badakielako noizbait eroriko dena,

hori eta astigar-gorri eta malba koloreko hotzikarak, udak hilzorian den gorria oroitarazten du.

Oinez noalarik, ibaiak nire oin marka arinenak daramatza, nire gorputza

haizekirri zorrotzean oreka mantenduz doa. Urertz aldenduan

utzi behar izan zintudan, kanaberen landaretza ernetzen zela ohartu,

begi baten iridiszentzia finkatu gabea. Nola bananduko garen

goizak daki bakarrik eta ihintzak dagoeneko esan du.

Bihar etzi ohartuko gara mingaina gure isiltasunez gogoratzen dela

edo gaueko intzirien hiztegitik hitzak eskatuko dituela maileguan.

Minak hitz berriak erakutsiko dizkizu

eta erantzungo dizut, huts, danbor soinu eta oihartzunekin,

isilka itxitako oinatz eta ateek, inoiz ez dizutela begiratzen

ez direla bueltatuko. Hitzok jartzen ditut loaren kutxan,

loa etorri aurretik. Lur ematea eta odolaren aurretik.

 

AUBADE
Alvin Pang

Aubade
euskaratzailea:Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015