ANHIMAHARUAREN ADIOAK
Henri Michaux

euskaratzailea: Itxaro Borda
armiarma.eus, 2018

 

Mundu kontrarioen lo-asman ibili naiz. Ehun bide eta bi amaitze.

Han hemen nire bidaiak. Bakea beraien ondarkinetan!

 

Aita eta sobera aita. Hamabi seme. Egitura zailtzen doa. Zalditik jaisten naiz. Asto batera beharra naiz.

 

Bestak itzal egiten dit. Besteen hitzak izotz bihurtzen zaizkit. Arrosagan min dut, baina urtegian daukat goren-gorena, nik.

 

Hutsuneekiko burua, argirik ez kopetan, arima agortua. Ehun dolore puntu, puntu on soilarentzat, eta tapa itxia memoria, baina etxeko jainkoarekin paseatzen naiz.

 

Nire zangoa izerdi eta usteltzen ari da: Denborak miseriak egiten dizkit. Lerro okerra irabazi dut, hertsatzen doan bidea. Ibai Handiko dragoiak aiduru ditut. Baina ez dago erabat uherrean, bere nakara ur uherrean egiten ikasi duena.

 

Ikasi dut, ahantzi dut. Irakatsi didate hamar zutoi etsaiak ezagutzen. Ez dut gehiago etsai bakar bat zehazten. Bukatzen dut, atsedenaren ontzi-zain.

 

Ez da begiradarik arku lehertuekiko zubiekiko bidean. Inta zabal baten ingurua eginik, ba nator. Ez naiz jaitsiko harriztatzera. Arerio erraldoiaren apiriku-azpian nire zeinuak ozen araziz, ba nator.

 

Ez zaitezte atsekabetu. Gau-ainara borobil hegalariek inguratzen naute, hertsatzen naute, baina nire sokak urrunera hedatzen ditut.

Keinu hori egin dut jada. Ezagutu dut une hori. Bizitza galdu dut ehun bider.

 

Aski. Munduetan barna bihar abiatzeko badut pasaporte. 

 

ANHIMAHARUAREN ADIOAK
Henri Michaux

euskaratzailea: Itxaro Borda
armiarma.eus, 2018