Aitzin solasa
Claude Gueux

Victor Hugo, 1834
Ataramiñe, 2007

 

     Clairvaux, gotorleku bihurtu dugun abadia, leotz bihurtu dugun gela, urkamendi bihurtu dugun aldarea. Horrela deskribatzen digu Victor Hugok aurrean duzun liburuaren hasieran Clairvaux-ko espetxe zentrala. Izan ere, Zorion Zamakolak eta Angel Zelaietak jakinaren gainean azaltzen diguten moduan, Clairvaux XI. mendeko abade-etxe zahar bat baizik ez delako.

     Hurbiltzen zara Clairvaux herrira, Frantzia erdialdeko paraje galduetan kokatua, paradisu terrenal antzeko lur zati lasaian. Frantziako ohiko etxetzar ederrez inguratua, herrixka taberna bakarreko horietako batean bidean eskuinera egin eta han non azaltzen den Clairvaux-ko abadia zaharra begietara, edertasunez eta dotoreziaz beterik. Murru sendoek, antzina kanpokoengandik babesten zutenek, barrukoengandik babesten omen dute orain, abadia Frantziako segurtasun bereziko espetxe nagusienetakoa bihurturik. Abadia izatetik, gotorleku izatera; abadeentzako gelak gordetzetik, ziega-zuloak ezkutatzera; aldarea gurtzetik, urkamendia gurtzera. Hori izan zen eraldaketa. Aurrerapenaz hitz egiten dugunean, horrela ulertzen dute eta gauzatzen dute baten batzuek, Hugoren beraren hitzetan.

     Hugok, 1834.ean idatzitako liburu honetan, Claude Gueux pertsonaia aurkezten digu, adimen onekoa, bihotz onekoa, zalantza barik. Baina patuak hain txarto egindako gizartean jarri du, ezen azkenean lapurretan egin baitu. Gizarteak hain txarto egindako espetxean sartu du, non azkenean hil egin baitu. XIX. mendean benetan bizi izandako pertsona izan zen Claude, baina asmakuntza ere izan zitekeen, beste hainbat eta hainbat paria errealen fikziozko ordezkari bihurturik. Istorioan kontatzen zaigun moduan, Claude Gueux gose da, lanik ez dauka, eta lapurtu egiten du. Eta gogor kondenatu ondoren espetxera bidaltzen dute. Bestetzuek, nonahi, ibaiak kutsatzen dituzte jarduera industrial basatiarekin; airea kutsatzen dute kapitalismoaren hats nardagarriarekin; gerra zibilak eta genozidioak aurrera eramaten dituzte baliabide naturalak xurgatze asmo soilagatik, arma atomikoak probatzen dituzte; herriak zanpatu eta erreprimitzen dituzte harropuzkeriaz. Eta kalean dira. Zoritxarrez, gaur egun ere espetxeak Claude Gueux-ez beterik daude eta, Victor Hugoren liburuan legez, klase sozial baxuenetakoak eta baliabide urrikoak izaten jarraitzen dute.

     Errepublikazale amorratu bihurturik, eta injustizia sozialen aurkari heriotza egunerarte, Victor Hugok garaiko egoera sozial zein politikoaren salaketa gogorrak egin zituen idatzi zituen liburu ugaritan. Horren adibide dira bere Les Misérables obra ezaguna, eta baita eskuetan duzun Claude Gueux ere. Artean Frantzian indarrean zegoen heriotza zigorraren aurkako argumentu literario bihurturik, Claude Gueux liburuan heriotza zigorraren salaketa garbia egiten digu Hugok, Truman Capotek eta bestetzuek askoz beranduago jarraitutako bidearen mugarri. Claude pertsonaiaren bizitza eredutzat harturik, Frantziako XIX. mendeko egoera sozial, politiko eta judizialaren salaketa egiten du, duda izpirik erakutsi gabe. Clairvaux-ko espetxea liburuaren kokagune nagusi bihurturik, garaiko espetxeen eta sistema penal zein penitentziarioaren kritika zorrotza luzatzen digu.

     Egun 5 euskal preso politiko daude Claude Gueuxek behinola zapaldutako Clairvaux-ko espetxe zentralean. Bost euskal presok zeharkatzen dituzte kartzela bihurtutako abadia zaharraren korridoreak, jasaten dituzte M.D. modernoen zitalkeria patologikoak. Kalean zirenean bostok zuten jatekorik, lanik ere akaso. Baina sorterria zena, jatekorik gabe zutena, elikatu ezinean. Demokrazia eta zuzenbidezko estatuaren munstrotzarrak itota eta askatasun gose ziren. Eta lapurtu egin zuten: itxaropena lapurtu zuten; etorkizuna lapurtu zuten, eskuzabaltasunez lapurtu ere. Eta gogor kondenatu eta espetxeratu zituzten.

     Ez omen dute ulertzen nolatan Euskal Herriak, mendez mende, zapalkuntza saiakera oro eta etengabeen gainetik, artean bizirik dirauen. Ez omen dute ulertzen nolatan herri oso bat borrokatzen den bere eskubideen eta askatasunaren alde. Baina erraza duk, motel: horrexegatik, hain zuzen ere.

 

Aitzin solasa
Claude Gueux

Victor Hugo, 1834
Ataramiñe, 2007