Idea Vilariño. Aurkezpena
Josu Jimenez Maia

Maiatz, 65
armiarma.eus, 2018

 

BIZITZA ETA POESIA UZTARRI BEREAN

 

      Idea Vilariñoren bizitza eta poesia uztarri berean joan zirela genion testu honen izenburuan eta, hartara, Idearen poemak intimoak dira, intentsitate handikoak, oso koherenteak bere bizitzarekin; irakur-terrazak, laburrak... grinaz beteak: heriotza, suizidioa, gaixotasuna, amodioa eta desamodioa. Rosario Peyroumek dioenez, azpimarratzekoa da Idearen poesiak transmititzen duen indar iluna; pasio handiko poemak dira Idea-renak, azkar idatziak edozein paper txataletan, idazteko beharrari erantzunez une latz eta tragikoenetan sortuak. Idea Vilariñoren poemak kontundenteak dira, trinkoak, ilunak, Idea bera bezalakoak, esperantzarik gabekoak, baina, era berean, bere poemen bidez esperantza ekarri zion Uruguaiko jende askori, batez ere gizarte aldaketa amets zuen jendeari.

      Idea Vilariñoren obra osoa koherentea da estiloaren aldetik. Maiz aurkituko ditugu sintaxiaren hausturak, puntuazioa falta, hermetismoa eta sinpletasuna: irudi gutxi, metafora gutxi... hitz arruntak baliat-zen ditu, ez du hitz anpurusik erabiltzen.

      Bere poemak sailkatzekotan, hiru ataletan sailkatu daitezke: hurrenez hurren, amodiozkoak, gauezkoak eta politikoa. Idea Vilariñoren amodiozko poemetan erotismoa ere aurkitzen dugu, gorputzari etengabeko erreferentzia argiak. Egia da, 1950etik 1953ra bitartean gaixorik eman zituen hiru urte luze horietan Hori bezalako poemak ditugula, letania baten gisakoa, oso adjektibo gutxi edo adjektiborik gabe, azken urteetakoetan areagotzen den jokaera: iluntasun ederra. Iluntasunetik lortzen da ateratzea eta erreferente bat bihurtzea berak idatzitako abestien bidez. Izan ere, bere poemak Uruguaiko jendeak gogoan hartu ditu eta batzuk ospetsu bihurtu ziren Los Olimareños, Alfredo Zitarrosa edota Daniel Viglettiren abestien bidez, bereziki Ekialdetarrak izenekoa.

      Bere bizitzan zehar, literatur aldizkari batzuetan parte hartu zuen, eta bat azpimarratzearren, Número aldizkaria, non sortzaileetako bat izan zen Manuel Claps-ekin batera, pisu handiko aldizkaria 1945-1955 bitartean, garrantzi handikoa Uruguaiko kultur historian, poesia, literatur kritika eta poesia-itzulpenak zabaltzeagatik. Aldizkari horretako zuzendaria izan zen eta bere izenez sinatutako artikuluez gain, Elena Rojas ezizenarekin ere hainbat artikulu izenpetu zuen. Idearen artikuluak ere Marcha, Brecha eta beste aldizkari zenbaitetan ere argitaratu ziren.

      Idazle izateaz gain, bere itzulpen lana oso goraipatua eta saritua izan da, batez ere Shakespeareren itzulpenak. Frantsesetik eta ingelesetik itzulpenak egiten zituen, eta are meritu handia izan zuen Ideak hitzkuntza horiek neurri handi batean era autodidaktiko batez ikasi zituelako.

      Horiek horrela, Idea aparteko pertsona izan zen, XX. mendeko intelektual handi bat, eredugarria, kontsekuentea bere pentsamenduarekin eta bere estetika poetikoarekin, konprometitua Uruguaiko jendearekin eta gizartearekin.

      Elkarrizketak emateko tenorean, beti uzkur ibili zen Idea Vilariño: Mario Benedettik egin zion bat 1972an, Los poetas comunicantes, Uruguaiko Marchan argitaratua; Elena Poniatowskak beste bat Esencial y Desesperada, Mexikoko La Jornadan aterea, 2004an

      Idea Vilariñoren poesia-lana ez da oso zabala (300 orrialde baino ez), baina dexente zabaldu egin da beste hizkuntza batzuetara itzulpenen bidez: italierara, alemanera eta portugesera; orain, euskarara ere ekarriak.

     Idea Vitariñoren garaikide zen Octavio Paz nobel saridunak hauxe zioen: «Poetok ez dugu biografiarik; gure biografia gure obra da». Idea Vitariñoren kasuan bete-betean betetzen da poeta mexikarraren esana.

 

Idea Vilariño. Aurkezpena
Josu Jimenez Maia

Maiatz, 65
armiarma.eus, 2018