NEURE-NEURE AMODIOA
Lluis Llach

Amor particular
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

Nola esan behar nizuke

erraza gerta dakidan, egia izan dakizun,

kantuan banaiz, maiz badakidala gertu zaitudala

entzuten bazaude, maiz badakidala gertu nauzula

eta uste dut ez naizela ausartu sekula esatera

eskertu behar nizukeela zu maitatzen daramadan denbora guztia.

 

Nola esan elkarrekin egin dugula bidea,

elkarrekin pozean, elkarrekin penan,

maiz zuk bete duzula nire hitzen hutsa

eta biok partitzean beti eman duzula jokoa.

Horregatik guztiagatik, eta gordean dudanagatik

eskertu behar nizuke zu maitatzen daramadan denbora guztia.

 

Maite zaitut, bai,

agian lotsor, agian ezin asmaturik.

Maite zaitut, jeloskor nauzu

eta balio dudan apurra ere ez dut nahi

samurtasuna ukatzen badidazu;

maite zaitut eta zoriontsu da neure burua

zure indarra ikusten dudanean bultzaka, iraulka...

 

Nola esan joango direla urteak,

helduko dela agurraren unea, eta hala behar du,

eta galdetzen diot neure buruari

aurkituko ote dudan behar den keinua

ohituko ote naizen zu gabe bizitzera.

Baina hori beste kontu bat izango da,

orain zu maitatzen daramadan denbora guztia eskertu nahi dizut.

 

Maite zaitut, bai,

agian lotsor, agian ezin asmaturik.

Maite zaitut, jeloskor nauzu

eta balio dudan apurra ere ez dut nahi

samurtasuna ukatzen badidazu;

maite zaitut eta zoriontsu da neure burua

zure indarra ikusten dudanean bultzaka, iraulka...

 

Maite zaitut...

 

NEURE-NEURE AMODIOA
Lluis Llach

Amor particular
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017