PRESO POLITIKOA DEN EMAKUME BATEZ
William Butler Yeats

On a political prisoner, 1920
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Umetatik pazientzia kaxkarreko

zen hark hain handia zeukan orain

non kaio gris batek beldurra galdu

eta ziegaraino hegatu zen pausatzeko

eta haren hatzen ukitua zuen pairatu

eta haren hatzetatik zuen alea jan.

 

Hegal bakarti hura ukitutakoan

gogora etorri ote iragan urteak,

noiz ere burua zer garraztu bat,

gauza abstraktu bat zuen, eta gogoa

halako etsaitasun herrikoi bat:

itsuen liderra zen eta zen itsu

dautzan ubide zikinean edana?

 

Aspaldi handian ikusi nuelarik

Ben Bulben mendi hegian zihoala

bere herrialdearen ederrarekin batzera

gazte ororen bakardura zirraragarrian,

iduri zuen garbi eta gozo hazia

harkaitzetako, itsasoko hegazti:

 

itsasoan edo aireko orekan

lehen aldikoz habiatik jauzi egina

harkaitz gora baten gainera

hodeizko sabaiaren gainera, 

handik beha azpiko ekaitz taupadak

itsasoaren tulubioak orroka.

 

Oharra: Poema hau The Dial-en argitaratu zen lehenik, 1920ko azaroan. Constance (Gore-Booth) Markiewicz kondesa maitagarria da aipatzen den presoa, abertzale irlandarra. Pazkoko Altxamenduan izandako ardurengatik heriotza zigorrera kondenatu zuten, baina zigorra konmutatu eta preso eduki zuten 1917ko ekainaren 18ra arte. 1916ko apirilaren 24an, Pazko igandearen biharamunean, Irlandako Errepublika aldarrikatu zen eta 700 bolondres irlandarrek osatutako armada batek Dublingo hainbat eremu hartu zituen; matxinada armada britainiarrak zapaldu zuen, altxatuek apirilaren 29an amore eman zuten arte. Etsaitasun hitzak Irlandan arerioekiko sortu gorroto sakonari egiten dio erreferentzia. Ben Bulben aipagai du Yeatsek, orobat; Sligo herriko mendi bat da, Sligo konderriko herri nagusia da hau, ipar-mendebaldeko Irlandan, Yeatsen amaren aldeko aitona-amonen jaioterria. Dublinen jaio zen Yeats, baina  bere lehen urteetan denbora asko igaro zuen Sligon. Lissadell etxea, XIX. mendeko etxe georgiar bat, Constance Gore-Booth eta bere ahizpa Eva Gore-Boothen haurtzaroko etxea da. W. B. Yeats aldizka gonbidatzen zuten, eta arkupe gaineko logela batean egiten zuen lo. Lisaddell etxeko jangela eta musika-gela bereziki deigarriak dira, baita lorategiak udaberrian, hango nartzisoekin, eta inguruko pinudiak eta Drumcliffe Bay-ko sarbidea.

 

PRESO POLITIKOA DEN EMAKUME BATEZ
William Butler Yeats

On a political prisoner, 1920
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016