DULCE ET DECORUM EST
Wilfred Owen

euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2014

 

Zakupean babestutako eskale zaharren gisa,

estropezuka, agureen antzera eztulka,

basatzak zeharkatu eta akiturik, bengalak atzean utzita,

urrunerantz abiatu ginen.

Erdi lotan.

Batzuk, botarik gabe,

odoletan blai,

itsu eta herren,

gure atzean erortzen ziren obusei gor.

 

"Gasa, gasa, adi denok!"

Baldarki jantzi genituen maskarak sasoiz.

Baina bat orroaz ari zen oraindik eta

su hartu balu legez inarrosten zen.

Bisoretik begira, behelaino berdean zehar,

itsasoan urperaturik legez, itotzen ari zela ohartu nintzen.

 

Ametsero, ahalke,

laguntza eske dakusat, hilzorian.

 

Zuk zeuk ere, ametsetan,

jaurti genuen gurdiaren atzetik oinez zoazela,

haren begiak zimeltzen,

deabru akituaren haren aurpegi eroria ikusiko bazenu:

zuk zeuk ere entzungo bazenu

haren birika gaixotik, eztul bakoitzeko, odola ahotik borborka,

minbizia bezain lizun,

hizkuntza errugabeetako zauri sendaezinen gonbitoak bezain mikatz.

Lagun, ez zenieke ospe eta loria egarriz dagozen mutikoei

horren sutsuki gezur zahar hura sinetsaraziko: Dulce et decorum est

pro patria mori.

 

DULCE ET DECORUM EST
Wilfred Owen

euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2014