|
Aurpegi uholdea. Aurkezpena Beirut setiatuaren argazkiak egunkarietan. Beirut suntsitua begi bistan: etxea zena harritzar piloa da orain. Sabairik gabeko etxeen ondoan zuzen aparkatuta zeuden bi auto kaltetuta argazkian. Hori balitz guztia. Ez balitz jendea. Libanoko Osasun ministroak esan du bonbek utzitako hondakinen artean 200 hilotz baino gehiago aurki daitezkeela. Denera 600 baino gehiago direla hildakoak. Beirut izu, herio eta suntsipen da gaur, orain. Baina Beirut izan zen haztegi eta jaioterri. Literaturari gagozkiola, Beiruten sortu zen Libanoko poesia aldatu zuen Shiir (Poesia) aldizkaria. 1957. urtea zen. Gibran Khalil Gibran prosa arabiarra iraultzeko lanetan zebilen poesiak antzinako erregistroetan gatibu jarraitzen zuen bitartean. Yussef Al Khal izan zen aldizkariaren bultzatzaile nagusia. Al Khalek, Adonis eta Fouad Rifkari eman zien aukera. Ametsaren eta askatasunaren poetak ziren. Mendebaldeko surrealismoak eraginda, esperimentazio, apurketa eta ikerketa bide berriei ekin zieten. Poesia arabiarra lotura klasikoetatik askatu eta etorkizunera begira jarri nahi zuten. Neurriekin apurtu zuten horretarako eta behin eta berriz errepikatzen ziren hitzekin, kontzeptuekin, estetikarekin. 60ko hamarkadan eraldaketa sendotu zen, gaur arte. Paul Chaoulek, Antoine Douaihyk, Hamze Abboudek hartu zuten lekukoa. Eta haiei Iskandar Habashek, Inaya Jaberek, Bilal Khbeizek bultza zieten indarrez. Gaur arte. Eurak dira Libano libre, Libano erresistenteko poetak. Eurak gaurko Libano setiatuan. Euren ohoretan.
Aurpegi uholdea. Aurkezpena |