|
BAOZHU 1
Hastioa eta lotsa nire kazetari begien gainera: beila egoeran, amets eginak ziren urte hartan erromesaren maskorra —eta, itsasoa entzuteko, hartan belarria itsasteko askatasuna— Txinako iraultzaren Ehun Loreetako bat zela. Halarik ere, nire sukar erotikoaren lekuko, hura baretzen saiatu zen Anselmo Fonseca kidea, Pekinerako bidaiaren aurreko arratsean. —Atsekabe mingarria eraman behar duk —esan zidan—. Txinara iritsi nintzenean herorrek bezala egiten nian amets: lur ezezagunean, lore suharra, el chocho duk erabilera liburuxka ideala, giltza hoberena. Baina laster galdu nian ilusioa. Maok galarazi ziok atzerriko arrari ohean emakume txinatarraren amets-kutxatila irekitzeko aukera! —Kubatar batek bi urtean sin templar? Errekorren libururako duk hori inondik ere! —Egunean eraman nian kontua: zazpiehun eta hogeita hemeretzi gau etenik gabe, etsipen gaiztoenean murgildua! —Hura sufrikarioa, horrenbeste txarita artean! —San Sebastian bertan behera abstinentziaren gezien poderioz! Edo hautu hori egiten huen, edo kanporatzen hinduten. —Sinestezina benetan! Konta ezak. —Behin, igande arratsaldea zuan, atzerriko bederatzi berriemailek osaturiko talde bat ikusi nian Pekingo aireportura eramaten. Hiru italiar, jugoslaviar bat, Alemania Federaleko bi lagun, A.F.P. eta U.P.I.ren igorririko kazetari bereziak eta Prensa Latina-koa. Lege-hauste berbera egina zitean ar haiek: bezperan saiatuak zituan, guztiak ere, beren zila. Txinan leuntzen. —Nola moldatzen dira mendebaldeko bekadunak? —Etsi egiten ditek eta idiarena jota konforme gelditzen. Bestela, segundo pare batean ezarriko ditik etxerako itzulbidean ametsen poliziak. —Dohakabeak! —Salvador de Bahia-ko gizon gazte bat ezagutu nian hotelean. Bost urte eginak zitian harrezkero Tristao Magalhaes-ek azken aldiz larrua jo zuenetik. Botilaturiko desiraz ero, “gaixo burkide Saudade” deitzen zioan bere zakilari. Haren bizar beltz handiak distira bioletak islatzen zitian batzuetan eta esmeralda kolore betekoak besteetan. “Hori gertatzen duk —esaten zidan— heure buruan beste inork baino tinkoago laudatu duan tortoloxa brasildar miresgarria tupustean Pekingo pinyinean iraintzen hasten zaianean!”. —Zirraragarria duk, egiaz. Konta ezak, konta ezak. —Bekadun kubatar bat egin nian halaber lagun, Jose Antonio Amarante. Hiru urtean makuluari eragin gabe eman eta gero, ez zuan ekonomia politikoko testu baten aurrean kontzentratzeko gauza. Alderdiko Arduradunari bere egoeraren berri ematea erabaki zian: “Burkide —esan zion—, ez naiz jitez erraz kontentatu egiten diren horietakoa. Hona hemen hogeita hamasei hilabete ene flanbergak haragikorik dastatu ez duela. Greban dago nire lehengai grisa. Iraultzari leial betiere, legezko lagun bat hautatu nahi nuke nire ikaskideen artean. Alderdiaren baimena eskatzen dut horretarako”. “Zorionak, burkide Amarante, agintariak eginak diren ezpalekoa zara zeu ere. Zatozkidazu bihar berriro, berri onak izango ditut zuretzat”. Ikasliburuetara itzuli zen Jose Antonio, itxaropenak itxuraldatua. “Azkenean! Hembra txinatar bat nire maindireen artean. Ederki kostata, cojones!”, pentsatu zian berekiko. Biharamun arratsean, komisario politikoaren atean jo zian bekadun kubatarrak. Plater hegalarien itxurako irribarre zabal batez hartu zian txinatarrak. “Burkide Amarante maite hori, badut behar duzuna”. Kreazioko zurezko kutxatila lakatu pollitena atera zian armairu batetik. “Hona hemen: konprimitu bat hartuko duzu goizean, beste bat bazkaritakoan, eta hirugarrena arratseko tearen garaian. Bakean utziko zaitu panderojole inperial-burgesak. Zorte on, burkide!” Zurbil eta gaitziturik, ezin hitz egin zuela, txintik atera gabe onartu zitian Jose Antoniok potasio bromuro pilulak. Gau hartan hain bizia zuan hartaz jabetu zen amorrua non zintzurra tinkatuz ito ahal izango zitian Lemazain Handiaren hamabost jarraitzaile, edo Erdiko Inperioko hogeita hamasei erdi birjina guriren buruak matoaz erauzi.
2
Izugarri kostatu zitzaidan konfidentzia gau hartan lokartzea. Estira lazgarriek oinazetu zuten nire loa. Igitai ukaldiz zikiraturiko herensugearen konbultsioetara igaro nintzen amets erotiko amultsuetatik. Xehe-xehe eginik utzi zituen printze tartariar batek nire iruditxo japoniarrak. Piperminarekin nahasitako behor esnea ari zen 1960ko aparatxik bat nire zauri genitalen gainean isurtzen, Marco Poloren garaiko Khan handi baten laguntzaz. Anselmo Fonsecak amesgaizto bihurtua zuen Txinako bidaiaren prestamenetan bozkariozko egonaldi askea iragarriz nagusitu zitzaidan ideia. Nire irudimena, arnasa hartu ezinik, itolarrian higatzen ari zen bururdiaren gainean, lasterketa-auto baten pneumatiko hertuen antzera. Alabaina, bi bizkarreko aberearen larrua jantzi zuen berriro nire betiko karrak hegazkinera orduko (Aeroflot-en 669. hegaldia, Mosku-Irkutsk-Pekin). Oker nuen, nioen neure artean, Fonsecaren kontu haiek guztiak horren inozo sinetsirik. Hego Amerikako erremediorik gabeko neskaketarien istorioak, tribu bereko gonazale porrokatu batek kontatuak. Sekulako ondare erotiko baten jabe zen Txina. Mende askoan barrena, plazera eman diote elkarri bikotekide txinatarrek, lohiaren eta bekatuaren ideia ñimiñorik ere gabe, beren globulu gorrien errekuntza egokiak bultzatuak. Iragan horri leial, iraultza txinatarrak banan-banan arbuiatuko zituen aldiro-aldiro amodio jarduna alde guztietatik kolpatzen duten madarikazioak. Hegazkina Gobi-ko basamortuaren gainetik zihoan bitartean, moxal liluratu baten trostan ekin zion bideari nire izpiritu erneak, gizonak eta emakumeak larrua non-nahi eta suharkiro jo ahal izango duten eguna gogoan harturik, bata zein bestea Luziferren jarraitzailetzat edo sado-masokismoaren oinordeko hatsankaritzat hartu izan gabe. 2000. urtea baino lehen, ikusiko duk, gizona biziko dik emakumeak eta emakumea biziko dik gizonak, elkarrekiko eguzki jai handi baten antzean. Libre eta nahi bezala bideratuko ditik emakumeak bere adatsa, bere ezpainak, bere bularrak, bere ipurmasailak, bere motxin bizi gormanta, bere ametsezko magina liluragarria, lagunarekin batean izatearen mirariaren ospakizunean parte hartzeko:yin aldia etayang aldia miresgarriro bihurtuko ditukyinyang bakarra, Txinako moduan, euri itsua zuhaitzera eta zeru eguzkitsua baratzeen gorputzera doazen bezala, eta atseginezko kurbatan hedatuko duk haragia, begien eta ametsen aurretik galdu arteraino. Paradisu horri hasiera eman dion lurraren gainetik hoa hegan. Amodio gozoaren ametsetatik atera ninduen hegazkin-zerbitzari sobietarraren ahotsak. Errusieraz iragarri zigun gutxi barru Pekingo nazioarteko aireportuan lurreratuko ginela. Segurtasun-uhalak lotzeko eta zigarretak itzaltzeko eskatu zien bidaiariei amultsuki. Isilpean bada ere, nire odolaz jabetu zen eta nire emakumeen-zoriona gogortu zuen sua itzaltzera gonbidatua nintzen. Nire ezkerraldeko bidai lagunak, emakume italiar gazte maozale batek, beretzat hartua zuen harrezkero nik jasoa nuen omenaldia: haren emakume-baratze begi handi apalak irrikatsu erreparatzen zioten L’Express astekariaren erlojuari nire belaunen gainean oreka metastagarrian eragiten zion penduluari. Txinako Herri Errepublikan lehorreratu ote nintekeen magiazko egoera zutikor hartan? Berehala erreportxatu nion neure buruari nire izatetik horren urrun zegoen ahalkeria hura. Osasun fisiko eta mentala ezin hobea duen gizon gaztearen erekzioaz lotsagorritzerik ez zegoela-eta, harro sentitu beharra neukan neure ar odolaz, amodioa eta iraultza egiteko prest horren pozik ageri zelako. —Gridare Éros, significa gridare alla vita, ez da hala? — esan nion belarri exkinara nire bidaia lagun ederrari. —Éros è contagioso! —erantzun zidan berak. —Un Éros dorme in ogni uomo in ogni donna! —E ora di sveliarlo! —esan zuen emakumeak. —Viva Éros! —Viva la rivoluzione!
3
Nire kazetak —Santiago de Chileko egunkari katoliko bat zen— Pekingo postua proposatu zidan bezain laster hasi nintzen zorioneko gaualdiak ikuskatzen, galtzen azpian gordea neukan Juan-Juan enperadorearen zerumugan. Ez ote nindoan Gengis Khanen ondorengoen oldarretara ohituriko andereen artera? Hogeita hemeretzi urtetan, bederatzi ezkontza porrot nituen neure ondotik. Txiletar sutsuenen artetik hautatuak ziren arren, nire aurreko emazte bakar batek ere ezin izan zuen, hiru astetik harago, nire giza-onaz, emakume gorputz baten orbitan gertatu orduko, jabetzen zen lirismoa jasan. Manolita Santacruz-ek, bederatzigarren emazteak, honela bota zidan aurpegira, nire su hartatik itzuri zihoala: —Deabruak daramala hire kar mongoliar eramanezina! Pekinen lanean hasi nintzen aurreneko hilabetetik beretik geratu zen agerian neure mamu inperiala Tiananmen plazako pinpilinpauxa bat baino hauskorragoa zela. Neure helmenetik kanpo zegoen inolaz ere zeta bizia. Emakumerik gabeko urtebetearen buruan, banauk-ez-nauk jokatzea erabaki nuen, eta osasun azterketa egin ziezadatela eskatu nuen atzerriko kazetarientzako klinika batean. Gaitasunen eta xarma tabuen aldetik, bikainenen artean bereiziriko erizainen ondoan gertatu nintzen. Hartu ninduten arratsean, Txinako Iparraldeko neska gazte begi apal aseezin bat zegoen guardiako erizain. Liraina, handia, sentsuala, jateko moduan zegoen. Gainerako sex-appeala bezain erakargarria zen haren ingelesa. Gelan bigarren aldikoz sartu zenean, honelaxe esan nion bat-batean: —Eskertzen dizut itzuli izana. Larrua jotzeko, ezta? Proposamen horren basakeriak batere harritu ez zuela, aterantz jo zuen. Krisketa pasa eta ohera hurbildu zen, nire desirari muzin egin gabe. Zehatz eta gure bihotzen taupadekin sinkronizaturik laztandu nizkion titiburuak, eta buhako berean egiaztatu nuen birjina zen ala ez. Hala zelarik, antzinako grezieran zuzendu nintzaion haren abemariari. Trantzean hurbildu zen haren esku ederra nire errege-magoagana, liturgia hizkuntza berberean. Orduan askatu nituen neure amodiozko emozioak. —Erantz ditzagun jantziak, oztoporik gabe goza dezagun! —Debekatua du iraultzak —esan zidan neskak—. Kondena latzen arriskuan geundeke. —Nire kasuan, kanporatzea, zalantzarik gabe! Zurean, zein litzateke zure arriskua? —Bost urte zerbitzu berezietan, Turkestan txinatarreko hondarretan galduriko legendun-etxe batean. —Pikutara debeku nazkagarria. Neska bikaina zara inolaz ere, izar ederrenaren parekoa. Zenbat urte dituzu? —Hogeita bi urte. —Hogeita bi urte eta birjina! Eskandalua da hori! Ez da, ez, hazia eskas! —Bai, ongi dakit hori. —Gero arte —esan zidan, uniformea eta ilea berregokitu bitartean. —Egiaz? —Ekintza gizona zara. Gogoko dut hori. Egia! Ordubata eta erdietan sartu zen gelan, mila prekauzio hartu eta gero. Erne nengoen arren, nire ondo-ondoan xarmangarriro biluzik luzatu zen arte ez nuen haren presentzia hauteman. Edertasun handiko jainko taoista bat zen Baozhu-ren klitoria: alu gihartsua, arraia, betetasunean loratua, animatzen eta argitzen zuen, bai eta ama handi pollit bat ere, beltza eta itotzerainoko moduan tapitua. Haste-hastetik, Baozhu izan zen ni Erdiko Inperio zerutarraren aurrean bigundu ez izana onez eraman zuen aurreneko emakumea. Gozamen gorenak bederatzi aldiz oihukarazi zion hosanna, nire banbu taoistaren bederatzi begien eraginpean. Egunsentian bereizi ginen, jaiari ondoko gauean segida emango geniola elkarri hitz eman eta gero. Egunean zehar, behin baino gehiagotan egiaztatu nuen bezperan haren xarmetan pausaturiko “libertino perfektuaren begirada hotzak” ezin xamurrago kurritzen zuela borborka nire zainetatik. Txinan topatua nuen neure eskularruetako 49-zenbakia. Bizitasun izugarriko ilargialdia izan ziren Baozhu eta biontzat osasun azterketako hiru egunak. Osorik eta salbu irten ginen elkarren liluramendutik. Bizia plazeraz bizitzeko eskubidearen gaineko anatema maoista urtua zen gure eguzkiaren azpian. Arras hunkigarriak izan ziren adioak.
4
Pekingo prentsa mundu ttikian, harro begiratzen ahal nion neure buruari, ohean maozedong-pentsamenduari beso-borroka partida bat irabazia zion lehen mendebalde kristauko kazetaria nintzelako. Nire pozak, ordea, ez zuen luze iraun. Nire balentriaren azken egunetik hilabete eskas igaroa zelarik, nengoen hoteleko gelako atean jo zuten halako batean, goizean goiz, Estatuko Segurtasuneko bi poliziak. Begien aurrera ekarri zidaten berehala Baozhuren “konfesioaren” testua, ingelesez. Zehatz-mehatz kontatu zien neskak gure abentura guztia, egin genuen ibilbide bikainaren xehetasun bakar bat ere bazterrean utzi gabe. Baina bazen okerragorik: goitik behera ifrentzikatu zituen rolak. Bere burua salatu zuen esanaz Ramon Campoamor, bere ardurapean utzia zen eri txiletarra, hoztasun handienaz limurtu zuela. Guztiz ziurtatu zien ezertan ere ez nuela nik esku hartu “Estatu eta iraultzaren aurkako konplot kriminal” hartan. Bera zen errudun bakarra eta, hala izanik, berak pekatu behar zituen, inolaz ere, eginiko azio haiek guztiak. Desenkusa ofizialak aurkeztu zizkidaten poliziek, eta biziro deitoratu zuten “Alderdiaren eta Txinako Herri Errepublikako gobernuaren gonbidatu sakratua” biktima gertatua zen “bortxaketa”. Bizi-bizi oldartu nintzen gertatuen deformazio okaztagarri haren aurka, egia berriz ere zegokion lekura ekartzen saiatuz. Gizon prestuen gisan, hartan guztian nuen erantzukizuna aitortzeko prest nengoela azaldu nien. Alferrik, ordea. Afera harrezkero epaitua zela adierazi zidaten: aurreko astean, bederatzi urtekoz bidalia zen miss Baozhu Xinjiang-eko legendun klinika batera, zerbitzu berezietan aritzeko. Hogeita lau orduren buruan abandonatu nuen Pekin, bihotza erdiraturik. Kazetari postua lortu nuen nire egunkaritik Punta Arenas-en, Txileko hegoaldeko muturrean. Munduaren eta bion artean, haizea da Baozhu, golkoa, itsasorratza, itsas ainara askea, emakume-baratzearen ekialde zoragarria.
BAOZHU |