KALE BAT NIRE IZENEAN
Izet Sarajlic

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2018

 

Gaztaroko gure hirian nabil paseoan,

eta nire izena izango duen kale baten bila.

Kale handiak, zaratatsuak,

historiako izen handientzat uzten ditut.

Zertan nenbilen ni historia egiten zen bitartean?

Zu maitatzen, besterik gabe.

Kale txiki baten bila nabil, xumea, ohikoa,

zeinetan, inoren arretarik piztu gabe,

paseoan ibiliko baikara, baita heriotzaren ostean ere.

 

Ez da ezinbestekoa paisaia ederra izatea,

eta ez du zertan txoririk eduki ere.

Arriskuan den edozein gizon edo txakurrek

bertan babes hartu ahal izatea da garrantzitsuena.

Ederra litzateke harriztatuta balego,

baina hori ere ez da nahitaezkoa.

Garrantzitsuena da

nire izena daraman kalean

inori zoritxarrik ez gertatzea.

 

KALE BAT NIRE IZENEAN
Izet Sarajlic

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2018