ENKONTRU BITXIA
Wilfred Owen

euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2014

 

Borrokalditik titanen eskuek haitzetan aspaldi zulatutako

tunel sakon batetik ihes egin izana amesten nuen.

 

Baina bertan, bata besteari atxikirik,

esnatu gura ez nituen lotiak zeuden, intzirika.

Gero, berba egin eta bat-batean, zutundu egin zen:

begi errukarriak nigan iltzaturik,

eskua goratzen zuen opari bat egin gura balit legez.

Haren irribarrean ezagutu nuen leku gozakaitz hura,

heriotzazko imintzioetan igarri nuen Infernua zela.

 

Min izugarriak atsekabetzen zuen aurpegi hura,

nahiz eta ez zen lurrak iragaziko zuen odolik

ez iskiluen dunbotsik

ez obusen auhenik.

"Adiskidea —esan nion— hemen ez dago negar egiteko arrazoirik"

"Bakarra ere ez —erantzun zidan— ez bada iragandako denbora

eta itxaropenik eza. Zurea izan zen edozein

neurea ere izan zen noizbait: munduan zenik eta edertasunik handiena

bilatu nuen tairik gabe eta

ez dago begi bareetan, ezta txirikordetan,

orduen joanari iseka egiten dion eta munduan den ezerk

osatzen ez duen zaurian baino.

Ezen nire alaitasunagatik irri egin dute gizonek

eta nire negar ilunetik orain hil egin behar duen

zerbaitek biziraun baitu: esan gabeko egiak, gerlaren malurak.

Orain, gizon asko poztu egingo dira xahutu genuenarengatik edo

haserre, alferrik isuriko dute.

Tigre emearen larritasun basatiz iragango dira.

Inork ez ditu gudalerroak utziko, atzera egiteko bada ere.

Mina bilatu nuen, baina misterioa kausitu.

Jakituria bilatu nuen, baina menpekotasuna kausitu:

mundu honen arnasa galdu nuen harresirik gabeko

gotorleku ezdeusetarako atzerabidean.

Gerora, tankeak odoletan kateatuko balira,

gurpilak ur gozotan garbituko nituzke,

are egia sakonegietan,

eta ene espiritua askatuko nuke,

galgarik gabe, inor zauritu gabe,

gerla amaitutakoan.

Badira zauririk gabe odola isuri duten gizonak.

 

"Neu naiz, ene lagun, hil zenuen hura.

Ilunpean ere ezagutu zintudan, baioneta sartu zenidaneko

keinu berbera baitzenuen.

Saihesten ahalegindu nintzen,

ostera, eskuak izozturik eta lokarturik nituen.

Orain, goazen ba, lotara…"

 

ENKONTRU BITXIA
Wilfred Owen

euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2014