AMESGAIZTOEN AUTOBUSA
Nahwan Darwix

andreasetagudrun, 2012
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2021

 

Nire izebak plastikozko poltsa beltzetan sartzen ikusi ditut

poltsen izkinetan odol beroa biltzen zen

(baina ez dauka izebarik)

banekien Nataxa hila zutela, nire hiru urteko alaba

(baina ez daukat alabarik)

esan didate nire andrea bortxatu zutela bere gorputza

[eskaileretatik behera bota eta karrikan utzi aurretik

(baina ez nago ezkonduta)

ziur naiz nireak direla haien boten pean hautsi dituztenak

(baina ez daramat betaurrekorik)

………………………………………….

………………………………………….

Nire gurasoen etxean lo egiten nuen eta maitearen etxearekin

egiten nuen amets. Jaikitzean

nire nebak ikusi ditut

urkatuta

Berpizkundearen elizako teilatutik.

Gupidagatik, Jainkoak esaten zuen: nire neure mina da.

Argitzailearen harrokeria jasotzen nuen eta nioen: geurea da bereziki!

………………………………………….

………………………………………….

Minak argia ematen du eta nire amesgaiztoak baino gertukoagoa egiten zait.

………………………………………….

………………………………………….

Ez dut iparraldera alde egingo

o Jainko

ez nazazu konta babesleku bila dabiltzanak zenbatzean.

 

–beranduago jarraituko dugu kontaketa horiekin–

 

Orain lotara joan behar naiz:

ez dut berandu heldu nahi Sabra eta Xatilara doan amesgaiztoen autobusera…

 

AMESGAIZTOEN AUTOBUSA
Nahwan Darwix

andreasetagudrun, 2012
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2021