Gorputz iraultzaile baten sorkuntza
Virginie Despentes

Irakurraldia, 2020ko urriaren 16an,
Pariseko Centre Pompidoun.
euskaratzailea: Mikel Antza

 

 

 

Gorputz iraultzaile baten sorkuntza

 

Virginie Despentesen idazkia,
Centre Pompidoun 2020ko urriaren 16an irakurria.

 

Hara... Testu bat idatzi dut gai honen inguruan. Ez dut inoiz nire testurik irakurri jendaurrean. Testuak irakurri izan ditut, baina inoiz ez nirerik. Edonola ere hunkigarria da zuekin egotea, etxeratze agindua hasiko den azken arrats honetan. 20:30ak dira. Bihar ordu honetan gutako gehienak etxean sartuta egongo gara. Pozten nau zuen artean egoteak.

 

      Iruditzen zait buruan hamar mila txakur dauzkadala. Benetako txakurrak, besteen txakurrak, arerioen txakurrak, adiskideen txakurrak. Mugez inguratutako preso-esparru bilakatu naiz, ongi dagoena eta gaizki dagoena, maite dudana eta gorroto dudana, baliagarri zaidana eta kalte egiten didana, onuragarri dena eta morbidoa dena, baimendua dagoena eta debekatua dagoena banantzen dituen mugez inguratutako preso-esparrua besterik ez naiz oso-osorik. Propaganda orok trabeskatzen nau eta propaganda oro mintzo da ene ahotik, erabat iragazkorra naiz eta kopetaraino nago zer esaten ari naizen jabetzeko astirik gabe esaten dudana zaintzen ibiltzeaz. Ez dut poliziaren mehatxuen beharrik, aski dut horretarako neure burua, etxeratze agindurik gabe neure burua giltzapetzeko, armadaren beharrik ez dut nire hausnarketak zaintzeko, dagoeneko ongi barneratuta baitut deusetarako balio ez duen zabor mordo hori guztia.

      Deusetarako balio ez duten baina ondo asko irentsi ditudan txarrantxen azpitik igarotzen naiz eta kopetaraino nago haietaz jabetu eta haiek birrintzeko gai naizela itxura egiteaz, urrats bakoitzean zauritzen bainaute. Ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean.

      Ahalegin erraldoia egiten nabil neure burua itotzen, eta, gainera, hori neure kabuz egindako hautu moral bat dela aldarrikatzen. Kontrol radarrei ihes egin eta ahoa irekitzen dudan bakoitzean jasoko dudan zafraldia noiz etorriko den zain egoten naiz, zinezko zafraldiak neure buruari ematen dizkiodanak direnean, polizia eraginkorrenak neure baitan abegi egin eta esaten dudan oro zaintzen dutenak baitira. Nire jarreraren batek errugabetu ahalko banindu bezala jokatzen dut, araztasunaren lehen sariaren merezimendua jaso ahalko banu bezala, onen artean hoberen gisa izendatu ahalko banindute bezala, batzuok eta besteok banantzen gaituen mugarik balego bezala. Gutako bakoitzak bere txosnatxoa daukala dioen ipuin hori, bakoitzak bere biografia, bere jokabidearen araberako saria, gutako bakoitzak eskean aritzeko, gorputza saltzeko edota loria unetxoa izateko bere espaloi zatitxoa baleuka bezala, guztiok espaloi bat eta bera besterik ez daukagunean. Baina guztiok dauzkagu gure mugak eta gure ospea, gure irakurleak, entzuleak, norberak bere unibertsoa baleuka bezala, bullshit, unibertsoa bakarra da, bat bera guztiontzat, eta arrakasta lortzea ez da indar kontua, gutxiago meritu kontua, ez, antolaketa eta xantza kontua besterik ez da eta ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean.

      Nire gorputzaren muga ez dago nire hatz muturretan, ezta nire ile-puntetan ere. Nire kontzientziaren muga ez da nire konbikzio indarrarena, baizik eta irensten dudan aire kutsatua eta botatzen dudan aire biziotsua, neure burua sartuta dagoen kiribila neure larruazalaren mugetatik at dago, nire azala ez da nire muga. Ez daukazu nire aurkako babesik, ez daukat zure aurkako babesik. Zeharkatzen nauzu, elkar begiratzen ez badugu ere, elkarrekin oheratzen ez bagara ere, etxe berean bizi ez bagara ere. Etenik gabeko kontaktuan gaude, pandemiak kutsadurari esker ikusgarri egiten duen prozeduraz jabetzeko garaia da, senda gaitezen. Komeni zaizuna egiteko ausardia daukazun bakoitzean, zure askatasunak kutsatzen nau. Esan behar dudana esateko ausardia daukadan bakoitzean, nire askatasunak kutsatzen zaitu. Mugei buruzko elezahar horiek guztiak irentsi ditugu, norbera bere buruaz baino ez dela arduratu behar dioten ipuin horiek guztiak, ezagutzen dugun errealitatea dela izan daitekeen bakarra, eta gainera aldagaitza dela dioen ipuin hori. Gizateriak helburu kolektibo bakar hau baino ez daukala dioen ipuina: elite batek gupidagabeki zanpatutako gehiengoa, indarrean oinarritutako boterea, eta guztiontzako zorigaitza.

      Propaganda orok trabeskatzen naute, neure baitan bizi dira eta gobernatzen naute. Ez naiz lurralde orbangabe eta erradikala, eta ez nago langaren alde egokian, ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean, deus ez, salbu eta mundu hau materia moldagarriz osatua dela sinesteko desira. Gaurko egia desagertuta egongo da bihar, agian, baina kopetaraino nago deusetarako baliagarri ez zaizkidan mugetan sinesteaz, muga horiek sekula huts egiten ez duen esku jainkotiar batek marraztutakoak bailiran, zinez ergelek aliritzira zirriborratutakoak direnean, eta kopetaraino nago deusetarako baliagarri ez zaizkidan gauzetan sinesteaz. Amorratuta gabiltza arrazoia geuk daukagulako, eta horrek xehatzen gaitu, amorratuta gabiltza ongiaren eremuaren eta zentzugabekeriaren eremuaren artean mugak ezartzen, eta horrek xehatzen gaitu. Alde onean egoteko amorratuta gabiltza, eta horrek xehatzen gaitu, nahas-mahas honetan zuzentasunik, jarrera garbirik, jarrera idealik balego bezala, inoiz mugituko ez garen behin betiko kokalekurik erdiesteko gai izango bagina bezala aritzen gara, eta horrela etsaiaren armak erabili besterik ez dugu egiten, beraientzako mehatxagarri garelako guretzat okerrena baino desio ez diguten horien armak berak, bazterkeria, izen ona kentzea, umiliatzea, isilaraztea, desagerraraztea, eta azken errean, iraultza egitea litzateke, baina soilik kartzelak beste jendez betetzeko, polizia berei beste agindu batzuk emateko, epaile berei beste kontsigna batzuk, jokalariak aldatu, baina ez joko-zelaia ez jokoa, hartara iraultza hori zuzendari taldeen txandakatzea besterik ez litzateke, ergelkeria berdina baina beste onuradun batzuekin, eta ez diot ez duela deusetarako balio, gertaera horrek baduke osasungarri den zerbait, bai, baina hor ez dago ametsentzako lekurik. Batere ez. Ez ametsik eta ez zorionik ez daukan iraultza, suntsipena besterik ez da, eta diziplina eta justizia, eta iraultza aldarrikatzerakoan goxotasunaz aritu beharko ginateke, alegia estrategia ez-produktibo baten alde gaudela onartzetik hasi beharko ginateke, eraginkorra ez dena, ikusgarritasunik ez duena eta grinaren indar soilaz sutuko dena. Arrazoia geure alde eduki eta besteri arrazoia kentzeko beharrik ez izateko konbikzioa, dagoena ez den beste zerbaiti izaera kolektiboa emateko konbikzioa besterik ez, eta gauzarik garrantzitsuena ez dela azken-epaiaren egunerako ahalik eta like gehien metatzea baizik eta indar-jarreran gaudela sentitzea. Azalera ikusgarri gutxiago daukagun arren indar-jarreran gaudela. Jadanik lotsarazten ez gaituzten gorputz desberdinen baitan bizitza esperientzia desberdinez gozatzen ari garelako. Gure bizimoduak aldatzen ditugu, gure diskurtsoak, gure presentzia hutsarekin aldatzen dugu espazioa eta horrek ekartzen digun zorionari esker bilakatzen gara gorputz kolektibo iraultzaile, horrexegatik hemen gaudenon arteko askok babes-tiro hilgarriak egin ditugu garenak garelako jasaten ez gaituzten horien kontra, goxotasuna etxezulorako etxekoandre onarentzat eta txakurtxoarentzat gorde behar dela uste duten horien kontra, jendarterako eta bizi garen mundurako inolako goxotasunik nahi ez duten horien kontra. Behingoagatik ulertu behar dugu seko amorratuta badaude irabazten hasi garela ohartu direlako dela. Beren indar guztiaz atzeraka egin nahi lukete antzinako garaietara, non esan ziezaguketen, “zu ezkuta zaitez eta isildu, zure hitza ez da politikoa, zu ezkuta zaitez eta isildu”, baina badakite egun-argira atera garen unetik mundua aldatzen hasi garela. Behin betiko isilarazi beharko gintuzketela pentsatzen dutenek “kartzela, indarraren indarrez errealitate bakarraren mende jarri” darabilte gogoan, “jainkoaren legea, polizia, odoletan ito, bahitu, galdekatu, tortura, zentsura, zaindaritza, kartzela” darabilte gogoan, aita guztiahalduna da beren ametsa, guztiz jakintsua litzatekeen heldua daukate amets, beren buruaz ere babesteko, “obedientzia, menpekotasuna, diziplina” daukate amets, jadanik baden mundu bat daukate amets, beti eta denean arrazoi dutena, eta hori da haien abantaila, eta gurea, aldiz, mundu hori alda daitekeela sinestea. Ekidinezina ordea errealitate deritzogun horren guztiaren heriotza da, ekidinezina aldaketa da, ekidinezina gure kontzientzia astunei aurre eginez eta erreala den ororen malgutasuna lagun daukala errealitateak bere burua berrasmatzeko daukan abiadura da. Beren kontakizuna ahula da, hara covidaren irakaspena, heriosuhar ari dira beren burua salbatu nahian eta erabaki zentzugabeak hartzen dituzte, “egoera hau ere geure onerako baliatuko dugu” pentsatzen duten bitartean eskuak igurzten dituzte, beren kontakizuna ahula da. Ipuinak besterik ez dira, azken ahalegin hau zinez azkena baita. Beren errealitatea desegiten ari da. Beren buruaren miraz bizi diren ezdeusak baino ez dira, nor direla uste duten ergelak baino ez, eztarriak urratu beharrean ari dira oihuka, baina abesbatzan aritzeak ez die egiaren jabetza ematen. Zarataren estrategiak eraginkortasunaren itxura hartzen du baina hain ozen oihukatzen badute eta benetan sufritzen ari diren itxura ematen badute azken hatsean daudelako da eta apaingarririk gabe esan dezadan boterea oinarri duen beren autoritate eta larderia hori guztia sar dezatela ipurtzulotik.

      Nire adinekoak dira gutxi asko, badakite laster hilko direla eta hein batean plazer hartzen dute beren heriotzaren ostean dena desagertuko dela irudikatuz. Bitartean, boteretsuenek boterearen uhalak uzten dizkiete beren haurrei, eta beren ahalmen bakarra suntsipen-indarra da, metraileten balak egiazkoak dira, bonbaren eztanda egiazkoa da, armen eraginkortasuna egiazkoa da, eta erabiltzen dituen ergelak, dena delakoa izanik ere, berak idatziko du historia, baina armak eta armen gaineko agintea eta beren buruak babesteko poliziak dauzkaten arren, beren gerrak egiteko eta errepresioa bideratzeko doako gorputzen beharra izango dute beti, eta ez dago INON idatzia biharko egunean soldadu eta polizia horiek ez dutela iritziz aldatuko, eta ez dago INON idatzia biharko egunean soldadu eta polizia horiek ez dutela agintzen zaienari muzin egitea erabakiko eta gizon, emakume eta haurren aurka tiro egiteari utziko, gizon horiek ez dutela esango “bortxaketak ez nau bero jartzen, lepoa moztutako guraso hilen aurrean emakume eta haurrak bortxatzeak ez nau bero jartzen, ez dut gehiago agintean dauden hiru ergel aseezin horiek bultzatutako kaka guzti honen parte izan nahi”, ez du EZERK inoiz ekidin historiak bidegurutze berri batetik aurrera egin dezan, egunez egun eta orduero kontrakoa errepikatzeak ez du lege bihurtzen, ez du ezerk inoiz ekidin historiaren zirkuitulaburra, ez dago ezer gizateriak bere kontakizun kolektiboa aldatzeko aukera ekidin dezakeena, guztiz bestela, gizateriaren historian lehen aldiz, ez dago beste erremediorik. Kontakizuna aldatu beharko da bai, merkatuek ez dute-eta existitzen, merkatuez ari direnean ez dira benetako ezeri buruz hitz egiten ari: mendi, urakan, sute, ozeano, izozte handi. Merkatuak ez dira haserretuz gero zanpatuko gintuzketen erraldoiak. Covidak erakutsi digu, besteren artean, gu gelditzen garen egunean, dena gelditzen dela, eta kito. Ez gaude gure onespenik gabe beren anabasa inposa diezaguketen jainko ahalguztidunen mende. Beren ileak euripean kiribilduko zaizkien beldur diren zahar ergelek gobernatzen gaituzte, zaldi gainean erdi-biluzik harrotzen diren arrek gobernatzen gaituzte, bihar “zoaz zerorri gerra egitera” esan ahal izango diegun agure txatxuak besterik ez dira. Hain garrantzitsua bada dena biolentoenen esku uztea, antola itzazue bada agintarien arteko demak, eta ase ezazue ringaren gainean zeuen odol-gosea. Argi dagoenari aurre egiteko ordua da. Orain arte ezagutu dugun mundua gainbehera doa, ez da berri txarra, “ez gaude armak erabiltzera behartuta, ez gaude gerra egitera behartuta, ez gaude natura desegitera behartuta, ez gaude merkatuak kontuan hartzera behartuta”, patriarkatua kontakizun bat dela eta iraungita dagoela oroitzeko unea iritsi da. Aski da, ez gara gehiago egongo zuen oturuntza mahaien azpian lau hankatan soberakinak biltzen eta zuen zakilak itsumustuan zupatzen, doan, adeitsu, eiakulazio bakoitza esker onez txalotuz, mahaira eserita zaudetenen zorionarekin plazer hartuz. Aski da. Aurrerantzean, ahoa irekitzerakoan hozka egingo dugu, edo hitz egin, hitz egitea hozka egitea baino garrantzitsuagoa da, azken urteotan egin dugun gauzarik garrantzitsuena izan da, hitz egitea, sekula hitz egin ez genuonok. Eta garrantzitsuena orain gure hitzak ondo zaintzea da. “Iraultza” esan nahi badugu, hitzari bere lekua egin behar diogu, inoiz eduki ez duen lekua, espazioak ireki behar ditugu, ez espazio salbuetsi bat, ez dago deus salbatzerik kaka guztia bota behar denean, elkarri zintzoki entzuteko espazio bat baizik. Ez dugu adeitsu izan beharrik, zintzoak baizik, segur aski horixe da ikasi beharrekoa, elkarri zintzoki entzutea, ez komeni zaigun horretan bertan goxo irauten lagunduko diguna entzuteko, ezta ere norberaren aferatxoen kontuak hobetzeko baliagarria izango ote zaigun edo ez pentsatuz entzun, baizik eta entzun, zintzoki, aditzeko behar den denbora hartuz. Eta ezinezkoa da zintzoki entzutea hitza tribunalen mende badago, entzuten ikasi behar dugu norbait errudun edo errugabe den erabakitzeko helbururik gabe, epaiketaren ziklo osoa antzinako mundukoa da, bost axola nor den errudun. Nola entzun, jaso, zaindu, ondoren agintekeria ez den zerbait transmititzeko, agintariez libratzen ikasi behar dugu. Badakit eta horrela sentitzen dut ez dagoela muga garbirik nire eta ministro arrazista bortxatzailearen artean, nire eta gizonen goxotasunaz ari den ergel menopausikoaren artean, nire eta kartzela berri bateko zaindari feministaren artean, nire eta artean barrabilak daukan garrantzia azkarregi ahantzi dugulako asaldatzen den idiota agresiboen taldearen artean, nire eta gure historia kolonial komunaz deus ez esateko agintzen duten jazarle nazkagarrien artean, eta nire eta hirugarren reicheko mentsen artean, nire eta beraien artean, ez dago ere muga finkorik. Ni ere banaiz ergel horiek, beren amorrua, etsipena, ni ere banaiz beren agonia kirastua ez baitago ezer nire eta inguratzen nauen kakaren artean. Baina horrek ez du esan nahi dena denik onargarri, baizik eta kutsadura dagoela, hedapena, eragina, eta purutasun, isolamendu, babes-ideia ororen sinesgarritasuna 19:30eko RERko jende-pilaketan paperezko musuko bat eramatearen adinakoa dela, gutxi gorabehera. Segur aski baliagarria dena, baina ezdeusa. Bata bestearen aurrez aurre gaude. Eta horrek esan nahi du igortzen dugun orok eragina duela bestearengan, eta alderantziz. Zeren “ez dago muga hain argirik nire eta besteren artean” badiot, ez diot poetikoki, armeniarraren sufrimenduaz ari naiz, libanoarraren etsipenaz, andre etxegabearen noraezaz, andre kartzelatuaren tristuraz, Hong Kongeko kantariaren erabakitasunaz, ikasle prekarioak bere egoitzan daukan amorruaz, “gu gara mundua denok batera” diodanean, ez nabil neronek dramarik bizi ez dudalako nire gorputzaren erruduntasunaren bila. Ez nago hotzak, ez dut ziegan lo egiten, gaur ez naute jipoitu, nire birikak ez daude endekatuak, ez ditut hortzak estutzen faktura iristen zaidanean, agiriak dauzkat, nire azala zuria da, ondo janda nago, eta abar, eta abar, baina errudun sentitzeak ezintasuna besterik eragiten ez duen bakartze modu bat dakar soilik. Bai, gaur soinean daramazkidan jantzietan daude josi zituzten haurren bizitza xehatua, herrien kutsadura, lekutzea erabakitzeko lotsagabekeria eduki zutenen klaseko kide izatearen lotsa, bai irensten dudan elikadura Lurraren pozoia eta animali espezien desagerpena da, laborariaren larridura, autobidean haserre bizian aurreratzen dudan kamioilari espainiarraren nekea, bai, arrats honetan nagoen instituzio-museo hau bazterkeria historia izugarri biolento baten ondorio da, bai, idatzi eta saltzen ditudan liburuak nire ikusgarritasun mediatikoaren lotsa dira, bai, gaur hemen ahoskatzen dudan hitz bakoitza lotsak narrastutakoa da, ez soilik nire pribilegioen kopuruagatik, baizik eta baita ere nire pasibotasunagatik eta bidegabekeria horiek guztiak salatzen ditudan bitartean beroriez probetxu ateratzeko daukadan gaitasunagatik ere, bai, errudun sentitzen naiz, ez naiz orbangabea baina erruduntasuna toxikoa da eta ez dit ezertarako balio. Lotsa horrekin ez dezaket deus baliagarririk egin. Daukadan beste pribilegio batez jabetua nago: ospea. Ospea metabalioa bilakatu den garaiotan. Amildegia dago nik bezala interneten beren izena dela-eta izugarrizko eragina dutenen eta beren ahotsa entzuteko, nabarmentzeko, nor izateko ezinean daudenen artean, ezagutuak izan nahi dutenen eta zaldar garaiezin gisa agertzen naizen honen artean, sekula zulatu ahal izango ez den zaldarra eta nire pribilegiozko kokaleku guztiez jabetzen naiz eta ez diot kokaleku guztiak berdinak direnik, gorputz guztien bizi-baldintza guztiak ez dira berdinak-eta elkarren artean lotuta egon arren, baina diodana da: lotura ikusezinez jabetu beharra dago. Oihal horri esker egingo baita iraultza, eta ez gure erruduntasun metatuekin. Lan behartuen menpe egon ez den nire gorputz zuria, zigorgabeki bortxatu ez dutena, Sedan hiria gogoan izan gabe azaroaren 11 ospatzen duen nire gorputz kristaua, propaganda antisemitaren aurrean eroso dagoen nire goy gorputza, nire gorputz ondo elikatua, zainduegia, zeinarentzat ni ezertaz arduratu gabe kapitalismoak lan zikina egiten dion baina une berean hunkitzen den eta gozatu dezakedan, gorputz zuri hau, zeinarentzat hainbat eta hainbat muga zedarritu izan diren. Kokoteraino nago ugazaba eta harroputzei erantzuten ibiltzeaz, sekula ahoa irekitzera ausartu ez diren horiei aditzeko gaitasuna da aurrerantzean elikatu nahi dudana. Beste zerbait desiratzeko nire gaitasuna elikatu nahi nuke. Gizateriaren parte naizela eta ez beste ezerena sentitu nahi dut eta haurrek diotena aditu nahi dut, nire haurren haurrak izateko adina dutenena eta “iraultza egitera goaz” esaten dutenean, sinetsi. Eta dakidana jakinda, haiei laguntza ematea desio dut. Ez dut “elkargune” hitza gehiago ahoskatu nahi zeren azkenean tomate saltzaile izanik nire salmahaian auzokoaren patata batzuk ere saltzearen zuzentasunaz ari naizen irudipena izaten baitut, zure patatak nire tomateak hazten diren lurzoru berean hazten direlarik, eta azken errean nire borrokek zureekin bat egiten duten edo ez saltzaile-kezka zentzugabea besterik ez da. Ez da ez mapa kontua ez matematika buruhauste bat. “Iraultza” esaten dugunean oroitu nahi nuke ez nagoela zugandik bakartuta eta ez zaudela zu nigandik babestuta. Murruak altxa genitzake, itsasoan sareak heda, mugak eta beroriek trabeskatzeko prozedurak biderka, baina azkenean horrek ez du inolako funtsik. Zure errealitateak neurea zeharkatzen du, neureak zugan eragiten du, muga zurrunak toxikoak dira eta ez dute deusetarako balio. Guztiak oro zeharkatzen du, hori da aldagaitz den bakarra. Baina horrek ez du esan nahi oro berdin denik. Nire adinekoak entzuten ditut hogei urtekoez hizketan, eskarmentua daukaten eta gauzak nola gertatzen diren dakitenenen doinu nare eta soraioz: “Aurreko belaunaldi guztiek bezala, beraiek ere mundua aldatu nahi lukete”. Baina, ni naiz lekuko, nire belaunaldiak ez zuen mundua aldatu nahi izan, gutariko batzuek desio genuen, baina nire belaunaldiak ez du sekula mundua aldatu nahi izan, nire belaunaldikoek mundu honetan sinesten zuten, eta esaten zitzaien guztia sinesten zuten. Ez da egia belaunaldi guztiek mundua aldatu nahi izan dutenik, belaunaldi guztiei ez zaie egokitu mundua aldatzeko betebeharra. Gure belaunaldikooi ez ziguten esan, irakurtzen ikasi aurretik ere, “mundua aldatzen ez baduzue hil egingo zarete”. Gender fluid eta pansexualak dira, arrazializatuak dira edota arrazializatuekiko elkartasuna daukate, ez dute dagoeneko itxita eta miseria eta bidegabekeriaren arabera sailkatuta egon nahi, xamanak dira, sorginak dira eta dagoeneko ez zaizkit ardura nire lotsa, nire erruduntasuna, ezta nire amorrua edota nire baitako poliziak ere, baizik eta haiei “dena da posible” esateko gai izatea, hasteko hoberena eta garrantzia duena beste zerbait desiratzea dela. Mundua salbatu nahi dutela esaten dutenean haiei sinesteko hautua egin dut. Etorkizunean zer gerta daitekeen ez dakigula sinesteko hautua egin dut. Ahalguztidunek behin eta berriro errepikatzen digutenean “etorkizuna gure esku dago iragana ezagutzen dugulako, ez dago hautabiderik, giza naturan dago gauzak diren bezalakoak izatea, Jainkoaren nahia izan da, jakintsua baita, eta krudelkeria eta bidegabekeria eta arpilatze orokorra badago, krudelkeria, bidegabekeria eta arpilatze orokorra errealitatearen parte direlako da”, eta esaten digutenean “begira animaliei” eta begiratzen dieten bakoitzean nola hiltzen duten behatzeko da, orduan nik ere hiltzen duten animaliei begiratzen diet eta behatzen ditut. Eta ez dut migratzaileentzako eremurik ikusten, ez ditut mugak ikusten, ez dut elefantea ikusten zebrak sar ez daitezen bere eremua txarrantxaz zedarritzen zebrarik ez lukeela egon behar erabaki duelako, ez ditut ikusten animaliak beren nuklear hondakinak lurperatzen eta orduan galdetzen diot neure buruari, “zer da gizakion historiarako animaliengandik ikasi behar dudana?”. Gizakion kontakizunetan goxotasuna baliagarria da, goxotasuna eta onginahia dira zanpatzen gaituen sistemarekiko nozio antinomikoenak. Goxotasuna eta onginahia ustiaketa kapitalistaren kontrakoak dira, baimena eskatu, onartzen ote dudan galdetu. Goxotasuna eta onginahia dira merkatuetan aurkitzen ez ditugunak, armadan aurkitzen ez duguna, polizia akademietan irakasten ez dena.

      Propaganda orok trabeskatzen nau, propaganda oro mintzo da ene ahotik. Ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean, salbu mundu hau materia moldagarriz osatua dela sinesteko desira, gaur egia dena bihar desagertu daitekeela sinesteko nahia, eta oraindik ez dago idatzia hori gertatzea txarra izango denik.

 

Gorputz iraultzaile baten sorkuntza
Virginie Despentes

Irakurraldia, 2020ko urriaren 16an,
Pariseko Centre Pompidoun.
euskaratzailea: Mikel Antza