GAUZEN ORDENA NATURALA 
Antonio Lobo Antunes

A ordem natural das coisas, 1992
Erein-Igela-Alberdania, 2013
euskaratzailea: Iñigo Roque
armiarma.eus, 2026

 

Hitzaurrea

 

Iñigo Roque Eguzkitza

 

      Giza gogamenak derrigor du sailkatzea pentsamendua antolatzeko eta ideiak atzemateko. Hala, António Lobo Antunes ere sailkatzen saiatu dira kritikariak: Céline portugestzat jo izan dute Frantzian; Faulknerren ondorengotzat, anglosaxoiek. Sailkapenok, ordea, pobretu baino ez dute egiten Lobo Antunesen adierazpidearen aberatsa, haren obren irakurketaren aberaspidea.

      Idazleak maisu gutxi onartu ditu: Txekhov, Conrad, Proust, Tolstoi, Shakespeare, Cervantes, José Cardoso Pires. Gutxietsi egin ditu, gainera, bere etxeko idazlerik gailenak: Pessoa, hura Whitman-en imitatzaile hustzat joz, edo Saramago, haren leialtasun komunista arbuiatuz...

      Haren erreferentziak, sarri, autoerreferentziak izaten dira, idazlearen obran hemen eta han agertzen diren gai eta irudiak, antzaldaturik edo eraberriturik ageri ohi diren arren, isiltasun polifoniko baten bila (zilegi bekigu oximorona).

      Ahalegindu gaitezen, bada, irakurleari helduleku batzuk eskaintzen, Antunesen oroimenezko literatura hori ongi uler dezan (ametsa/errealitatea, biziak/hilak), nahiz ez dagoen hura adimen hutsez erabat ulertzerik, idazlearen literaturak azpikon­tzientea kitzikatzen baitu, hiperkontzientzia bat sortuz (zilegi bekigu, berriro, tropoa), kontzientziaren «zakarrontzietako edukia» erabilita (Antunes, 2006).

 

António Lobo Antunes

 

      António Lobo Antunes Lisboan jaio zen 1942ko irailaren 1ean, familia burges batean. Benfican emango zituen umezaroko urteak Antóniok, eta horiek arrasto sakona utzi zuten haren­gan, liburu honetan ageri denez: «Umezaro oso ona izan nuen, zorionekoa, Benfican; ordurako, auzoa gizarte-klase askoko mikrokosmos bat zen, dena nahasian, etxarteak, plazatxoak. Orain, ez da halakorik geratzen...» (Viegas, 1997).

      Etxean, aita garaiko neuropatologistarik ezagunenetako bat izan zen, eta, hain zuzen, hark beharturik, Medikuntza ikasten hasi zen António, eta ez literatura, gazteak hala nahi izan arren.

      Aitak, haatik, nahi gabe, idaztera ere bultzatu zuen, idazleak adierazi bezala: «Uste dut idazle bihurtu nintzela aitak umetan gripeak sonetoekin sendatzen zizkidalako eta ez aspiri­nekin» (Antunes, 2002). Aitona, gainera, Brasilgo literaturaren liburutegi bikain baten jabe zen, eta Antóniok ederto jakin zuen hari atarramentua nola atera.

      1971tik 1974ra, Angolako gerran parte hartu zuen, te­niente mediko gisa. Ikusiko dugunez, esperientzia hark biziki hunkitu zuen, eta, hala, Afrikaren aipuak etengabekoak dira haren obra guztietan.

      Handik itzulitakoan, bada, Lobo Antunesek Psikiatria aukeratu zuen espezialitate moduan, eta 1985era arte lanbide horretan jardun zuen Lisboako Miguel Bombarda ospitalean. Urte hartan, berriz, medikuntza utzi, eta, geroztik, idazteari erabat emanda bizi izan da. Irakurlea aise ohartuko denez, ez da hutsala Antunesen prestakuntzak bere lanetan duen eragina, giza psikea zulatzeko asmoa bistakoa baita horietan guztietan.

Lobo Antunesen liburuetan, beraz, unibertso autobiogra­fiko hori azaltzen da: Lisboako auzoak, gerra koloniala, Afrika, Salazarren erregimena erori osteko giroa, maitasun-harreman etsipengarriak, erdiko klasea, antiheroien bizimodu hitsa... Barrenak baititu langai gure idazleak.

 

Obra

 

      Lobo Antunesen lan gehienak eleberriak izan dira, beste generorik ere landu duen arren: lau kronika-liburu, poesia-liburu bat eta ipuin-bilduma bat. Eleberriak izan dira, ordea, haren idazletzaren emaitza nabarmenenak, eleberriak edo «ero­sotasunagatik eleberri esaten diedan horiek» (Antunes, 2002).

      Kronikak, funtsean, hedabideetan plazaratutako artikuluak dira (batez ere Visão astekarikoak), eta haren literatura-egitas­moaren berri ematen digute, bateko, eta, besteko, eguneroko bizi-printzak eta askotariko gogoetak dakarzkigute. Lehen pertsonan idatzitako lan horiek idazlearen subjektibotasuna azaleratzen dute, eta horixe dute, hain zuzen, balio nagusi.

      Eleberrigintzan, bide luzea egin du Lobo Antunesek, bila eta bila. Ibilbide hori zenbait ziklotan banatu izan da, idazleak berak zenbait elkarrizketatan agerturiko jarraibideen arabera (Arnaut, 2009 eta 2011):

      Lehen zikloa edo ikastekoa: Memória de Elefante (1979), Os Cus de Judas (1979) eta Conhecimento do Inferno (1980).

      Bigarren zikloa edo epopeiena: Explicação dos Pássaros (1981), Fado Alexandrino (1983), Auto dos Danados (1985) eta As Naus (1988).

      Hirugarren zikloa edo Benficako trilogia: Tratado das Paixões da Alma (1990), Gauzen ordena naturala (1992) eta A Morte de Carlos Gardel (1994).

      Laugarren zikloa edo boterearen erabilerari buruzkoa: Ma­nual dos Inquisidores (1996), O Esplendor de Portugal (1997), Exortação aos Crocodilos (1999) eta Boa Tarde Às Coisas Aqui Em Baixo (2003).

      Bosgarren zikloa edo epopeia lirikoena: Não Entres Tão Depressa Nessa Noite Escura (2000), Que Farei Quando Tudo Arde? (2001), Eu Hei-de Amar Uma Pedra (2004), Ontem Não Te Vi em Babilónia (2006) eta O Meu Nome É Legião (2007).

      Seigarren zikloa edo isiltasunarena: O Arquipélago da Isónia (2008), Que Cavalos São Aqueles Que Fazem Sombra no Mar? (2009) eta Sôbolos Rios Que Vão (2010).

 

Eleberri erabatekoaren bila

 

      Jakina denez, apaltasuna ez da, inondik ere, Lobo Antu­nesen dohainetako bat; esaterako, ez da lotsa aitortzeaz bera­ren ustean ez dagoela berak bezain ondo idazten duen idazle portugesik gaur egun: «Argi dakit gaur egun portugesezko literaturan ez dela inor ere hurbiltzen nire mailara» (Belo Luís, 2007). Elkarrizketetako ateraldi horiek ez dira, hala ere, zirto hutsak, asmoak ere handiak baititu: «Goitik behera aldatu nahi dut eleberrigintza. [...] Argumentua ez zait interesatzen: nahi nuke nire liburuak irakurgai baino gehiago bizigai izan daitezen» (Blanco, 2002).

      Horren emaitza da Lobo Antunesen «idazkera asegabe eta izu(garri)a» (Arnaut, 2001). Asegabea, hasierako liburuak errefusatzeraino (errefusatze horretan, gero eta liburu gehiago sartzen ditu, gainera, obrak ugaldu ahala). Izu(garri)a, bizitzaren zentzugabekerian amiltzen delako eta irakurlea ere hara era­maten duelako. Maria Alzira Seixok (2011) ezin hobeto azaldu zuen: «Izatearen ziurgabetasuna edo, zehazkiago, existentziaren zentzuaren arazoa eta biziaren zentzugabekeriaren kontzientzia nonahi agertzen dira eleberrietan».

      Bilakabide horren jakitun da idazlea, elkarrizketa batean aitortu zuenez: «Arestira arte, esateko molde berriak aurkitzea nuen kezkagai. Orain, iruditzen zait mendean hartua dudala lurralde bat, eta hura sendotu baino ez dut nahi. Emozioen kartografia bat. Horixe da muinean» (Ceú e Silva, 2010). Bada horretan guztian, esana dugunez, eleberrigintza aldatzeko borondate irmo bat. Helburua, bide mailakatu horretan, zera da: «liburu ideala» edo, Mallarmé-ren hitzetan, «liburu era­batekoa» lortzea.

      Oroimena da eraikin horren lehengaia. «Asmamen osoa oroimena da. Oroimena da lehengaiak ematen dizkidana» (So­romenho eta Silva, 2010). Oroimenetik ateratzen ditu behar dituenak; liburu honetan, esaterako, zalditeriako ofizial izan­dako aitona, izebak, gertalekuak, historiako jazoerak (krabelinen iraultza, gerra koloniala...), baina betiere erdiko klaseko jen­deen ikuspegitik, nahiz, liburuan bertan pertsonaietako batek salatzen duenez, interes hori, iduriz, ez den erraz ulertzekoa: «[...] neure buruari galdetu nion zer dela-eta duen idazle ba­tek, eleberriak saltzen dituen gizon batek, telebistan agertzen denak, aldizkarietan bere izena duenak, halako interesik alproja batekin [...]».

      Orain artekoan, ez dugu azaldu, haatik, nola eragiten dio­ten ezaugarri horiek eleberrigilearen idazkerari. Hel diezaiogun gai horri luze gabe. Alde batetik, denboraren trataera dugu. Pertsonaien bakarrizketetan, bi denbora-maila gainazpikatzen dira (iragana eta orainaldia), oroitzapenezko eleberrigintza baita harena. Horrenbestez, errealitate xelebre bat sortzen da, eta, sentipen hori indartzeko, osagai kitsch nahiz miragarriak eransten ditu idazleak (Cazalas, 2011): absurduaren erabilera, pailazoak, ametsak, eldarnioak, pertsonaia groteskoak, fisikaren kontrako gertakariak (lurpean nahiz zeruan hegaldatzen diren pertsonaiak, esaterako, gure liburuan).  

      Irakurlearen harridura hori areagotzeko, ahotsak nahita nahasten dira sarritan, edo gogoetak tartekatzen, edo gutun zatiak txertatzen (liburuko Julieta pertsonaiarenak, kasurako), edo isiluneak irekitzen (batez ere azken obretan), edo berriketak eteten.

      Bestetik, liburuek badute kadentzia argi bat, lirismo bat, Antunesek poesia idatzi ezinari egozten diona. Hala, ohargarria da literatura eta musika nola parekatzen dituen bere kroni­ketako batean: «[nire xedea zen] pertsonaiak orkestra bateko tresnak balira bezala erabiltzea eta eleberria partitura bihurtzea. Beethoven-en, Brahms-en eta Mahler-en ereduaz baliatu nintzen zenbait lanetan: Gauzen ordena naturala, A Morte de Carlos Gardel eta O Manual dos Inquisidores». Idazkerari taxu hori ema­teko, hainbat baliabide erabiltzen ditu idazleak: lelo antzeko errepikak, paralelismoak, isiluneak, etenaldiak, onomatopeiak, testuaren alderdi grafikoa (hutsuneak, puntuazioa, eta abar).

 

Gauzen ordena naturala

 

      Esku artean duzun liburu hau, aurrenik eta bat, inflexio­gune bat izan zen Antunesen obran, orduantxe hasi baitziren nabarmentzen Lobo Antunesen ondorengo eleberrigintzaren ezaugarri gailenak.

      Liburuan, ez dago narratzaile orojakile bat, hamar ahots baizik, baina ahotsok ez dute osotasun bat eratzen, ez baitago halakorik; ez dago ia narraziorik ere (zentzu klasiko hertsian). Ahotsok narrazio bat harilkatzen saiatzen dira, baina, honda­rrean, «irteera poetiko bat bilatzen dute, narratu ezinarekin aurrez aurre tupust egitean» (Prado Telles, 2008). Hala «ez dago hari diegetiko bakar bat, narrazio guztiak lotzen dituena». Be­raz, kasu!, ez zaitezte bide horretatik saia, alferrik izango da eta.

      Bost liburu ditu liburuak, eta horietako bakoitzean bi ahots aldizkatzen dira kapituluetan zehar. Orotara, beraz, hamar ahots narratzaile ditugu, honelatsu antolatuak (erabil bedi laburpen hau gida gisa):

      Lehen liburuan, «Usain eztiak, hildako eztiak», garerdiko funtzionario batek bere umezaroa kontatzen dio Iolanda izeneko bere «ohaide» gazteari. Horrekin batera, Polizia Politikoko (PIDE) kide ohi baten gorabeherak garantzen dira.

      Bigarren liburuan, «Argonautak», Iolandaren aita Do­mingosek hartzen du hitza, Afrikan meatzari-lanetan eginiko garaiak kontatzeko eta narrazioaren uneko eldarnioak (lurpean hegan egiteko tema) agertzeko. Gainerako kapituluetan, izeba Orquídea ageri da.

      Hirugarren liburuan, «Txinara bidean», lehen liburuko funtzionario publikoaren osaben oroitzapenak dira kontagai. Narratzaile horiek bi dira: Jorge Valadas, Tavira-ko presonde­gian hildako militarra, eta Fernando, aitak inozotzat izan arren Julietaren istorioaren berri duen bakarra.

      Laugarren liburuan, «Zurekin bizitzea», Iolanda ageri zai­gu, aurrenik, hizketan, funtzionarioaren ohaidea, ikusi dugunez. Eta, gero, Alfredoren mintzoa tartekatuko da, Iolandarenganako maiteminez betea.

      Bosgarren liburuan, «Desiraren agerraldi haluzinatua», Julieta, funtzionarioaren ama, ageri da, eta, tartean-tartean, adineko andre bat, Julietaren familiaren auzokoa, minbiziak jota hil hurren dena.

      Lekuak ere pertsonaiak dira liburuan, Richard Zenith-i (2001) kasu egitera: «Lekuak dira António Lobo Antunesen pertsonaiarik interesgarrienetako batzuk». Liburu honetan, gertalekuak hara-hona dabiltza, denbora-aldaketekin bateratsu. Portugal osoa korritzen dute narrazioek, Galiziako mugan (Monção-n) hasi eta hegoaldean (Tavira-n) buka, Afrika hego-ipar zeharkaturik (Johannesburg, Mozambike eta Aljeria). Hala ere, ekintza gehienak Lisboa inguruan gertatzen dira, batez ere pertsonaien umezaroko Benfican.

      Denborak ere nahas-mahas ageri dira. Ahotsek, orainaldi batetik aritu arren, ez dute arrotz iragana: erretratuetako hi­lak mintzo dira; ispiluak jolasten dira denborarekin; erlojuak erotzen; iraganeko gudaldien zaratak entzuten mendi aldetik; antzinako soldaduen zaldien astrapalaren durundiak iristen.

 

Itzulpen posibleetako bat

 

      Aurrenik eta bat, argitu behar genuke euskarazko itzul­pen honek portugesezko ne varietur edizioa izan duela oinarri (Antunes, 2010). Datua ez da, horratik, funsgabea, denera 296 aldaketa egin baitziren edizio horretarako (Seixo, 2010).

      Itzulpen hau itzulpen posibleetako bat besterik ez dela esan behar genuke (edo gogorarazi). Hori beti hala izaten den arren, oraingo honetan are nabarmenagoa da. Horretaz ohartzeko, esku artean erabili ditugun beste itzulpenei erreparatzea besterik ez dago. Ingelesezkoak bertakotu egiten du testua hango irakurleen ohitura eta moldeen arabera; frantsesa eta gaztelania, ordea, estuago lotzen zaizkio jatorrizkoari, hizkuntzok, jakina denez, hurrago baitaude portugesaren tipologiatik.

      Irakurleak kontuan izan behar du, esaterako, jatorrizkoak ez dituen zenbait errazbide aurkituko dituela euskarazko testuan, nagusiki puntuazioan: puntu eta komak eta estilo zuzeneko komatxoak gureak dira, testua euskararen postpositibotasunera egokitzeko ezinbestekoak izan baitzaizkigu. Horixe izango zaio harrigarriena, segurutik, aurretik Lobo Antunesen libururik irakurritakoari: aldaketa grafikoa.

      Argibideok amaiturik, lege onean, zenbait zor kitatu nahi nituzke. Batetik, liburuaren beste itzultzaileekin, urratutako bidea aiseago ibiltzekoa baita: Richard Zenith (Antunes, 2000), Geneviève Leibrich (Antunes, 1994) eta Mario Merlino (An­tunes, 2009). Eta, bestetik, liburua zuregana iritsi aurretik, testua irakurtzeko eta oharrak egiteko lana hartu dutenekin: Itziar Bernaola, Jesus Mari Makazaga, Fernando Rey eta Xabier Olarra. Mila esker denoi.

 

GAUZEN ORDENA NATURALA 
Antonio Lobo Antunes

A ordem natural das coisas, 1992
Erein-Igela-Alberdania, 2013
euskaratzailea: Iñigo Roque
armiarma.eus, 2026