Ralph Ellison
sarrera laburra

armiarma.eus, 2013

 

     Ralph Ellison 1914ko martxoaren lehenean jaio zen Oklahoman. Umetatik izan zen literatura eta musika zalea, eta New Yorkera aldatu zelarik eskulturaz eta argazkigintzaz arduratu zen. Liburu kritikak idazten irabazten zituen sosekin idatzi zuen Invisible Man nobela 1947-1952 bitartean, hogeigarren mendeko eleberri handienetako bat.

     Gizon ikusezina nobelako lehen lerroak hauexek dira: “Gizon ikusezina naiz. Ez, ez naiz iratxoa, Edgar Allan Poe sorgintzen zuten haiek bezalako bat; ezta zuen Hollywood filmetako ektoplasma horietako bat ere. Materiadun gizona naiz, hezur-haragizkoa, zuntz eta likidozkoa, eta esan liteke adimena ere badudala. Ikusezina naiz, jakin ezazue, jendeak ni ikusteari uko egin diolako”. 30eko hamarkadako New York hirian, gizakia bere identitatearen eta gizartean duen lekuaren bila jarri zuen, izenik ez duen arraza beltzeko gizon baten bitartez. Arrazakeriaren modu ezberdinak eta haren ondorio alienagarriak jorratu zituen.

     Errusiako eta Amerikako literaturaren irakaslea izan zen. Bigarren nobela idazten hasi zen orduan, Juneteenth izenekoa; baina bi mila orrialde inguru osatuta zituelarik, hondatu egin zitzaion 1967an izandako sute batean eta ez zuen amaitzea sekula lortu.

     New Yorken hil zen 1994ko apirilaren 16an.

 

Ralph Ellison
sarrera laburra

armiarma.eus, 2013