SARABANDA
Carson McCullers

Saraband
euskaratzailea: Izaskun Etxebeste Zubizarreta
armiarma.eus, 2026

 

Aukera itzazu penak ahal baduzu,

orraztu ironiak, are nahigabetu maleziaz.

Egokitu zaitez mundu zatitu batera

eskatzen diena zure zentzumen zintzoei engainu labirintikoetara ekartzeko

azokako mutil ile-zikin zarpatsuari

alkimia naturalak ematen dion

Apoloren distira edo Hiazinto Ederraren begirada mitikoa.

Apirileko parkea gurutzatu behar baduzu, bizkor ibili:

saihestu arratseko kadentzia eta urruneko begiradak

segurtasunerako arriskutzat har ez zaitzaten

ez ezazu eskatu Artizarra besterik.

 

Zure kirio larrituek irria ezbeharrarekin lotzen dute

eta barre txoro lardaska hasi orduko

inguratzen dute banaka gobernaezinak zaizkizun

minduren sorta sailkagabea.

Zure samurtasunaz trufatzen den munduak

giltzapetzen du zure desira.

Ostertzetik ostertzera eta eguerditik arratsera mudatuz doazen

zure betebehar guztien kontraesanek zurturik,

agian zuk bakarrik uler zenezake hau:

Itsaso urdin eta urrekarako arratsalde goxo batean

zerua gopor txinatar baten urdin motelekoa dela

Hart Craneren, marinelen eta botikariaren hezurrek

sarabanda bera atabalatzen dute ozeanoaren zolan.

 

SARABANDA
Carson McCullers

Saraband
euskaratzailea: Izaskun Etxebeste Zubizarreta
armiarma.eus, 2026