JENDE BEHARTSUA
Liam O'Flaherty

Daoine bochta,1953
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2020

 

 

      Itsasoaren hotsa egunsentiko iluntasun isilaren bestaldean lehertzen zen, hots sakon eta hauskorra hondartzako harea zuriaren gainean burrunbaka. Egurats ilunean, otsail goiz bateko hotz pozoitsua; errepide barrenean, hondar barra, mamu ilunez jantzia; lurgain belztua, lo.

      Itsasertza goroldioz beterik zegoen, zama astuna zerion, gorri, lauso, erauntsi bakoitzarekin hausten goizaldeko ilunpetan. Mulkoa.

      Pádraig Ó Dioráin sardea lepoan zuela jaitsi zen, ondu gabeko larruzko oinetakoak txipli-txaplaka zoru bustiaren gainean, flanelazko jaka zuria gerrian sartua, dardara batean gorputz meharra, hotzak.

      Hondarretara heldu zen. Itzaletan, goroldioa ikusi zuen ur bazterrean, itsasoaren joan-etorri biziak oraintxe utzi, oraintxe eroaten. Alaitasun oihua atera zitzaion, eta lasterka jaitsi zen, orpoak harea leunean hondoratuta.

      Otsailaren hamabosta zen, eta artean ez zuen jasoa goroldiorik patata sailak ontzeko. Sei aste eman zituen ohean, gripeak ahuldua. Andrea ere halaxe zuen, negu gorriak hartaratua. Lau urteko haurra hil hurren zetzan ohean. Hilabete zen zohikatza amaitua zela, eta irinik eta esnerik gabe etxean, auzotarren errukitik bizi ziren... baina… lana egin beharra zegoen. Goroldioa bildu eta patata landatu, udako beroaren ostean negua etorriko baitzen atzera ere; negua bere hotz, neke eta gaitzekin. Gogor jotzen zuen txirotasunaren zardaiak bizkarrean, berak zeraman harea leunean beherantz.

      Orain ez zuen gogoan ez emaztea, ez semea, ez gosea. Urrats bizkorrez zebilen gora eta behera, ur ertzetik hondarretara, goroldioa sardeaz harrotu eta tontor labain batean pilatzeko. Beltz ari zen lanean, hozkirriak estuarazita hortzak. Ereite lanak eta bizkarrean joka zuen zardai hura baino ez zituen buruan, harexek jazartzen du jende behartsua, harexek dakarkio akordura zer neke dituen begira eta zerk arintzen dion egunekoa.   

      Gizon gehiago heldu zen herritik, arinka hondarretan behera. Guztiek agurtu zuten Pádraig, guztiek galdetu zioten nola zegoen semea.

      — Gaixoa! –esan zuen—. Ez dut uste belarra hazten ikusiko duenik.

      — Erruki zakizkiola Jainkoaren Ama!

      Pobreak dira pobreen malurez arduratzen direnak.

      Eguzkia atera zen. Egunaren argiak lurraren kontra jo zuen, hondartzaren eta itsasoaren kontra. Itzartu ziren txoriak eta zeruaren sakonean dantzan, doinu eztia bidali zuten. Goroldio geruzak dirdira egiten zuen hondartzan, eguzkiak biztutako odola bezain gorri, atzean itsaso izoztuaren azula zuela. Pádraig Ó Dioráinek goroldio multzo polita bildu ahal izan zuen —hamar zaldiren karga—. Etxerantz jo zuen. Eritasunak makaldua, kresalak erreak izterrak, nekeza zitzaion bidea. Etxera bidean, etorri zitzaion esperoan izan zuela tristura han, aieneak eta egin beharreko hilobi bat…

      Herriburuan zuen etxea. Karez zurituriko etxe luzanga bat zen; garbi lastozko teilatua, txukuna larraina, adaxka berdeak horma barrenetik gora. Andre on bat. Gizon bat.

      Sukaldean auzoko emakume bat zegoen, aulkian eseria elorri sutu batzuen aurrean, ura berotu nahian. Ahopean agurtu zuen andreak.

      — Non dago Bríd? –galdetu zuen gizonak.

      — Esne xorta bat ekartzera atera da terako. Gela nagusian jarria dago mahaia. Zoaz. Urak laster irakingo du. Oraintxe etorriko zaizu esne pixka batekin.

      Ez zion begiratu ere egin. Zutik gelditu zen, zerbait esaten saiatu zen, semea zetzan gelako atean begiak.   

      — Berririk bai?

      — Zoaz barrura –esan zion emakumeak berriro.

      — Begiratzera noa…

      — Ez zaitez sartu –eta kolpetik jaiki zen—. Oraintxe hartu du loak, bihotza urratuko dizu hala ikusita. Zoaz eta eseri mahaian.

      Emaztea etxeratu zenean, ontzi txiki bat zekarren amantalpean. Emakume txikia zen, aurpegi biribilekoa, eta zabal-zabalik zeuzkan begi urdin handiak. Ahoa ere zabalik zuen, buruak uler ez zezakeen zerbaiten aurrean balego bezala. Andre-gizonek elkarri begiratu zioten, baina ez zuten mutik esan. Ez zuten beharrik. Elkarri begira, esan beharreko guztia ulertu zuten. Jende sotil eta maitekorra, hitzen beharrik ez zuena, ezkondutako bi bihotzek ez dutelako elkarri gordetzekorik.

      Burumakur sartu zen gelan, eta biluztu egin zen. Goroldioak melatuak zizkion arropak. Lehorrak eman zizkion emakumeak. Jantzi eta mahaian eseri zen. Emaztea ez zen berarekin jarri, ez baitzegoen bientzako beste, eta hala ere, askorik ez. Gizonak ogia hartu eta erdi bi egin zituen. Bat eskaini zion andreari.

      — Ez dut gogorik, jaizu zeuk osoa. Ez naiz gose.

            Herabe begiratu zion. Mahai ondoan zeukan, tea zutik edaten, leihotik landa gogoa. Haren gorputz zargalduari eta eskuetako zain gorriei emanik begia, hain politak eta samurrak urtebete edo bi lehenago, munduaren kontrako amorru handi batez bete zitzaion bihotza. Korapiloa egin zitzaion eztarrian, ito egiten zuen. Ene Jainkoa! Ezin zuen jo eta txikitu dena?, horrela egon beharrean pobreziara kondenatua, gosearen kateari hain estuki lotua.  

         Malkoa etorri zitzaion begi ertzera. Zutitu eta besoaz inguratu zuen.

      — Jaizu, Bríd. Jainkoak elkarrekin egoteko aukera ematen digun artean, dena ez dago gaizki.

            Gizonarengana hurreratu, burua bular gainean pausatu eta negarrari eman zion andreak.

      — Tira, tira, alferrik dugu negar egitea.

      — Barkaidazu… —esan zion begiak xukatuz—, baina hain nekatua nago... Gure umea besterik ez dugu. Zergatik ez digu uzten geuretzat?

      — Zaude isilik. Jainkoa ahalguztiduna da.

      Bakarrik jan zuen. Zaldia hartu zuen gero, hondartzara joateko. Zaldia libre zebilen batetik bestera, lauhazkan eta irrintzika, burua haizearen kontra. Dar-dar egiten zuen haren larrupe gorriak hotzez. Bihotzaren taupadek bizkortzen zuten —animalia guztiek udaberrian izaten duten bizipoz hori—. Pádraigen bihotza harria bezain gogor zegoen, ordea, zaldi gainean, pentsakor.

      Eguerdirako, eramana zuen goroldio guztia sorora. Etxerantz abiatu zen. Orain beldur zen bertan sartzeko. Baina malda igo eta etxeko atea ikusi zuenean, eta herriko emakumeak hara bidean, bizkortzen sentitu zuen bihotza.

      Zaldi gainetik jauzi egin eta oihu batean jo zuen aterantz.

      — Zer dugu? Zer dugu?

      Atalasean, emaztearen ahotsa entzun zuen etxe inguruan eserita zeuden emakumeen ahopeko deitore artean; haien arimako minarekin batera burrunba egiten zuen hots sakon hautsi hura.

      Saltaka sartu zen gela txikian, eta han zegoen bera, semearen ohe aldamenean belauniko, zotinka.

      Bata bestearen ondoan, negar egin zuten.

 

JENDE BEHARTSUA
Liam O'Flaherty

Daoine bochta,1953
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2020