BEHIN IKUSI ZAITUT BUSEAN
Walid Xeikh

andreasetagudrun, 2012
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2021

 

Seriotasunez sartu naiz autobusean eta ez diot inori irribarre egin. Bat-batean

igo zintezke. Lehen unean zu ikusteko prest egon behar naiz.

Zure poltsa eror daiteke

honakoan.

 

Jendeak zure gauzak jasotzen lagunduko lizuke,

bada ezpada, satina daukazu poltsan,

ile finarentzako euskarriak, ile beltz eta astunarentzako guraizeak,

ezpainetarako marroia, eta agian idazkera mikroskopikoan

     erredaktatutako alderdiaren manifestua izan daitekeen liburu bat,

edo agian eleberri bat zeinaren izenburuak bizitzaren mikaztasuna islatzen duen

zentzu ezberdinetan, adibidez: Maitasuna koleraren garaian!

edo gida bat zeinetan notatzen dituzun urruneko

     hiriburuetan dituzun ezagunen zenbakiak.

 

Zure praka ere marroia da,

zuregan dena da gutxi gora behera marroia,

egiatan, udazkenaren antza duzu

eta hori maite dut.

 

Duela bi urte eta erdi autobusean ikusi zintudan behin

eta ez zaitut berriz ere ikusi.

 

BEHIN IKUSI ZAITUT BUSEAN
Walid Xeikh

andreasetagudrun, 2012
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2021