AGUR ZELJKO MARJANOVICI
Izet Sarajlic

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2018

 

Hiltzen ari gara.

 

Ikaragarri azkar hiltzen gara

eta ikaragarri gaizki

hiri honetan

mende amaieran,

amodioaren amaieran.

 

Gazteak gutxienez

hil egiten dituzte,

eta pribilegio handia da hori

gerra guztietan,

baina zaharrok hiltzen garen modua birpasatzean

—John Gasworthyren nobeletan—,

ikaragarria da

zaharron heriotza gerrako Sarajevo honetan.

 

Hiltzen gara

ospitale izoztuetan

masakratutako gure herrikideen odola darien

pasiloetan,

inoren sukaldeetan eta leihorik gabeko geletan,

umiliaturik eta ahituta,

eta asko bakarrik,

maite dituztenengandik urrun.

 

Garai bateko Don Juanak,

postontzia irekitzeko ere

gorbatarik gabe aterako ez zirenak

(nola sentituko ote ziren igogailuan topo egin balute

bederatzigarren ezkerreko emakume ederrarekin),

eskuak zikin hiltzen dira,

azazkalak sendatu gabe,

alkandorak apurtuta,

berokiak zigarro erreduraz beteta,

1992ko urte berriko bijilian

edan zuten azken xanpain basoa gogoan.

 

Juraj Marek-ek bere burua urkatu du.

 

Vera lurperatu ondoren,

Zeljkok ere horixe pentsatu zuen,

baina atzera egin du

bizilagunei kezkarik ez eragiteko.

 

Halako Sarajevo batentzat ere,

gehiegizkoak lirateke

bi suizidio etxe berean,

eraikin berean.

 

Etxegabe baten pare ibiltzen zen Suljo

Ninaren heriotzaren ondoren,

egunsentiro bere granadaren bila,

baina granadek nahiago zituzten

eskolak eta haurtzaindegiak.

 

Negarrez,

Veraren eraztunen bat saltzen zuen tarteka,

edo larruzko beroki bat

grappa botila merke bat erosteko.

Eta gero,

heriotza atzeraturik,

itzuli egiten zen

oroitzapenez betetako

bere etxe hutsera,

gerra aurreko bere bularreko anginarekin,

eta bi gauza baino ez zituen buruan:

bere seme-alabak eta ilobak besarkatuko zituen unea,

eta Verarekin berriz elkartzea.

 

Azkenean bete egin da bi ametsetako bat.

Bigarrena.

 

Egia da ez dela izan orduko hartan bezala,

Omladinsca Rijecaren garaian

Kopelmanen etxean zegoenean,

orain San Giuseppe hilerrian bisita daiteke

Kopelman.

 

Baina berriz elkarrekin daudela da garrantzitsuena.

 

Berak jadanik ez duela atera beharrik

bere granadaren bila.

 

Ezta Veraren eraztunak saltzera ere.

 

AGUR ZELJKO MARJANOVICI
Izet Sarajlic

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2018