SORAIOKERIA
Wilfred Owen

euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2014

 

I

 

Zoriontsu dira

erori aurretik

zainetako odolari

izozten uzten dioten gizonak,

errukiak ez hunkitu ez hildako kideen

gorpuek asfaltatzen dituzten bideetan

ez daroatzanak.

Frontea lekuz aldatzen da,

baina eurak badoazen gudarosteak dira,

ez poetaren negarrerako loreak.

Gizonak dira, hutsunea baino ez,

luzaroagoan borroka zezaketen hildakoak.

Ez die inori ardura.

 

II

 

Batzuk ez dira sentitzeko gai

eta ez dute euren burua ere sentitzen.

Bonben zori eta zalantzaren emaitza

lozorro eta axolagabekeria dira

eta patuaren aritmetika arrotza

errua baino aitzakia merkeagoa da.

Inork ez du kontuan gudarosteen sarraskia.

 

III

 

Zorionekoak irudimena galdu dutenak:

munizioa gordetzeko gai dira

eta hori ez da gutxi.

Beraien espirituak ez daroa fardelik,

hotzak baino ez dizkie aspaldiko zauriak berpizten.

Dena gorri ikusi ostean,

begiak atsekabetik eta odolaren esturatik salbu dituzte betiko.

Beldurraren irriketatik ere salbu,

bihotza mehaztu egiten zaie.

Beraien zentzumenek,

aspaldi kauterizatutako haragi bizia bailiran,

barre egin dezakete hilzorian daudenen artean, izukaitz.

 

 

IV

 

Zoriontsua da

gizon batzuek nonbait erasoari ekin eta

hasperenak lurperatzen dituztela jakin barik

etxera itzultzen den soldadua.

Zorionekoa gerrarako eskolatu ez zuten mutikoa.

Ahanztura, ez gomuta, merezi du haren iraganak

eta pozarren abesten doa

gu egunetik gauera doan bide hits bihozgabetik

pentsakor goazen bitartean.

 

V

 

Pentsamendu bakarrarekin

gure arimetan odol zikina isurtzen dugunok,

zelan so egin gure jardunari

ez bada haren begi zintzo eta gaitzespen bakoetan?

Bizirik, ez da erabat bizigai,

Hiltzen ari delarik, ez da guztiz hilkor

ez hits, ez harro

ezta kuxkuxero ere.

Ez ditu gizon zaharraren lasaitasuna

eta berea bereizten.

 

VI

 

Madarikatua kanoikadek durduzatzen ez dutena,

harrialakoa izango baita.

Izan bedi zeken eta goibela bere miserian

arrunta izan ez dena:

nahita erabaki zuten errukiari eta

gizonari negarra eragiten dion

ororen aurrean minbako agertzea,

azken itsasoaren eta izar goibelen aurrean,

minbako agertzea itsasertzok zotinka abandonatzen dituztenen aurrean

eta malkoen joan-etorri eternal honetan parte hartzen duten guztien aurrean.

 

SORAIOKERIA
Wilfred Owen

euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2014