TXORIEN SALMOA ETA URTEBETETZEAK
Alvin Pang

Psalm of bird and birthdays
euskaratzailea:Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

Txori txiki bat daroazu bularraldean.

Zuk bularra hartu duzun horrek badakizu

zer den bigarren hegodun bihotz bat zaintzea,

zure gorputzak beste batentzat lekua egitea

munduko gauzarik arruntena balitz bezala

 

orain zabaldu zure esku ziurra leunki bere hegoan;

erruki keinu bat, otoitza legez, desira

zalantzati batetik aske, kumeak izua ezagutzen du

baita etorriko dena ere, hodeirik gabeko eguna

zurrumurruek diotenez. Hau da itxaropena:

 

begia eremu estutik harago finkatzen da

txoriaren orpo ahula ez da haragi hau baino

euskarri firmeagoan pausatu,

beherantz astindu ditu hegoak konfiantzan

ni, aita ahul bat, aingeruak lurreratzeko

hizkuntza eta inozentzia faltan. Neuk ere behin aurkitu nuen eroritako txori-kume bat.

 

bere guraso esperientzia gabeek, azkenean

ezin izan zuten aurreko eguneko ekaitza jasan ahal izan, itsu

joka eta atzaparka, inurriak bazkara zetozen

emeki jaso nuen, hostoek estalia zegoen itzalean.

zer zen egin behar nuena, hil-beila prestatu edo isiltasunean utzi?

nire lau urteko alabak badaki, koloretako arrainak zerura doazela

doazenean, baina batez ere ez datozela bueltan. Nire besotik lotu

eta ez hiltzeko eskatu dit, etengabe maitatzeko gai den

bere bihotz sendoak. Zer egin behar dugu mundu honetan gure denbora irabazi ahal izateko?

 

TXORIEN SALMOA ETA URTEBETETZEAK
Alvin Pang

Psalm of bird and birthdays
euskaratzailea:Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015