Claude Gueux
Victor Hugo, 1834

euskaratzailea: Zorion Zamakola
Ataramiñe, 2007

 

     Orain dela zazpi edo zortzi urte Claude Gueux izeneko gizon bat, langile xehea bera, bizi zen Parisen. Ohaide zuen neska bat bazeukan alboan, eta baita neska honen haur bat ere. Gauzak diren horretan esaten ditut eta irakurlearen esku utzi moralitateak jaso ditzan, gertakizunak bidean kokatzen zaizkion neurrian. Behargin fina zen, iaioa, argia, heziketak oso txarto eta naturak oso ondo tratatua, irakurtzen jakin ez eta pentsatzen bazekiena. Negu batean lana eskasa izan zen. Surik eta ogirik ez zeukaten txabolan. Gizona, neskatxa eta haurra gose ziren. Gizonak ostu egin zuen. Ez dakit zer ostu zuen, ez dakit non ostu zuen. Dakidana da, lapurreta honen emaitza hiru egunetarako ogia eta sua izan zirela emaztearentzat eta haurrarentzat, eta bost urterako kartzela-aldia gizonarentzat.

     Gizona Clairvaux-ko espetxe zentralera eroan zuten bere denbora ematera. Clairvaux, gotorleku bihurtu dugun abadia, leotz bihurtu dugun gela, urkamendi bihurtu dugun aldarea. Aurrerapenaz hitz egiten dugunean, horrela ulertzen dute eta gauzatzen dute baten batzuek. Horra hor gure hitz borren azpian ipintzen dutena.

     Jarrai dezagun.

     Hara helduta, gauerako leotz batean ipini zuten, eta egunerako tailer batean. Ez dut tailerra gaitzesten.

     Claude Gueux, langile zintzoa lehen, lapurra aurrerantzean, itxura duin eta isilekoa zen. Bekoki zuzena zeukan —dagoeneko zimurtuta baina gaztea oraindik—, ile urdin batzuk motots beltzetan zehar barreiatuta, begi goxo eta tinkoa ondo landutako bekainpean indarrez inkatua, sudurzuloak zabalik, kokotsa aurrerantz, erdeinuzko ezpaina. Begitarte ederrekoa zen. Gizarteak berarekin zer egin duen ikusiko dugu. Hitz laburrekoa zen, keinu ugariagokoa, non-nondik larderia zeriona eta obediarazten zekiena, aldarte pentsakorra, samindua baino, serioa. Alta, samin ugari jasandakoa zen.

     Claude Gueux itxita zeukaten gordelekuan tailer zuzendari bat zegoen, espetxeak berezkoa duen funtzionario mota, zaintzailearena eta merkatariarena bietarik batera duena, aldi berean langileari eskaera eta presoari mehatxua egiten diona, eskutan lanabesa eta hanketan katea ipintzen dizuna. Zuzendari hori, zehazki, meta horren azpi-mota batekoa zen, gizon motza, zapaltzailea, bere ideiei jarraitzen ziena, bere agintepean uhala labur gordetzen zuena; bestalde, egokitzen zenean, lagun atsegina, bizizale ona, alaia ere bai eta umorez trufatzen zekiena; tinkoa baino, gogorra; ez zuen inorekin arrazoitzen, ezta bere buruarekin ere; aita ona, senar ona ziurrenik —baina hori bertutea baino betebeharra ia—; hitz batean, ez gaiztoa, txarra baino. Malgutasunik eta dardararik ez duten gizon horietakoa zen, molekula hilez osatua; ideia baten talkari, sentimendu baten ukituari oihartzun egingo ez diona, haserrealdi izoztuak eta gorroto beltza dituen horietakoa, emoziorik gabeko odolaldiduna, berotu gabe su hartzen dutenetakoa, goritzeko ezintasun hutsekoa, maiz egurraren parekoa dela esango genukeena; mutur batetik sua jario eta beste muturrean hotz dirautenetakoa, Gizon honen izaeraren ardatza, goitik behera zeharkatzen zuena, tema zen. Tematia izateaz harro zegoen, eta Napoleonekin alderatzen zuen bere burua. Ilusio optikoa baino ez da, jende asko tronpatzen da-eta: urrunetik, erabakitasuna delakoan hartzen dute tema eta izarra delakoan kandela. Hartara, gizon honek bere erabakitasuna deitzen zuena zentzugabekeria bati lotzen zionean, burua tente sasi guztiak zeharkatuz aurrera jarraitzen zuen zentzugabekeriaren azken muturreraino. Adimenik gabeko burugogorkeria, lelokeria astakeriaren muturrari lotzearen parekoa da, berau luzatuz. Eta urrunera iristen da. Oro har, gure parean hondamendi publiko edo pribatu bat gainbeheran etorri denean, lurrean dautzan hondakinen bidez nola eraiki den aztertzen badugu, ia beti aurkitzen dugu bere buruarengan konfiantza zeukan eta bere burua miresten zuen gizon erdipurdiko eta burugogor batek itsukeriaz altxatu duela. Munduan zehar ugariak dira beren burua zorionekotzat duten zorigaitz txiki burugogor horietakoak.

     Hona hemen, bada, Clairvaux-ko espetxeko tailerretako zuzendaria zena. Hona hemen zerez eginda zegoen presoak egunero-egunero kolpatuz txinpartak aterarazteko gizarteak erabiltzen zuen suharria.

     Holako suharriek halako harriei ateratzen dizkien txinpartak sarri suteak eragiten ditu.

     Esana dugu Clairvaux-ra heldu ostean, Claude Gueux tailer batean zenbakitu eta eginbehar bati lotu zutela. Tailerreko zuzendariak harrera egin zion, langile fina zela jabetu eta ondo tratatu zuen. Dirudienez, egun batean, aldarte onez zegoela eta Claude Gueux oso goibel zegoela ikusirik, beti bere emaztea zeritzonarengan pentsatzen, zuzendariak kontatu egin zion, alaitasunez eta denbora emate aldera, eta kontsolatzekotan ere bai, neska gaixoa prostituta bihurtua zela. Claudek, hotzik, haurraren berri galdetu zuen. Zuzendariak ez zekien.

     Aste batzuen buruan, Claude espetxeko giroari egokitu zitzaion; itxuraz ez zuen jada ezertan gogoetatzen. Berezkoa zuen baretasun zorrotz bat nagusitu zitzaion.

Gutxi gora behera garai berean, Claudek itzal nabarmena eskuratu zuen bere kide guztien artean. Hitzik gabeko hitzarmenen baten bidez, eta inork zergatia jakin gabe, ezta berorrek ere, gizon guztiek berengana jotzen zuten aholku eske, entzun egiten zioten, miretsi egiten zuten eta baita imitatu ere, mirespenaren maila gorena dena, hain zuzen. Ez zen meritu makala berez menderakaitzak ziren izaki guzti horiek obeditzea. Itzal hau pentsatu gabe etorri zitzaion. Begiei zerien soaren eragina zen. Gizakiaren begia, buruan darabiltzan pentsaerak islatzen diren leihoa da.

     Sar ezazue ideiak dituen gizon bat ideiarik ez duten gizonen artean. Epe baten buruan, eta erakarpen lege saihestezin baten ondorioz, gogo ilun guztiak apaltasunez eta mirespenez gogo argitsuaren inguruan grabitatzen egongo dina. Badira burdina diren gizonak eta badira imana diren gizonak. Claude imana zen.

     Hala bada, hiru hilabete baino lehen, Claude tailerreko arima, lege eta ordenu bihurtua zen. Orratz guztiek bere erlojuaren borobilean egiten zuten hira. Berak ere erregea ala presoa ote zen zalantza izan behar zuen. Kardinalekin gatibu zen aita-saindu baten antzekoa zen.

     Eta maila guztietan ematen den erreakzio natural baten ondorioz, presoek maite bazuten kartzelariek gorrotatu egiten zuten. Beti da horrela. Ospea ez dator inoiz areriotasunik gabe. Esklabuen maitasunak beti dakar nagusien gorrotoa.

     Claude Gueux jatun handia zen. Bere organismoaren berezitasuna zen hori. Urdaila eginda zeukan bezala, bi gizon arrunten eguneroko janak ia ez zuen betetzen bere eguna. De Cotadilla jaunak ere halako gosea zeukan, eta barre egiten zuen; baina Espainiako handia eta bostehun mila ardiren jabea den duke batentzat barre egiteko motiboa dena, zama da langilearentzat, eta zoritxarra presoarentzat.

     Claude Gueuxek, bere sabaian aske zenean, egun osoan lan egin, lau libratako ogia irabazi eta jan egiten zuen. Claude Gueuxek, kartzelan, egun osoan lan egin eta bere ahaleginaren ordain gisa libra eta erdi ogi eta lau ontza okela jasotzen zituen, beti berdin. Anoa errukigabea zen. Eta ondorioz Claude gose izan ohi zen Clairvaux-ko espetxean.

Goseak zegoen, eta horixe zen dena. Ez zuen horretaz hitz egiten. Horrelakoa zen.

     Egun batean Claudek, bere jateko eskasa jan berri, lanari berrekina zion, gosea lanaren bidez ezkutatuko zuelakoan. Gainerako presoek alai ziharduten jaten. Gizon gazte bat, zurbila, zuria, ahula, bere ondoan jarri zen. Eskuan bere anoa zeukan, oraindik ukitu gabea, eta aizto bat. Han geratu zen, zutik, Clauderen ondoan, hitz egin nahi eta ausartzen ez zen itxuraz. Gizon honek, eta beronen ogiak, eta beronen okelak, traba egiten zioten Clauderi.

     — Zer nahi duk? —esan zuen tupustean azkenean.

     — Mesede bat egin diezadaan —esan zuen lotsakor gizon gazteak.

     — Zer? —berrekin zion Claudek.

     — Hau jaten lagun diezadaan. Larregi zeukaat.

     Negar anpulu batek zeharkatu zuen Clauderen begi harroa. Aiztoa hartu, gizon gaztearen anoa hi zati berdinetan banatu, bat hartu, eta jaten hasi zen.

     — Eskerrik asko —esan zuen gizon gazteak—. Nahi baduk, honela elkar banatuko diagu egunero.

     — Nola deitzen haiz? —esan zuen Claude Gueuxek.

     — Albin.

     — Zergatik hago hemen? —berrekin zion Claude Gueuxek.

     — Ostu egin diat.

     — Eta nik ere bai —esan zuen Claudek.

     Eta honela banatu zuten egunero. Claude Gueuxek hogeita hamasei urte zeuzkan, baina batzuetan berrogeita hamar zirudien, hain zen zorrotza bere ohiko gogoa. Albinek hogei urte zeuzkan, eta hamazazpi zituela esan liteke, hainbestekoa zen lapur honen begiradari zerion xalotasuna. Bi gizonen artean laguntasun hurkoa sortu zen, aita eta semearen arteko laguntasuna, bi anaien artekoa baino. Albin ia umea zen oraindik, Claude ia zaharra zen zegoeneko. Tailer berean egiten zuten lan, giltzarri beraren azpian lo, ibiltoki berdinean paseatu, ogi bera haginkatu. Bietarik bakoitza unibertsoa zen bestearentzat. Zoriontsuak zirela dirudi. Lehenago hitz egin dugu tailerretako zuzendariaz. Gizon honek —presoek gorrotatua—, sarritan, obedi ziezaioten, Claude Gueuxengana jo behar izaten zuen, berau maitatua baitzen. Behin baino gehiagotan, matxinada edo liskarren bat galaraztekotan, Claude Gueuxen titulurik gabeko aginteak zuzendariaren aginte ofizialari lagundu zion. Hainbesteraino, non presoei eutsi ahal izateko, Clauderen hamar hitzek hamar jendarmek baino gehiago balio baitzuten. Claudek askotan eta askotan lagundu zion honela zuzendariari. Eta, hartara, zuzendariak gogoz gorrotatzen zuen. Lapurraz jeloskor zegoen. Bihotz sakonean gorroto sekretu, jeloskor, gupidagabea zion Clauderi, legezko nagusiak berezko nagusiari dion gorrotoa, aldi baterako botereak botere espiritualari diona.

     Gorroto horiek dira txarrenak.

     Claudek asko maite zuen Albin, eta ez zuen zuzendariarengan pentsatzen.

     Egun batean, goizez, giltzazainek presoak binaka logelatik tailerrera eramaten zihardutela, zaintzaile batek Clauderen ondoan zegoen Albini deitu, eta zuzendariak ikusi egin nahi zuela esan zion.

     — Zer nahi ditek hirekin? —esan zuen Claudek.

     — Ez zekiat —esan zuen Albinek. Zaintzaileak Albin eraman zuen.

     Goiza joan zen eta Albin ez zen itzuli tailerrera. Bazkalordua heldu zenean, Claudek Albin ibiltokian aurkituko zuela pentsatu zuen. Baina Albin ez zegoen ibiltokian. Presoak tailerrera itzuli zirenean, Albin ez zen agertu tailerrean. Eguna honela joan zen. Arratsaldean, presoak logelara eraman zituztenean, Claudek begiradaz Albin bilatu zuen, eta ez zuen ikusi. Une horretan asko sufritu zuela dirudi, inoiz ez bezala zaintzaile bati zuzendu zitzaiolako.

     — Albin gaixorik dago? —esan zuen.

     — Ez —erantzun zuen zaintzaileak.

     — Non dago ba —berrekin zuen Claudek—, gaur ez da agertu-eta?

     — A —esan zuen zaintzaileak ardura gabean—, beste modulu batera eraman dutelako duk.

     Geroago lekuko gisa agertu zirenek, gertakizun hauei buruz aipatu zuten zaintzailearen erantzun honen aurrean Clauderen eskuak, kandela piztuta zeramanak, dardara txiki bat egin zuela. Lasaitasunez berrekin zion:

     — Nork eman du hori agindu hori?

     Zaintzaileak erantzun zuen:

     — M.D.k.

     Tailerretako zuzendaria M.D. deitzen zen. Biharamuna bezperaren pare joan zen, Albin gabe. Arratsaldean, lanak amaitzeko tenorean, zuzendariak, M.D.k, ohiko itzulia egin zuen tailerretik. Claudek urrunetik ikusi bezain laster artile lodiko txapela kendu, Clairvaux-ko uniforme tristea den soineko griseko botoiak lotu —ezaguna baita espetxeetan botoiak errespetuz ondo lotuta dituen jantziak on egiten duela nagusien aurrean—, eta txapela eskutan jarlekuaren aurrean tente geratu zen, zuzendaria pasatu zain. Zuzendaria pasatu egin zen.

     — Jauna! —esan zuen Claudek. Zuzendaria gelditu eta erdizka itzuli zen.

     — Jauna —berrekin zion Claudek—, egia da Albin moduluz aldatua izan dela?

     — Bai —erantzun zuen zuzendariak.

     — Jauna —segitu zuen Claudek—, bizi ahal izateko Albin behar dut.

     Eta erantsi zuen:

     — Badakizu hemengo anoarekin ez daukadala jateko nahikoa eta Albinek bere ogia nirekin banatzen zuela.

     — Bere kontua zuan —esan zuen zuzendariak.

     — Jauna, ez dago modurik Albin nire modulu berean jartzeko?

     — Ezinezkoa duk. Erabakia hartuta zagok.

     — Nork hartu du?

     — Neuk.

     — D. jauna —berrekin zion Claudek—, niretzat bizi edo hilezkoa da, eta hori zure eskutan dago.

     — Nik ez diat sekula neure erabakietan atzera egiten.

     — Jauna, ezer egin dizut?

     — Ez, ezer ez.

     — Orduan, zergatik banatzen nauzu Albinengandik?

     — Horrexegatik —esan zuen zuzendariak.

     Azalpen hau emanda, zuzendariak aurrera egin zuen. Claudek burua makurtu zuen eta ez zuen erantzun. Txakur laguna kendu dioten lehoi kaiolaratu gaixoa!

     Esan beharra dugu banaketa honek eragindako saminak ez zuela inolaz baretu presoaren gosea, ia gaixotasunezkoa. Izan ere, itxuraz ez zen nabarmeneko ezer aldatu berarengan. Ez zuen Albini buruz inorekin hitz egin. Atsedenaldietan ibiltokian bakarrik ibiltzen zen, eta goseak zegoen. Besterik ez.

     Alabaina, ondo ezagutzen zutenek, bere aurpegian egunez egun tinkotzen ari zen zerbait ilun eta goibela igarri zioten. Gainerakoan, inoiz baino goxoagoa zen.

     Baten batzuek anoa berarekin elkar banatu nahi izan zuten, baina berak irribarrez uko egin zuen.

     Zuzendariak eman zion azalpenaren ondoren, arratsero, bere gisako gizon serio batengan harrigarria zen gauza zoro bat egiten zuen. Zuzendariak, ordu berean ohiko itzulia egiten ari zela, Clauderen lantokiaren aurretik pasatzen zenean, Claudek begiak altxatu eta tinkotasunez begiratzen zion, eta gero larritasunez eta amorruz betetako tonuan, erregua zein mehatxua biltzen zuen tonuan, soilik honako bi hitzok zuzentzen zizkion: 'Eta Albin?' Zuzendariak ez entzunarena egiten zuen edo sorbaldak altxatuz urruntzen zen. Gizona oker zegoen sorbaldak altxatzen zituenean, ikuskizun arraro hauen ikusle guztientzat agerikoa baitzen Claude Gueuxek bere baitan zer edo zer egiteko erabakia hartua zuena. Kartzela osoa larri zegoen, erabakitasunaren eta irmotasunaren arteko borrokaren emaitza zein izango ote zen zain.

     Claudek behin batean zuzendariari honakoa esan ziola egiaztatu izan da:

     — Aizu, jauna, itzul iezadazu nire laguna. Ondo egingo duzu, zaude ziur. Gogoan izan hau esan dizudala.

     Beste batean, igande batean, ibiltokian, harri baten gainean eserita, ukalondoak belaunen gainean eta bekokia eskuartean, jarrera berdinean ordu batzuk zeramatzala, Paillette kondenatua hurbildu eta honakoa esan zion barreka:

     — Zertan demontre diharduk, Claude?

     Claudek buru zorrotza altxatu eta esan zuen:

     — Norbait epaitzen ari nauk.

     Azkenean, arratsalde batean, 1831ko urriaren 25ean, zuzendaria itzulia egiten ari zela, Claudek pasillo batean aurkitu zuen erloju baten beira hautsi zuen oinpean harrabotsez. Zuzendariak zarata hori nondik zetorren galdetu zuen.

     — Ez da ezer —esan zuen Claudek—, neu naiz. Zuzendari jauna; itzul iezadazu nire laguna.

     — Ezinezkoa —esan zuen nagusiak.

     — Beharrezkoa da, ordea —esan zuen Claudek ahots apal eta tinkoaz; eta, zuzendariari aurrez aurre begiratuz, erantsi zuen:

     — Hausnar ezazu. Gaur urriaren 25a da. Azaroaren 4a bitarteko epea emango dizut.

     Zaintzaile batek Claudek mehatxatu egin zuela ohartarazi zuen M.D., eta zigor ziegarako auzia zela hori.

     — Ez, zigor ziegarik ez —esan zuen zuzendariak erdeinuzko irribarreaz—, jende honekin onak izan behar dugu!

     Biharamunean, gainerako presoak ibiltokiaren beste muturrean zegoen sail eguzkitsuan higitzen ari ziren artean, Claude bakarrik eta pentsakor zebilela, Pernot kondenatua hurbildu zitzaion.

     — Eta, Claude, zertan pentsatzen duk? Goibel dirudik.

     — Beldur nauk —esan zuen Claudek—, ea ez ote zaion laster zoritxarrik gertatuko M.D. on horri.

     Bederatzi egun oso dago urriaren 25etik azaroaren 4ra. Claudek ez zuen bakar bat ere joaten utzi zuzendariari Albinen desagertzeak gero eta egoera latzagoan jartzen zuela serioski esan gabe. Zuzendariak, gogaituta, zigor ziegan hogeita lau orduko zigorra ezarri zion, erreguak aginduaren itxura handiegia zuelako. Horixe da Claudek lortu zuen guztia.

     Heldu zen azaroaren 4a. Egun horretan, M.D.ren erabakiak bere lagunarengandik banatu zuen egunetik ikusi ez zitzaion aurpegi bareaz altxatu zen Claude. Jaiki zenean, ohearen oinetan zegoen ohol zurizko kutxa antzeko bar miatu zuen, bertan gordetzen baitzituen bere txikikeriak, eta jostunen artaziak atera zituen bertatik.

     L'Emile-ren ale osagabe batekin batera, maite izan zuen emakumearengandik, bere umearen amarengandik, garai bateko sendiaren zoriontasunetik geratzen zitzaion bakarra zen. Clauderi askorako balio ez zioten gauzak: artaziak emakume batentzat baino ez ziren aproposak, eta liburua ikasia zen norbaitentzat baino ez. Claudek ez zekien josten, ezta irakurtzen ere.

     Neguan ibiltokiaren funtzioa betetzen duen kalostrape zahar orbandu eta karez zuritua zeharkatzen zuen unean, leiho bateko barrote handiei begira zegoen Ferrari kondenatuari hurbildu zitzaion. Claudek eskuan artazi txikiak zituen, eta Ferrariri erakutsi zizkion esanez: "Gaur gauean barrote horiek artazi hauekin moztuko ditiat".

Ferrari, sinesgaitz, barreka hasi zen, eta Claude ere bai.

     Goiz horretan, ohi baino sutsuago egin zuen lan; sekula ez zuen hainbeste eta hain ondo egin. Bressier jaunak, Troyeseko burges zintzo batek, aurretiaz ordaindua zion lastozko kapela goizean bertan amaitzeko asmo nabarmena erakutsi zuen.

     Eguerdia baino lehentxeago, aitzakia bat argudiatu zuen eta beheko solairuan, justu berak lan egiten zuen solairuaren azpian, zegoen aroztegira jaitsi zen. Han, beste lekuetan bezala, Claude maitatua zen, baina gutxitan sartzen zen bertara. Halatan: "To! Hona hemen Claude!". Inguratu egin zuten. Festatu egin zuten. Claudek begirada bizkorra luzatu zion gelari. Zaintzaile bakar bat ez.

     — Nork utzi ahal zidak aizkora bat? —esan zuen.

     — Zertarako? —galdetu zioten.

     Eta erantzun zuen:

     — Gaur arratsaldean tailerreko zuzendaria hiltzeko duk.

     Aizkora batzuk eman zizkioten aukeran. Txikiena hartu zuen, zorrotz-zorrotza; praketan ezkutatu eta irten egin zen. Hogeita zazpi preso zeuden bertan. Ez zien eskatu sekretua gordetzeko. Denek gorde zuten. Ez zuten horretaz hitz egin, ezta beraien artean ere.

     Bakoitza bere kasa gelditu zen gertatuko zenaren zain. Auzia ikaragarria zen, zuzena eta xinplea. Ez zegoen nahasketa posiblerik. Inork ezin zion Clauderi aholkurik eman eta inork ezin zuen salatu. Ordu bete beranduago, ibiltokian aharrausika zebilen hamasei urteko gazte kondenatu bati hurbildu zitzaion eta irakurtzen ikas zezan aholkatu zion. Momentu horretan, Paillete presoa hurreratu zitzaion Clauderi, eta praketan zer demontre ezkutatzen zuen galdetu zion. Claudek zera esan zuen.:

     — Gaur arratsaldean M.D. hiltzeko aizkora bat duk —eta erantsi zuen:

     — Ikusi egiten duk, ala?

     — Pixka bat —esan zuen Faillettek.

     Egunaren gainerakoa ohi bezala joan zen. Arratsaldeko zazpietan presoak itxi egin zituzten, talde bakoitza zegokion tailerreko atalean, eta zaintzaileak lan geletatik irten ziren, antza denez ohikoa zen moduan zuzendariaren itzuliaren ostera arte ez itzultzeko.

Halatan, Claude Gueux, besteak bezala, zegokion tailerrean itxi zuten lankideekin batera.

     Orduan tailer honetan ikuskizun aparta gertatu zen, maiestatez bezainbeste izuz jantziriko ikuskizuna, inolako kontakizunak konta ezin lezakeena.

     Geroago egin den ikerketa judizialak agerian utzi duenez, laurogeita hamabi lapur zeuden han, Claude barne.

     Zaintzaileek bakarrik utzi zituztenean, Claude eserlekuaren gainean tente ipini zen eta areto osoari esateko zerbait zuela jakinarazi zion. Isiltasuna egin zen. Orduan Claudek ahotsa ozendu eta esan zuen:

     — Denok dakizue Albin anaia nuela. Ez diat nahikoa hemen jaten ematen didatenarekin. Irabazten dudanarekin ogia baino erosiko ez banu ere, ez lukek nahikoa. Albinek bere anoa nirekin partekatzen zian; hasieran jaten eman zidalako maitatu nian, gero maitatu egin ninduelako. Zuzendariak, M.D.k, banandu egin gaitik. Gu elkarrekin egoteak ez zioan kalterik egiten; baina min eginez gozatzen duen gizon gaiztoa duk. Albin eskatu zioat. Ikusi duzue, ez dik nahi izan. Albin itzul diezadan azaroaren 4a arte utzi zioat. Zigor ziegan sartu naik hori esateagatik. Nik, bien bitartean, epaitu egin diat eta hiltzera kondenatu diat. Azaroaren 4an gaudek. Bi ordu barru itzulia egitera etorriko duk. Hil egingo dudala diotsuet. Baduzue esateko ezer?

     Denak isilik geratu ziren.

     Claudek jarraitu egin zuen. Dirudienez, berezkoa zuen hitz jario ederraz aritu zen. Bortxakeria erabiliko zuela bazekiela esan zuen, baina ez zuela uste oker zegoenik. Entzuten zioten laurogeita bat lapurren kontzientzia lekuko gisa hartu zuen. Ataka gaiztoan zegoela. Justizia norberak egin behar izatea, noizbehinka halabeharrez aurkitzen garen kale itsua zela. Benetan, ezin zuela zuzendariaren bizitza hartu berea eman gabe, baina egoki irizten ziola bizitza gauza zuzen baten alde emateari. Luze eta sakon hausnartu zuela, eta horretan bakarrik, bi hilabetetik hona. Bere iritziz ez zuela jokatzen amorruak eraginda, baina horrela balitz esan ziezaiotela erregutzen zuen. Bere arrazoiak onestasunez agerrarazten zituela entzuten ari ziren gizon zintzoen aurrean. Halatan M.D. hilko zuela baina norbaitek eragozpenik izanez gero entzuteko prest zegoela.

     Ahots bakar bat altxatu zen eta esan zuen zuzendaria hil aurretik, Claudek azkeneko ahalegin bat egin behar zuela zuzendariarekin hitz egin eta iritziz aldarazteko.

     — Zuzena duk —esan zuen Claudek—, eta egin egingo diat.

     Zortziak jo zuten erloju handian. Zuzendariak bederatzietan etorri behar zuen.

     Helegite epaitegi bitxi honek nolabait emandako epaia berretsi zuenean, Claudek lasaitasun osoa berreskuratu zuen. Arropatan eta oihaletan zeukan guztia, presoaren hondakin urria, mahai baten gainean ipini zuen eta, Albinen ondoren gehien maite zituen kideei deituz, dena eman zien. Artazi txikiak baino ez zituen gorde.

     Gero, denei musu eman zien. Batzuek negar egiten zuten; horiei irribarre egiten zien.

     Azken ordu horretan izan zen unerik, hainbesteko lasaitasunez eta baita alaitasunez ere hitz egin zuenik, non kide batzuek, barnean, geroago azaldu zuten bezala, agian erabakian atzera egingo zuela pentsatu baitzuten. Behin, tailerra argitzen zuen kandela eskasetako bat sudurreko putzez itzaliz jolasean ere ihardun zuen, bere berezko duintasuna behar baino gehiagotan okertzen zuten hezkuntza-ohitura txarrak baitzituen. Ezinezkoa zen kalekume honi noizbehinka Pariseko putzuen usaina jariatzea galaraztea.

     Zurbil zegoen preso gazte bat ikusi zuen, begiak mugitu barik begiratzen ziona, eta dardaraz zegoena, ziur aski ikusiko zuenaren zain.

     — Aupa gazte, eutsiok gogor! —esan zion Claudek goxo—. Unetxo bateko kontua besterik ez duk izango.

     Bere ondasun txiroa banatu ostean, agur oro egin ostean, esku guztiak itxi ostean, tailerreko txoko ilunetan han-hemenka ari ziren hizketa urduri guztiak etenarazi eta lanari berrekiteko agindu zuen. Denok isilik obeditu zioten.

     Hau guztia gertatzen zen aretoa laukizuzen tankerakoa zen, bi alde handietan leihoek zulatuta eta bi muturretan elkarri begiratzen zioten bi ate zituen paralelogramo luzea. Lantokiak leihoen ondoan alde banatan lerrokatuta zeuden, jarlekuek angelu zuzenean horma ukituz, eta lantokien bi lerroen artean libre gelditzen zen tarteak ate batetik bestera zuzen zihoan bide luze bat osatzen zuen, areto osoa aldez alde zeharkatuz. Zuzendariak bide luze aski estu hau zeharkatu behar zuen ikusketa egiterakoan; hegoaldeko atetik sartu eta iparraldeko atetik irten behar zuen, langileak ezker-eskuinean begiratu eta gero. Ibilbidea nahikoa bizkor eta gelditu gabe egin ohi zuen. Claude bere jarlekuan kokatu eta lanari berrekin zion, Jacques Clementek otoitzari ekin bide zion bezala.

     Denak zain zeuden. Unea iristear zegoen. Bat-batean kanpai hotsa entzun zuten. Claudek esan zuen: "Laurden gutxi duk". Orduan altxatu, seriotasunez aretoaren zati bat zeharkatu eta ezkerreko lehen lantokiaren bazter batean kokatu zen, sarrerako atearen ondo-ondoan. Aurpegia bare-bare eta onbera zuen. Bederatziak jo zuten. Atea ireki egin zen. Zuzendaria sartu zen.

     Une horretan, tailerrean kanposantuko isiltasuna hedatu zen. Zuzendaria ohi bezala bakarrik zegoen. Sartu zen, bere tankera alai, gogobete eta gogorraz. Ez zuen atearen ezker aldean zutik, eskumako eskua praketan, ezkutatuta zegoen Claude ikusi, eta bizkor pasatu zen lehen lantokien aurretik, burua gora eta behera astinduz, hitzak haginkatuz, eta han-hemenka begirada funsgabea zuzenduz, inguratzen zuten begi guztiak ideia ikaragarri batean tinkotuta zeudela konturatu gabe.

     Bat-batean deblauki itzuli zen, atzetik oin hotsa entzuteaz harritura.

     Claude zen, lehentxeagotik isilean jarraitzen ziona.

     — Zer egiten duk hor? —esan zuen zuzendariak—. Zergatik ez hago heure lantokian?

     Han gizona ez delako gizon, txakurra baino, hika egiten zaio.

     Claudek errespetuz erantzun zion:

     — Hitz egin nahi dizut, zuzendari jauna.

     — Zertaz?

     — Albini buruz.

     — Berriro? —esan zuen zuzendariak.

     — Beti! —esan zuen Claudek.

     — Alafede, oraindik hori! —berrekin zion zuzendariak oinez segituz—. Beraz ez duk nahikoa izan hogeita lau orduko zigor ziegarekin?

     Claudek, bere ondorean beti, erantzun zion:

     — Zuzendari jauna, itzul iezadazu nire kidea.

     — Ezinezkoa!

     — Zuzendari jauna —esan zuen Claudek deabrua bera samurtuko zukeen ahotsaz—, erregutu egiten dizut, jar ezazu berriro Albin nirekin, ikusiko duzu zein ondo egingo dudan lan. Zu libre zaudela, berdin zaizu, ez dakizu zer den lagun bat; baina nik espetxeko lau hormak baino ez dauzkat. Zu joan eta etorri egin ahal zara; nik ez daukat Albin baino. Itzul iezadazu. Albinek jaten ematen zidan, badakizu. Ez zaizu kostatuko bai esatearen ahalegina baizik. Zer ardura dizu areto berean Claude Gueux izeneko gizon bat eta Albin izeneko beste bat egoteak? Ez baita hori baino zailagoa. Zuzendari jauna, nire D. jaun ona, benetan erregutzen dizut, jaungoikoaren izenean!

     Akaso Claudek inoiz ez zion esan hainbeste kartzelari bati. Ahalegin honen ondoren, neka-neka eginda, zain gelditu zen. Zuzendariak ezinegon keinuaz erantzun zion:

     — Ezinezkoa. Esana duk. Hara, ez iezadak berriz hitz egin honetaz. Asperrarazi egiten nauk.

     Eta presatua balitz bezala, urratsa bizkortu zuen. Claudek ere bai. Horrela hizkeran, irteerako atearen ondora helduak ziren biak; laurogei lapurrek begira eta entzuten ziharduten, arnasestuka.

     Claudek amultsuki ukitu zuen zuzendariaren besoa.

     — Baina gutxienez jakin dezadan zergatik naizen hiltzera kondenatua. Esadazu zergatik urrundu duzun nigandik.

     — Esan dizut —erantzun zuen zuzendariak—. Horrexegatik.

     Eta, Clauderi bizkarra emanez, eskua irteerako ateko morroilorantz luzatu zuen.

     Zuzendariaren erantzunaren aurrean, Claudek urrats bat egin zuen atzerantz. Han ziren laurogei estatuek praketatik eskumako eskua aizkorarekin ateratzen ikusi zuten. Eskua altxatu eta, zuzendariak oihu egiteko astia izan barik, hiru aizkorakadek —gauza izugarria, hirurak zauri berean egindakoek— buru-hezurra ireki zioten. Atzerantz erortzen ari zen unean, laugarren kolpe batek aurpegia zauritu zion; gero, abiadan den amorrua motzean gelditzen ez denez, Claude Gueuxek alferrekoa zen bosgarren kolpe batez eskumako izterra arraildu zion. Zuzendaria hilda zegoen. Orduan Claudek aizkora bota eta oihu egin zuen: "Orain bestea!". Bestea, berori zen. Arropa artetik bere 'emaztearen' artaziak ateratzen ikusi zuten eta, inork geldiaraztea pentsatu gabe, bularrean sartzen hasi zen. Artazien ahoa motza zen, bere bularra sakona. Luzaroan eta hogei aldiz baino gehiagotan miatu zuen, "Bihotz madarikatua, ez ahal zaitut aurkituko!" oihuka. Eta azkenean odoletan blai gainbeheran erori zen, konortea galduta, hildakoaren gainean.

     Zein zen zeinen biktima?

     Claude bere onera etorri zenean, ohe batean zegoen, bendaz eta hesgailuz inguratuta, ondo artatuta. Ohantzean karitateko lekaimeak zituen, gehi bere iharduna egiten ari zen instrukzio epailea. Honek arreta handiz galdetu zion: "Nola sentitzen zara?"

     Odol asko galdu zuen, baina superstizio hunkigarriz bere burua jotzeko erabili zituen artaziek txarto egin zuten beren eginbeharra, kolpeetako bat ere ez baitzitzaion arriskutsua izan. Beretzat M.D.ri eman zizkion kolpeak baino ez ziren hilgarriak.

     Galdeketak hasi ziren. Clairvaux-ko tailerretako zuzendaria berak hil ote zuen galdetu zioten. "Bai", erantzun zuen. Zergatia galdetu zioten. "Horrexegatik", erantzun zuen.

     Halere, halako momentu batean zauriak zoldu egin ziren, ia heriotzara eraman zuen kalentura gaizto batek hartu zuen.

     Azaroa, abendua, urtarrila eta otsaila artaketa eta prestaketatan joan ziren; sendagileak eta epaileak Clauderen inguruan saiatzen ziren; batzuek zauriak sendatzen zizkioten, besteek urkamendia eraikitzen zioten.

     Labur dezagun. 1832.ean, erabat sendatuta,Troyeseko azisetako gortearen aurrean agertu zen. Hiriak jendetzan eman zezakeen guztia hantxe zegoen.

     Claudek jarrera ona gorde zuen epaimahaiaren aurrean. Bizarra txukun egin zuen; burua biluzik, Clairvaux-ko presoen soineko hitsa zeraman, bi gris antzerakotan banatuta.

     Erregearen prokuradoreak auzoko baioneta guztiekin gainbete zuen aretoa, "Auzi honetan lekuko gisa agertu behar zuten gaiztagin guztiei eutsi ahal izateko", esan zion entzutegiari.

     Eztabaidei ekiteko unean, zailtasun bitxi bat sortu zen. Azaroaren 4an lekuko izan zirenetatik batek ere ez zuen Clauderen aurka deklaratu nahi. Lehendakariak bere boterea erabiliz mehatxatu zituen. Alferrekoa izan zen. Claudek orduan deklara zezaten eskatu zien. Mingain guztiak askatu egin ziren. Ikusi zutena esan zuten.

     Claudek arreta handiz entzuten zien guztiei. Baten batek, ahaztuta edo Clauderekiko atxikimenduz, auzipetuaren aurka egon zitezkeen gertakizunak aipatzen ez bazituen, Claudek zuzendu egiten zituen.

     Lekukotasunez lekukotasun, aipatu berri ditugun gertakizunen nondik norakoa epaimahaiaren aurrean lerrokatu zen.

     Une batean, bertan ziren emakumeak negarrez hasi ziren. Uxerrak Albin kondenatuari deitu zion. Deklaratzeko txanda zuen. Kili-kolo sartu zen, negar zotinka ari zen. Jendarmeek ezin izan zioten galarazi Clauderen besoetan eror zedin. Claudek eutsi egin zion eta irribarrez erregearen prokuradoreari esan zion: "Hona hemen bere ogia gose direnekin banantzen duen gaiztagin bat". Gero Albinen eskua musukatu zuen.

     Lekuko guztien zerrenda amaitu eta gero, erregearen prokuradore jauna jaiki eta honela mintzatu zen: "Epaile jaunak, gizartea oinarritik bertatik erauziko litzateke mendeku publikoak honako hau bezalako errudun handiak harrapatuko ez balitu, eta abar".

     Hitzaldi gogoangarri honen ondoren, Clauderen abokatuak hitz egin zuen. Aldeko eta aurkako mintzaldiek epaiketa kriminala deritzon hipodromo gisako horretan egin ohi diren itzuliak egin zituzten.

     Claudek dena esan gabe zegoela iritzi zion. Orduan zutitu egin zen. Mintzatu zen erak entzutegian zegoen pertsona adimentsu oro mira eginda utzi zituen. Badirudi langile xehe honek gehiago zeukala hizlariarena hiltzailearena baino. Zutik hitz egin zuen, ahots sakon eta ondo neurtuaz, begirada argi, zintzo eta erabakiorraz, ia beti berdina baina eraginez betea zen keinuaz. Gauzak ziren horretan esan zituen, sinpleki, seriotasunez, laztu gabe eta bigundu gabe. Dena onartu zuen, 296. artikuluari aurrez aurre begiratu, eta burua beronen pean jarri zuen. Izan ziren hitz jario bikaineko uneak, jendetza inarrosarazi, eta esandakoa entzuleen artean belarriz belarri errepikarazi zutenak. Claudek une hauek eragindako zurrumurrua profitatzen zuen hatsa berreskuratzeko, entzuleei begirada harroa zuzenduz. Une batzuetan, irakurtzen ez zekien gizon hau goxoa zen, hezia, jantzia, pertsona ikasi baten parekoa. Gero, unean uneka ere, apala, neurtua, arretaduna, eztabaidaren atal nardagarrietan urratsez urrats ibilki, epaileekiko onginahiez. Behin bakarrik harrapatu zuen haserreak.

     Erregearen prokuradoreak, osotasunean aipatu dugun mintzaldian, esan berri zuen Claude Gueuxek zuzendariarengandik inolako ekintza edo bortxarik jaso gabe hil zuela, probokaziorik gabe, ondorioz.

     — Zer! —oihukatu zuen Claudek— Ez nauela probokatu!? A! Bai, benetan, zuzena da, ulertzen dizut. Esan nahi da: mozkor barek ukabilkada bat ematen dit, hil egiten dut, probokatu egin nau, beraz, barkatu egiten nauzue eta galeretara bidali. Baina mozkortuta ez zegoen gizon batek, arrazoi osoaren jabe izanik, lau urtez bihotza zanpatzen dit, lau urtez umiliatu egiten nau, egunero, ordu oro, minutu oro, orratz batekin ustekabeko lekuan ziztatzen nau! Banuen emakume bat zeinaren alde ostu egin dudan, eta emakume horrekin torturatzen nau. Banuen haur bat zeinaren alde ostu dudan, eta haur horrekin torturatzen nau. Ez dut ogi nahikorik, lagun batek eman egiten dit, eta ogia eta laguna kentzen dizkit. Laguna eskatzen diot; zigor ziegan sartzen nau. Nik salatari horri zuka esaten diot, berak hika esaten dit. Sufritu egiten dudala esaten diot, asperrarazi egiten dudala berak. Orduan, zer nahi duzu egitea? Hil egiten dut. Ondo da, munstro bat naiz. Gizon hori hil egin dut, ez nau probokatu, beraz, burua mozten didazue. Egizue.

     Mugimendu liluragarria, gure ustez, tupustean, probokazio materialean oinarritzen den zirkunstantzia aringarrien eskala gaizki proportzionatuaren gainetik, legeak ahantzita daukan probokazio moralaren teoria oso bat azalerazi duena.

     Eztabaidak itxita, lehendakariak laburketa inpartzial eta argigarria egin zuen. Honakoa ondorioztatu zuten. Bizitza zatarra; zinez, munstro bat; Claude Gueux prostituta batekin ohaidetzan bizitzen hasi zen; gero ostu egin zuen, gero hil egin zuen. Hori guztia egia zen.

     Epaimahaikideak hausnarketa gelara igortzeko unean, lehendakariak auzipetuari auziari buruz esateko ezer ba ote zuen galdetu zion.

     — Ezer gutxi —esan zuen Claudek—. Hona hemen, baina. Lapurra eta hiltzailea naiz: lapurtu egin dun eta hil egin dut. Baina zergatik lapurtu dut? Zergatik hil dut? Bi galdera hauek besteen ondoan ezar itzazue, epaimahaikide jaunok.

     Ordu laurdeneko hausnarketaren ondoren, epaimahaikide jaunak zeritzoten hamabi xanpaindarren adierazpenean oinarrituz, Claude Gueux heriotzara zigortu zuten.

     Egia da eztabaidak hasi bezain laster haietako batzuk ohartu zirela auzipetua Gueux deitzen zela, eta horrek sakonki inpresionatu zituela.

     Epaia Clauderi irakurri zioten eta honek honakoa besterik ez zuen esan: "Ondo dago. Baina zergatik lapurtu du gizon honek? Zergatik hil du gizon honek?". Hona hemen erantzunik jaso ez duten bi galdera.

     Espetxera itzulita, ia alaiki afaldu eta esan zuen: "Hogeita hamasei urte beteta!".

     Ez zuen helegiterik egin nahi izan. Artatu zuen lekaimeetako batek negar malkotan erregutu zion. Beregatik, helegitea egin zuen. Azken unera arte eutsi ziola dirudi, helegite agiria espetxeko idazkaritzako erregistroan sinatu zuenean hiru egunetako legezko epea minutu batzuez gaindituta baitzegoen. Emakume gaixoak esker onez bost libera eman zizkion. Dirua hartu era eskerrak eman zizkion.

     Helegitea aztertzen ari ziren bitartean, Troyeseko presoek, bere aldeko ahaleginetan, ihesaldi eskaintzak egin zizkioten. Uko egin zien. Presoek, hurrenez hurren, iltze bat, burdinazko hari zati bat eta pertz baten heldulekua bota zizkioten argizulotik ziegara. Hiru gauzetako bakoitza nahikoa zatekeen Claude zen gizon argitsuak kateak lima zitzan. Heldulekua, burdinazko haria eta iltzea zaintzaileari eman zizkion. 1832.eko ekainaren 8an, gertakizunetik zazpi hilabete eta lau egunetara, ordaintzeko tenorea heldu zen, pede claudo, dakusagun legez. Egun horretan, goizeko zazpietan, epaitegiko idazkaria Clauderen leotzean sarta, eta bizi izateko ordu bete baino ez zuela jakinarazi zion. Helegitea ukatu egin zuten.

     — Tira —esan zuen Claudek hotz-hotzean—, bart ondo egin dut lo, datorren gauean are hobeto egingo dudala jakin gabe.

     Badirudi gizon sendoen hitzek halako handitasuna hartzen dutela beti heriotza hurbiltzean.

     Apaiza heldu zen, gero borreroa. Apala izan zen apaizarekin, goxoa bestearekin. Ez zuen ukatu ez bere arima ez bere gorputza.

     Adimena erabat argi gorde zuen. Ilea mozten zioten bitartean, ziegako txoko batetik, norbaitek une horretan Troyes mehatxatzen zuen koleraz hitz egin zuen.

     — Niri dagokidanez —esan zuen Claudek irribarre batekin—, ez naiz koleraren beldur.

     Bestalde, apaizari arreta osoz entzuten zion, anitz aitortuz eta erlijioan ikasteko aukerarik eduki ez izanaz atsekabetuz.

     Berorrek eskatuta, bere burua kolpatzeko erabili zituen artaziak eman zizkioten. Aho bat falta zitzaien, bularrean apurtu baitzitzaion. Kartzelariari artaziok Albini eraman ziezazkion eskatu zion. Jaraunspen horri, egunean jan behar zukeen ogi anoa eranstea eskatu zuen.

     Eskuak lotu zizkiotenei, lekaimeak eman zizkion bost liberak —une horretan geratzen zitzaion gauza bakarra— eskumako eskuan jartzeko eskatu zien.

     Zortziak laurden gutxitan espetxetik irten zen, segizio ilun guztiarekin. Oinez zihoan, zurbil, begirada apaizaren gurutzeari zuzenduta, baina tinko ibilki.

     Egun hori merkatu eguna zelako hautatu zuten exekuziorako, ibilbidean ahalik eta jende gehiena egon zedin. Izan ere, antza denez ba omen baitago oraindik Frantzian herrixka erdi basatirik, gizarteak gizona hiltzen duenean harro agertzen denik.

     Urkamendira seriotasunez igo zen, begirada Jesukristoren urkabean tinkatuta. Apaizari musu eman nahi izan zion, gero borreroari, batari eskerrak emanez, besteari barkamena eskainiz. Borreroak goxo gibelarazi zuen, kontakizun batek dioenez. Tramankulu nardagarriari lotzen zuten unean, apaizari keinu egin zion eskumako eskuan zeukan bost liberako txanpona bar zezan, eta esan zion: “Behartsuentzat". Zortziak une horretantxe jo zutenez, dorreko erlojuaren soinuak ahotsa estali zion, eta aitorleak ez ziola entzuten esan zion. Claudek bi kanpai-hotsen arteko tartea arte itxaron eta goxo errepikatu zuen: "Behartsuentzat".

     Zortzigarren kanpaikada jotzeke zegoen buru argitsu eta noble hau erorita zegoela.

     Exekuzio publikoen eragin goresgarria! Egun horretan bertan, tramankulua oraindik zutik eta garbitu gabe erdian zegoela, merkatuko jendea jazarri egin zen tarifa-auzi baten ondorioz, eta zergako langile bat sarraskitu zuten. Nolako herri goxoa sortzen duten halako legeek!

     Claude Gueuxen istorioa xeheki kontatzeari beharrezkoa iritzi diogu. Izan ere, gure ustetan, istorio honetako paragrafo orok atalburu funtzioa bete lezakete hemeretzigarren mende honetan herriaren auzi garrantzitsua dena konponduko litzatekeen liburuan. Bizitza garrantzitsu honetan bi aldi nagusi daude: gainbehera baino lehen, gainbehera eta gero. Bi aldien artean, bi galdera: hezkuntzaren galdera, zigorraren galdera eta, bi galdera horien artean, gizartea osotasunean.

     Gizon hau, zinez, ondo jaioa zen, ondo antolatua, ondo dohaindua. Zer izan du faltan, beraz? Hausnar ezazue.

     Proportzioaren arazo sakona dugu aurrean eta erantzunak, oraindik aurkitzeke dagoenak, oreka unibertsala emango du ondoriotzat: Gizarteak beti naturak bezainbeste egin dezala gizabanakoaren alde.

     Begira iezaiozue Claude Gueuxi. Adimen onekoa, bihotz onekoa, zalantza barik. Baina patuak hain txarto egindako gizartean jarri du, ezen azkenean lapurretan egin baitu. Gizarteak hain txarto egindako espetxean sartu du, non azkenean hil egin baitu.

     Nor da benetan erruduna? Bera da? Geu gara?

     Galdera zorrotzak, galdera lazgarriak, une honetan guztion adimena eskatzen dutenak; garen honetan jantziaren muturretik tiraka ditugunak; egunen batean bidea erabat itxiko digutenak aurrez aurre begiratzera eta zer nahi duten jakitera behartzeko.

     Lerro hauek idazten dituena agian laster saiatuko da nola ulertzen dituen esaten.

     Halako gertakizunen aurrean, halako galderek nola akuilatzen gaituzten gogoetatzen dugunean, gobernuan daudenek zer pentsatzen duten bururatzen zaigu, horretan pentsatzen ez ote duten.

     Ganbarak, urte oro, auzi larriekin lanez gainezka daude. Zalantzarik gabe, hagitz garrantzitsua da alferlanak hustu eta aurrekontua garbitzea; garrantzitsua da legeak egitea, ezagutzen ez dudan eta ezagutu nahi ez dudan Lobauko Jaun kondearen ate aurrean, soldaduz mozorrotuta, patriotikoki guardia egitera joan nadin, edota Marigny kantoian, nire ofizial bihurtu duten auzoko dendariaren nahikeriaren arabera lerro erakuskeriatan ibiltzera behartu nazaten.

     Garrantzitsua da, diputatu edo ministrook, herri honetako gauza eta ideia guztiak eztabaida antzuetan akitzea eta tirabiraka erabiltzea. Funtsezkoa da, adibidez, hemeretzigarren mendeko artea erruztatuen aulkian ipintzea eta, zer esaten den ere jakin barik, erantzun nahi ez duen eta ondo egiten duen auzipetu handi eta zorrotz hau oihuka batean galdekatzea. Bide egokia da, gobernatzaile eta legegile jaunok, errebaletako eskola maisuen sorbaldak altxarazten dituzten hitzaldi klasikoetan denbora ematea. Baliagarria da intzestua, adulterioa, haur-hilketa, parrizidioa eta pozoitzea drama modernoak asmatu dituela adieraztea, honela, Fedra, Jokasta, Edipo, Medea edo Rodogune ezagutzen ez direla erakutsiz; ezinbestekoa da nazio honetako hizlari politikoek, hiru egun luzetan zehar, aurrekontua dela eta, Corneilleren edo Racineren alde", ez dakigu noren aurka, ezpatak tente borrokan jardutea, eta abagune literario hau profitatzea batak besteari frantseserako akats handiak eztarrian barruraino hondoratzeko.

     Hori guztia garrantzitsua da; baina gure ustez horiek baino gauza garrantzitsuagoak egon litezke akaso.

     Zer esango luke Ganbarak, oposizioak ministerioari edo ministerioak oposizioari erasoz sortzen diren liskar funtsik gabeko horien erdian, bat-batean, Ganbarako eserlekuetan edo tribuna publikoan, berdin dio, norbait altxatu eta hitz serio hauek esango balitu:

     «Isil zaitez, Mauguin jauna, isil zaitez, Thiers jauna! Auziaren mamian zaudela uste duzu, eta ez zaude egon. Hona hemen auzia zein den, justiziak, duela urtebete eskas, Pamierren gizon bat xehatu du aiztoz; Dijonen emakume bati burua erauzi dio; Parisen Saint-Jacques barreran, exekuzio publikoak egiten ditu. Horixe da auzia. Ardura zaitez horretaz. Guardia Nazionalaren botoiek zuriak edo horiak izan behar ote duten, eta ziurtasuna segurtamena baino gauza ederragoa ote den inguruan liskarrean aritzen

zarete.

     »Zentroko jaunok, muturretako jaunok, herriaren gehiengoa sufritzen ari da! 'Errepublika' deitzen diozuela edo 'Monarkia' deitzen diozuela, herriak sufritu egiten du. Hori horrela da.

     »Herria goseak dago, herria hotzak dago. Miseriak krimenera eta biziora bultzatzen du, sexuaren arabera. Herriaz erruki zaitezte, bortxazko lanek semeak eta putetxeek alabak kentzen baitizkiote. Galeraratu gehiegi duzue, prostituta gehiegi duzue. Zer erakusten dute bi zauri hauek?

     »Gizarteak bizioa duela odolean. Gaixoaren ohantzean kontsultan zaudete; ardura zaitezte gaixotasunaz.

     »Gaixotasuna txarto sendatzen duzue. Hobeto azter ezazue. Egiten dituzuen legeak, egiten dituzuenean, aringarriak eta txaplatak baino ez dira. Zuen kodeetako erdiak ohikeria dira, beste erdia enpirismoa. Burdina goriz markatzea, zauria gangrenatzen zuen kauterizazioa zen; kondena itsua, krimena bizitza osorako kriminalari josten eta iltzatzen ziona! Biak lagun, kide, banaezin bihurtzen zituena! Bagne-a sendabide zentzugabea da, ateratzen duen odol gaizto ia guztia, are txarragoa bihurtu ostean, suntsitu egiten duena. Heriotza zigorra anputazio basatia da.

     »Burdina goriz markatzea, bortxazko lanak, heriotzá zigorra, soka beraren hiru atal dira! Burdina goriz markatzea ezabatu egin duzue, logikoak bazarete, gainerakoa ken ezazue. Burdina goria, oin-burdinak eta gillotinaren aiztoa, silogismo beraren hiru zatiak ziren. Burdina goria kendu duzue, oin-burdinak eta gillotinaren aiztoak ez dute zentzurik. Farinace izugarria zen, baina ez zen absurdua.

     »Desegin iezadazue krimen eta zigorren eskala herren zahar hori, eta berregin ezazue. Berregin ezazue zeuen zigorketa, berregin itzazue zeuen kodeak, berregin itzazue zeuen espetxeak, berregin itzazue zeuen epaileak. Jar itzazue legeak usadioen mailan.

     »Jaunok, Frantzian urtero buru gehiegi mozten da. Ekonomia lanak egiten ari zaretenez, egin itzazue horretan. Eliminazio sasoian zaudetenez, elimina ezazue borreroa. Laurogei borreroen soldataz seiehun maisu ordainduko dituzue.

     »Pentsa ezazue herriaren gehiengoan. Eskolak haurrentzat, lantegiak gizonentzat. Badakizue Frantzia dela Europan irakurtzen dakiten herritarren gutxiengoa duena? Zer! Suitzak irakurtzen daki, Belgikak irakurtzen daki, Danimarkak irakurtzen daki, Greziak irakurtzen daki, Irlandak irakurtzen daki, eta Frantziak ez daki irakurtzen? Lotsagarria da.

     »Joan zaitezte bagne-etara. Deitu zeuen ingurura presoen multzoa. Giza legeak kondenaturiko horiek guztiak,banan-banan azter itzazue. Kalkula ezazue soslai guztien makurdura, uki itzazue buru-hezur guztiak. Gainbeheran eroritako gizonetako bakoitzak piztia mota baten irudia du bere baitan; badirudi horietako bakoitza piztia mota hau edo bestearen eta gizakiaren arteko lotura puntuan kokatzen dela. Hona hemen otso orein-jalea, hona hemen katua, hona hemen tximinoa, hona hemen saia, hona hemen hiena. Baina, txarto egindako buru hauetan, lehen hutsa naturarena da zalantzarik gabe, bigarrena hezkuntzarena. Naturak gaizki zirriborratu du, hezkuntzak txarto txukundu du zirriborroa. Bidera itzazue zeuen ardurak alde horretarantz. Heziketa egokia herriarentzat. Gara itzazue ahalik eta hoberen zoritxarreko buru horiek, barman duten adimena handitu ahal izan dadin. Nazioek beren instituzioen arabera buru-hezurra ondo edo gaizki egina dute. Erromak eta Greziak bekokia zuzen zeukaten. Herriaren aurpegiaren angelua ahal duzuen guztia zabal ezazue.

     »Frantziak irakurtzen dakienean, ez ezazue norabiderik gabe utzi gararazi duzuen adimen hau. Berriro anabasa litzateke. Ezjakintasuna ezagutza txarra baino hobea da. Ez. Gogora ezazue badagoela liburu bat Mathieu Kidea baino filosofikoagoa, Konstituzionala baino herrikoiagoa, 1830eko hitzarmena baino betierekoagoa. Liburu saindua da. Eta hemen, azalpen-hitz bat. Egiten duzuena egiten duzuela, populuaren, jendetzaren, gehiengoaren patua txiro samarra izango da, zoritxarrekoa eta goibela. Berari egokituko zaio lan gogorra, berari egokituko zaizkio altxatu beharreko zamak, tiratu beharreko zamak, bultzatu beharreko zamak. Azter ezazue balantza honetan: atsegin guztiak aberatsaren aldean, miseria guztiak behartsuaren aldean. Bi zatiak ez ote dira desberdinak? Balantzak ez ote du halabeharrez alde baterantz egin behar, eta Estatuak berarekin? Eta orain behartsuaren puskan erantsi ezazue etorkizun zerutiar baten ziurtasuna, erants ezazue betirako zorionaren irrika, erants ezazue paradisua, kontrapisu ederra! Oreka berrezarri duzue. Behartsuaren puska aberatsaren puskaren parekoa da. Jesusek bazekien hori, Voltairek baino askoz gehiago zekien.

     »Emaiozue lan egiten eta sufritzen duen herriari, emaiozue mundu hau txarra duen herriari, beretzat eginda dagoen mundu hobe bat. Lasai geratuko da, pazientzia edukiko du. Pazientzia itxaropenaz eraikita dago.

     »Erein itzazue, beraz, herriak Ebanjelioz. Biblia bat etxola bakoitzeko. Liburu bakoitzak eta lur sail bakoitzak, bien artean, langile zuzen bat ekoitz dezatela.

Herriko gizonaren burua, horra zer dagoen auzitan. Buru hau hazi baliagarriz beteta dago. Ondo uma dadin eta ondo hel dadin, erabil ezazue argitsuena eta bertutean orekatuena. Lapurretan hil duen hau hobeto bideratua izan balitz, herriaren zerbitzari onena zatekeen. Herriko sama honen burua landu ezazue, labakitu ezazue, urezta ezazue, ernalarazi ezazue; argi ezazue, moralizatu ezazue, erabil ezazue; ez duzue mozteko premiarik edukiko».

 

Claude Gueux
Victor Hugo, 1834

euskaratzailea: Zorion Zamakola
Ataramiñe, 2007