GEORGIAKO POETEI
Sergei Jesenin

1924
euskaratzailea: Roberto Serrano / Juan Ramon Makuso
Senez-41, 2011
armiarma.eus, 2015

 

Georgiako poetok!
Oraintxe gogoratu zaituztet.
Arratsalde on,
Uneoro on!

Bihozkideak,
Lumakideak,
Hitz jario irakina,
Eta berbotsa,
Maite zaituztet,
Mtkvari erreka bezalaxe,
Maite zaituztet luma eta solasaldietan.

Iparraldeko zuen laguna naiz
Eta anaia!
Poetak odol berekoak dira.
Neu ere ekialdekoa naiz
Portaeran, pentsaeran
Eta hitzetan.

Eta horregatik arrotza natzaio
Herrialdeari.
Zuek hurbilak
Eta atseginak zatzaizkidate.

Mendeak ehotzen dira,
Egunak igaro,
Gizakiaren hizkerak
Hizkuntza batean biltzen dira.
Historiagileak, lana burutuz,
Irribarre egingo die gure tirabirei.

Esango du:
Denboraren amildegian
Badaude ikerketak eta ikasgaiak…
Leinu ugarik egin zuen borroka,
Hala ere poetek ez zuten eztabaidatu.

Gauzen izaera
Honen lekuko:
Poeta poetari
Adiskide zaio.

Errusiar potentzia
Usteltzen da.
Eztarritik hoberena atera zaio,
Guk hil dugu
Eta horra
Askatasunak hegoak zabaldu ditu.

 

GEORGIAKO POETEI
Sergei Jesenin

1924
euskaratzailea: Roberto Serrano / Juan Ramon Makuso
Senez-41, 2011
armiarma.eus, 2015