Gassan Kanafani. Aurkezpena
Iņigo Aranbarri

Susa, 30 zkia., 1993
armiarma.eus, 2019

 

      Akkah-n jaioa 1936an, oso gazterik egin zuen familia guztiak Jafa-ra. Baina 48an Israelgo estatua sortzen da eta erbesterako bidea urratu beharko du, Libano hegoaldean hasieran, Damaskon geroago.

      Eskola maisu eta arte irakasle izango da Nazio Batuek iheslarientzat antolatutako babes eremuetan. Damaskoko Unibertsitatean sartzea lortu eta literatura adarrean ikasiko du hiru urtez. Hogei urte zituela, eta unibertsitatetik bidalia, Kuwaitera joko du. Dibujoa irakasten ibiliko da eta kazetari hasiko. Garai honetakoak ditu bere lehen literatur lanak.

      Beirutera aldatua 1960an, Al-Horrila (Askatasuna) astekarian arituko da erredaktore. Prentsa idatzian egingo du lan hemendik aurrera. Al-Muharrir (Askatzailea), Al-Anuar (Argiak) eta Al-Hauadiz (Gertaerak) egunkari eta aldizkarietan idazten du, 1969an Al-Hadaf (Helburua) sortzen duen arte, PAEko atal den Palestinaren Askatasunerako Herri Frontea-ren ahotsa. Bertako erredaktore buru zen 1972ko uztailaren 8an dinamitaz betetako auto batek bera eta bere alabetako bat hil zituenean. Mossad-ek Gassan Kanafani hil du, narratiba arabiar modernoko lumarik etorriko eta ederrenetakoa.

      Hogeita hamasei urterekin hila, kazetetan emandako hamasei urte baino ez zituen izan utzi duen sormen lan izugarria burutzeko. Hots, 57 narrazio labur, lau nobela burutu eta beste hiru amaitu gabeak, hiru antzerki obra eta han eta hemen argitara emandako saiakerak, bai literaturaren gainekoak, bai historikoak edota politikoak. 1966an Libanoko Liburuaren Lagunen saria jaso zuen Geratzen zaizuena obragatik eta hil ostean Idazle Afroasiatikoen Elkarteak 'Lotoa' saria eman zion bere obra guztiaren esker onez.

      Gizonak eguzkitan 1963an eman zuen argitara Beiruten. Aurreko urtean izan zen idatzia, 26 urte zituela. Lan honen bidez lehen bider ekartzen zen literatura palestinarrera erbesteratzea eta garaitua izana galdera historiko legez. Ihesa da hiru belaunaldi desberdinetako palestinar hauen bidea, Basoratik aurrera-nahia desertuaren bestaldean hartuko dituen Kuwait gerturantz.

      Geratzen zaizuena (1966) nobelarekin bezala, zinerako bertsiorik ere bada honekin. Nobela honetan oinarriturik. Siriako Zinema Zuzendaritza Nagusiak Al-Majduun (Engainatuak) ekoiztu zuen 1972an, Taufik Salih egiptiarra izan zen zuzendaria.

      Gizonak eguzkitan aleman, txekiera, hungariera, nederlandera, daniera, norvegiera, suediera, ingeles, frantses eta espainolera itzulia izan da. Hona ekarri dugun zatia azken aurreko kapituluaren («Eguzkia eta itzalak») atal nagusia da.

 

Gassan Kanafani. Aurkezpena
Iņigo Aranbarri

Susa, 30 zkia., 1993
armiarma.eus, 2019