ETORRI GARA BAINA LEKUA JADA EZ ZEGOEN BERTAN
Zuheir Abi Xaieb

andreasetagudrun, 2012
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2021

 

Ez duzue lurrik utzi guk gainean amets egiteko

utziguzue zerua haren ordez ikus dezagun

utziguzue lehenaldia dagoen bezala

beste leku batean

oraindik heldu ez den lehenaldia

utziguzue lilura

basamortua zeharka dezagun Jainkoarenganaino

basamortua ikas dezagun

argi dirdira

eta nostalgia.

 

Etorri gara baina lekua jada ez zegoen bertan

mendietan zintzilikatu ditugu etxeak

aiton-amonen arimak balira bezala

eta ohitu gara iragaten den denborara.

 

Arin etorri gara

agian gaua delako

area

huts ezjakina

non baliteke

gu geu izan nahian etorri garela gu geu

edo ametsetan ahazturik gelditzeko

edo Historiari esateko:

hartu gure izenetatik nahi duzuna

eta utziguzu dirdira pixka bat ikusi ahal izateko

zenbat palmondo

zenbat amets

zenbat basamortu daude guregan.

 

ETORRI GARA BAINA LEKUA JADA EZ ZEGOEN BERTAN
Zuheir Abi Xaieb

andreasetagudrun, 2012
euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2021