URREZKO FAISAIA
Rene Depestre

Eros tren txinatar batean, Igela, 2013
euskaratzailea: Joxan Elosegi
armiarma.eus, 2026

 

1

 

            Zazpietan goizero, ordu bietan arratsaldero, seietan arratsero, Suitzako trenak bezain xuxen deitzen zidan telefonoz hoteleko sarreratik.

            —Egun on deiola, gonbidatu argidotar horri. Interpretaria naiz. Prest dago berori?

            —Egun on, Xiluan. Berehala nauzu.

            Hirugarren egunean, berarekin gertatu bezain laster aurpegiratu nion, hasiera-hasieratik, ni urrun eduki nahian edo, bideratua zuen doinu zeremoniatsua.

            —Adi ezazu, Xiluan burkidea, egingo ote zenidake, arren, mesede bat?

            —Zein, ordea, gonbidatu argidotar hori?

            —Ez niri horrela zuzendu.

            —Lekuz kanpo ote da, bada, tratamendu hori?

            —Ez, ez da hori, baina ez du egia xuxen-xuxen adierazten. Titulu bat ebatsi izan banu bezala sentiarazten nauzu.

            —Ez ote da bada berori, poeta ospetsua?

            —Mendebaldean mila irakurle ere ez ditut guzti-guztira, eta ez dago ene poema bakar bat ere irakurri duen txinatarrik. Ezezagun argidotarra, horra askoz zuzenago legokidakeen izena.

            —Apaltasunak ohoratzen du berori, gonbidatu argidotar hori. O! Sentitzen dut! Nola esan beharko nuke, burkide.?

            —René, besterik gabe.

            —Iraultzak guztiz debekatzen du atzerriko gonbidatuekin horren laño aritzea.

            —Depestre jauna da, orduan, izen egokiena.

            —Horrelakorik ez! Ez eta pentsatu ere! Beste aldean, Taiwanen, hasten dira jaunak!

            —Burkide esadazu, bada, labur-labur. Ideia bereko lagunen artean...

            —Ez ote dit berorrek niri Urrezko Faisai deitzen?

            —Ez baita gauza bera! Lehenik: halakoa zara zu goitik behera. Bigarrenik: horixe da, inolaz ere, zure neska gazte graziaren hegal zoragarriena. Ikusten ote nauzu Xiluan izena aldiro-aldiro osorik itzultzen? “Zein egitarau ezin atseginago proposatu diguzu gaur gauerako Urrezko Faisai Zorion Ekarle horrek?” Edo, bestela: “Zer ordutan abiatuko da bihar Shanghairako trena, Urrezko Faisai Zorion Ekarle hori?”

            —O, gonbidatu argidotar hori! Zeinen xelebre egiten duen nire izenak frantsesez —esan zuen, bere haragiaren distirari emakume-baratzearen hortz dirdaitsuak erantsiz.

            Aurrez zorrotz landu eskema aldaezin baten arabera gauzatzen zen nire bisita erritoa, herrialde guztietan. Banderola gorriz apainduriko areto batean sartzen gintuzten Xiluan eta biok, ugari ziren hartan oroitzapenezko idazkunak, eta hormetan dilindan ageri ziren, Mao eta Liu Shaoqi-ren erretratuen ondoan, iraultzako diplomak eta exvotoak. Katiluz, zigarreta-ontzitxoz eta goxokiz beteriko mahai baten inguruan egokitzen ginen ondoren eta, te berdea hartu bitartean, Xiluani entzuten nion Alderdiko agintari bat egoeraz egiten ari zen aurkezpenaren itzulpena.

            Lekua bisitatu egin behar izaten genuen ondoren. Ikustaldia bukatu eta abiapuntura itzultzen ginen, aretora. Nire inpresioak azaltzeko, galderak egiteko eta are kritikak edota iradokizunak plazaratzeko aukera eskaintzen zidaten orduan. Gisa hartan bisitatu nituen lantegiak, tailerrak, kooperatibak, eskolak, laborategiak, institutuak, haurtzaindegiak, zaharren egoitzak, garai bateko prostituzio etxeak kultura gune bilakatuak eta molde guztietako herri lanak: tunelak, urtegiak, zubiak, burdinbideak, eta abar.

            Miretsi ere egin ahal izan nituen parkeak, jauregiak eta pagodak. Antzerki, opera edo zinemarako geratzen ziren arratsak. Astean bitan gonbidatzen ninduten bisitan egokituriko lurraldeko alderdiburuek edo gobernariek eskainitako oturuntzara. Xiluanek maisuki menderatzen zuen solasaldiak gai bakar batera gidatzeko artea: maozedong-pentsamendua-jardun-betean.

            Urte hartan, Aurreranzko-Jauzi-Handia izen sakratua zeraman pentsamendu haren indar zabalak, non-nahikoa izateko dohaiak, herri-komunetan eginiko gorakada epikoak. Itxaropenezko olde izugarri haren aldean, erlemando baten jauzi moldakaitz bat baizik ez zen nire interpretearen aurrean saiaturiko flirt oro.

            Behin baino gehiagotan gertatu ginen Xiluan eta biok buruz buru jatetxean, ikuskizunean edo karrikan nora ezean. Neure amarru jakituria guztia hedatzen nuen orduan horrelakoetan, hitz eta pitz galduko ginen berriketara erakartzearren. Solasaren agintean ahalegintzen nintzen betiere, topikoak eta hutsalkeriak baliatuz. Baina aparteko graziaz hausten zuen Faisaiak konfiantzazko tetelkeria-zirkulu hura. Ezarian bezala baztertzen zituen ezdeuskeria haiek guztiak, bizi ginen garaiko gai pisu edo iraganeko gertakari dirdaitsu baterantz eramanaz.

            Jolas hutsa zen harentzat nire bihotz erritmoak zeharkatzen ari ginen lurraldeetan oraindik jardun betean zirauen ilargi egutegiaren mendean ezartzea. Mugarik ez zuen haren etorriak laborari gizartearen familia tradizioei, gogo ohiturei eta sustrai zaharren bizitasunari buruz ziharduenean. Aztura zaharrez edo garai berrietako usadioez adi nengokiola, une batean lurra bere eskuez apailaturiko laborantza tresnez lantzen zuen nekazaria banintzen, minak eskuz prestatzen edo VIII. armadako bide-uniformeetarako oihala ehuntzen zekien soldadu gorri bihurtua ikus nezakeen neure burua istant bat geroago.

            Gorputza ere igurtzi zidan Xiluanek medikuntza tradizionalaz, landare eta mea farmakopeaz, moxaz eta akupunturaz. Haren ondoan, kontatzen ere ikasi nuen abako baten laguntzaz eta ustekabean ere harrapatu nuen behin baino gehiagotan neure burua hark bezala frantsesez solasean: esaldiak labur, ondokoak aurrekoekin behar bezala loturik, haren xarmen legendazko lepokoaren perlen antzera.

 

 

2

 

            Txinako egonaldiaren azken aurreko etapan harrapatu ninduen 1961ko urtarrilaren 26ko arrats hark. Ongi bustiriko afari guri baten ondoan, Nankin-Kanton tren lasterreko ohe bagoi konpartimentu batean geunden Xiluan eta biok, zintzo jarriak zein bere lekuan. Bost aste emanak genituen elkarrekin, eguneko hogeita lau orduetatik hamazazpitan, eta zernahitarako prest nengoen une hartan, lehendabiziko aldiz, haren xarmen aurrean neure fantasiari bidea libre uzteko guztiz deliberaturik.

            Halako magia espainiarraz begitantzen zitzaizkidan haren begi arrailduak. Italiar arraza petoa zerien haren bularrei. Eta ipurmasailak? Habanan baizik ez nuen antzeko zerbait ikusi, San Rafael eta Galiano kaleen arteko kantoian larunbat arratsaldeetan, eguzki-lehoiaren pean ezinegon afrikar berbera balantzaka harro ageri ohi ziren emakume mestizo, beltz eta zurien artean. Zer ehungailuk bilbatuko zuen nire Faisaiaren urrezko baratzeko mestizaje lan ezin ederrago hura? Galderak suzko desira gartsu batez bete bide zuen nire begirada, ohi ez bezalako bizitasunez eten baitzuen Xiluanek isiltasuna.

            —Gonbidatu argidotar hori, nahi ote du ipuin bat konta diezaiodan?

            —Zein?

            —Lautada sutan jarri zuen txinpartaren istorioa. “Loratu zen halako batean —hasi zen— gazte kementsuz osaturiko talde gihartsu bat eta, nahi izanez gero, Txina osoa beren ideien txinpartez pindartzeko gauza zirelako asmoa hartu zuten burutan.

            Haren haragiaren irrikak baino erakargarri handiagoa zuen kondaira batean barrena eraman ninduen erremediorik gabe. Elezahar bilakatu zituen txinatarrek azkeneko berrogei urtean bizi izanak zituzten gertaera distirakorrenak. Esku-jostetan ari balitz bezala, maisukiro agerrarazi zituen bere herriko lan giroa eta bizimodua 1919 eta 1961 urteen bitartean irauli zituzten gertakarien haria, egunak eta lekuak. Haren maitagarri hatzek gidaturik, ametsaren dunetan galdu zen nire erekzioaren odola: nahi gabetanik nintzen berriro Jacmel-eko beiletan amaren liluratze dohain izugarrien aurrean ahoa bete hortz geratzen zen mutiko hura.

            20ko urteetako intelektual gazteen ingurura eraman ninduen Xiluanek: Li Dazhao, Chen Duxiu, Maozedong, Li Lisan, Zhou Enlai, Liu Shaoqi. Haien sukarra biziarazi zidan neuri ere. Haien ondoan jaitsi nintzen hiri handietako kaleetara, ikasleen manifestazioetan parte hartzeko edo langileekin greba piketeak eratzeko. Txistuz hartu nuen Versaillesko ituna. Zintzurra urratu beharrean oihukatu nituen japoniarren aurkako esloganak. “Gonbidatu argidotar” gisa hartu nuen parte Guomindang-en Lehenengo Biltzar Nazionalean.

            Juangpu-ko akademia militarra sortu zuen udazkeneko arratsalde hartan berean aurkeztu zidaten Sun Yat-sen; haren ondoan zen Zhou Enlai gaztea, bulego politikoko buru. 1925eko martxoaren 12an, segiziokoa nintzen halaber ni aberriaren aita azken egoitzara lagundu zuen proguan. Hilabete batzuk geroago, kaleetan odol-olde izugarriak isurarazi zituen sarraskiaren lekuko izan nintzen Nankinen.

            Hiru iraultza gerratan esku hartu nuen geroago. Tsiang Kiaichek-ek Iparraldeko lurretan gidatu zuen espedizio hartako kide izan nintzen 1927ko otsailetik martxora, Shanghairen kontrolaren aldeko asaldura armatuen garaian Zhou Enlairen lerroetara bildu nintzen arte. 1927ko apirilean, etsipenez ikusi nuen Guomindang langile miliziak, sindikatuak eta industria hiri handi hartako herri indarrak gupidarik gabe garbitzen. Xiluanek azkeneko momentuan salbatu zuen nire bizitza, bizi nuen lilura hirietatik Txinako landa atzeratuenetarantz eramanez. Jomuga: “gerrilla iraultzailearen” baseak.

            1931ko goiz gris batean bizi izan nuen “Txinako Sobieten Errepublikaren” sorrera. Bortizki egin zion aurre Nankingo legezko gobernuari, nagusi baitziharduen hartan Guomindangek. Hiru urte geroago, hondamendiaren lekuko izan nintzen sobiet haiekin beraiekin, Tsiangen tropek guztiz inguratu gintuztenean.

            Orduan, 1934eko urritik 1935eko azarora bitarte, Ibilaldi Luzeko gorabeherak biziarazi zizkidan Xiluanek. Oinezkoen VIII. Armadako lerroetan, Mao eta Zhu De buru, bederatzi mila kilometroko bideari ekin eta oinez zeharkatu nituen milaka tontor eta ibai, milaka lautada erre eta mendi elurtu. Euri izoztuzko erauntsiak eta hondar goriko ekaitzak jasan nituen. Bazterrik gabeko zingirak zeharkatu nituen, pinu-zur erretxinatsuzko zuzi bat eskuan neramala. Urean eta lohian gerriraino sarturik palastatu nintzen lintzura haietan, eta hamaika aldiz pentsatu nuen hezurrak bertan utzi beharko nituela.

            Tatou ibaiaren gaineko Luting zubiaren igaroaldia izan zen, inolaz ere, gure abenturako une erabakigarriena. Hegazkinen raid asasino baten jomuga bilakatu zen Xiluanen eta bion gerrilla taldea. Ageri-agerian gertatuak ginen zuhaitz alerik ere ez zuen muino gorri baten erdian, gureak egin zuela uste genuen. Gure posiziotik hurbil mila kiloko bonba batek eztanda egin eta airera saltarazi gintuen, harri eta lurrezko haize zirimola gorri baten furian. Berriro ezaguerara orduko, neska gazte baten ahotsa entzun nuen:

            —Gonbidatu argidotar hori, gurekin da maozedong-pentsamendua!

            —Hala bedi! —erantzun nion, niregandik espero zitekeen moduan.

            Suntsiturik zeuden igaro beharreko zubiko ohol guztiak. Behealdean, ehun metrotik gorako sakoneran, hantxe ageri zen erreka basa orroka, haitz pikatu izugarrien arteko amildegiaren bukaeran, ehun herensuge bururen oldarrak eramaki. Beste aldera igaro behar genuen kosta ahala kosta, huraxe zen agindua. Hotz siberiar baten menean, herrestan hasi ginen metalezko kable eta habeetan goiti, gure garai bateko bidelagunaren hegazkinen metrailaren pean. Nire aurrean, metro eskas batera, ene Faisaiaren atzealde “kubatarra” kulunkatzen ari zen, su eta gar, erroitzaren gainetik, guri bidea zabalduz. Eskuak odoletan, gogoa xehaturik, lortu nuen deabru taoisten zubi hura zeharkatzea.

            Berehala eraman ninduen Xiluanen solas argitsuak Japoniaren aurkako gerrara. Jazarpen ekintzen erdian sumatu nuen neure burua, lerro japoniarren gibelean. Iraileko egun batean, udazkenaren dirdiraren pean geunden ordurako, suzko bataioa jaso nuen nipondarren aldetik, Pingsinkian-eko haitzartean, Shansi lurraldearen iparraldean nonbait. Zortzi hilabete geroago, Jopei lurraldean, Sifeng izeneko tokian, doi-doi saihestu genuen Xiluanek eta biok talde etsai baten ekina, ilunabarrean, oihan batetik irten berriak ginela, ustekabean harrapatu gintuztenean.

            Bi etsaien, Guomindang eta Japoniaren, aurkako kanpainen araberako proba latzei aurre egin behar izan nien ondoko urteetan ere, nire interpretariari Yunan-go aireporturaino jarraiki behar izan nuen arte. Mao txalotzera joan ginen hara, Tsiang Kiaichekekin bakea negoziatzera Chungching-era abiatu beharra zeukala-eta. Baina beste bi gerra zibil urte behar izan ziren 1949ko urriaren 1ean Tiananmen plazan, iraultzaren garaipena ospatzen ari zen jendetzaren bozkarioaren artean, sartu ginen arte...

 

 

3

 

            Seneratzeko eta berriro hatsaren guztiz jabe izateko aukerarik gabe nindukala, istant batean bihurtu ninduen Xiluanek ametsetik errealitatera.

            —Gonbidatu argidotar hori, lo egin behar dugu, biharkoa arras egun betea izango baita Kantonen. Itzul bedi, mesedez. Erantzi behar dut eta.

            Begiak itxita obeditu nuen. Berehala hasi nintzen krika magiko baten hotsa neure atzean aditzen. Mao uniforme urdina, bularretakoa, kuleroa, galtzerdiak eta oinetakoak erantzi zituen Xiluanek. Biluz, biluz, biluz. biluzik zegoen haren bizitza, biluzik goitik behera, garretan neukan bizkarretik zentimetro gutxi batzuetara. Kanela eta piperbeltxaren infusioan onduriko jengibrearen basa usaina jabetu zen berehala konpartimentuaz. Hogeita hamar urte geroago, Urrezko Faisai Zorion Ekarlearen usain intimoarekin lotzen dut emakumeen biluztasunaz betikoz izango dudan eguzki pertzepzio zoroa.

            —Gonbidatu argidotar hori, listo nago!

            Ohe atorra bikaina jantzia zuen, aldakaraino iristen ziren irekiguneak alboetan.

            —Itzuli egingo naiz, gonbidatu argidotar hori. Alda bedi.

            Eskuak dardarka erantzi nuen arropa. Pijama jantzi eta kolonia ura eman nuen. Elkarren aurrean geunden berriro, poliki eserita. Bikotea ginen eztei bidaian, bizitzako hegoalde eguzkitsu zabalerantz abiatuak: neska gaztea lore beltzez pintarraturiko ohe atorra horian sartua, ni Zuricheko alkandora-saltoki dotore batean erosia nuen pijama granatean.

            —Gonbidatu argidotar hori, katilukada bat te hartuko ote luke erretiratzeko agindua baino lehen?

            —Plazer handiz, Urrezko Faisai Zorion Ekarle hori!

            Berehala prestatu zuen tea, eta katiluak bete.

            —Izan ere, ez dit oraino gonbidatu argidotar horrek Nankingo inpresioen berri eman.

            —Ez du, nire ustez, Pekinek, Handzhou-k edo Shanghaik duten nortasunik ez xarmarik. Nolanahi ere, biziki hunkitu nau Ming dinastiako enperadoreen hilobirako bideak.

            —A, bai? Eta zergatik?

            —Gustatu zait estatua lerro bikoitzean gizonak eta animaliak aldi berean omendu izana. Eta malkoetara heltzerainoko moduan hunkitu nau aintziraren gainean begietatik galdu arte hedatzen den loto sailak. Promenada irudikatu dut ontzi gainean, ilargiaren argitan...

            —Aintziraren eta Yang-tze ibaiaren eskuineko bazterraren artean —esan zuen neskak— industrialde erraldoi baten eraikuntza aurreikusi dute.

            —...batez ere —jarraitu nuen— gogoan hartzen badugu zeinen garrantzi handia duen lotoak txinatarren irudipenen unibertsoan, ezta?

            —Bai, behialako denboretan sorkuntza eta berrikuntzen denbora arautzen zuen pendulua zen haren lorea.

            —Antzinako Txina zaharrean, antza denez, alu ideala, motxina bere distira osoan, adierazten zuen lotoak, bere edertasuna ur arre geldietan pulunpari ageri duen aldetik.

            —Kimonopean urrezko lotoa zeukan neskatxak guztiz sinesten zuen enperadoresa baten bizitza eramango zuela, etxola txiroenean sortua zatekeen arren. Zer bilakatu da ikur hori iraultzaren ondoan?

            —Maozedong-pentsamenduak, gonbidatu argidotar hori, zentzu guztiz moralean interpretatzen du lotoaren joritasuna.

            —Haren zaporea ere —ausartu nintzen (ideia nahaste bitxi baten aurrean men eginez).

            —Bai, haren sustraiaren zaporeak halako zuzentasun eta urritasun kutsua eransten dio edertasun nozioari. Bertute horien beharra du gure iraultzak paperezko tigreak erraustuko baditu.

            (Beste argialdi batean, galtzetan zelatan neukan abenturazalea, nire mendebaldeko Eros gartsua, Urrezko Faisaiaren loto urrekararen aburuan ere paperezko tigre bat zela begitandu zitzaidan...)

            —Eta zer lotoaren zurtoinak honetan guztian? —galdetu nion, etsiturik.

            —Zurtoinak, haren gainean hazten den bihotz bikoitzaren antzera, langileria / laborari herria bikotearen harmonia irudikatzen du. Loto gorria, gogo argitze betean, istil inperialistaren gainetik loratzen da, maozedong-pentsamenduaren zeruan gaindi!

            Nire odoleko jainkoak gisa hartan laidoztatzen ari zen bitartean, haren urrezko lotora zuzenduak ziren zentzu guztiak. Goi alerta egoeran zegoen harrezkero nire bederatzi-begiko-banbu-taoista. Gauza izango ote nintzen haren erekzio inperiala kontrolatzen? Erantzun gisa edo, nire irudimenak Alderdiko agintari zahar, mila borrokaldietako beterano, bilakatu zuen bat-batean Xiluan. Maozedong-pentsamendua, azken beltzean zegoen loto lorea, nire desiraren tigre suminduarekin mestizatzen zuten ehungintza lantegi bat erakusten ari zitzaidan une hartan.

            Kolegio Sakratuko kardenal baten maskara agertu zen berehala nire amorruaren aurrean: zorrotz ekarri zidan gogora haurtzaroko fede katolikoa eta apostolikoa. Nire konfesore erromatarra itzali bezain laster, neureak eta bost eduki nituen N.V.K.D.ko kapitain batekin. Egin ez nuen krimena aitor nezan nahi zuen: neska gazte baten bortxaketa Bielorrusiako kolkhoz batean.

            Stalinen poliziaren espektroa desagertu bezain laster egin behar izan nion aurre maozedong-pentsamenduari berari: loki batetik bestera hedatzen ziren haren herensuge zahar begi gorriak, globoak begi-zulo bakar batean egokituak. Serie-haluzinazio baten atzaparretan ote nengoen?

            —Gonbidatu argidotar hori —esan zidan Xiluanek—, loak erreak gaude biok ala biok. Utz iezadazu, mesedez, argia itzaltzen. Amets ederrak egin!

 

 

4

 

            Loak hartu bezain laster, ametsetan azaldu zitzaizkidan gogoan neuzkan testu erotiko txinatarrak, Robert van Gulik-en lanei esker ezagutu nituenak.

            “Honela dio Liburu Horiak: “Ireki ezazue Bizitzaren Atea, besarka ezazue Jarraikitzailearen semea. Elkarrekin josta bitez Herensugea eta Trigea, 3-5-7-9 laztanek eta lurreko eta zeruko Sareak inposaturiko legeen arabera. Ireki ezazue Ate gorria, barnera ezazue Jade-ren Zurtoina. Yang-ek Jade bezain zuri irudikatuko du Ying-en ama. Yingek ferekatzen eta bere eskuez adore ematen irudikatuko du Yangen aita.”“

            “Hala dio Yi-King-ek: bi lagun sentimendu berekoak badira, metala hausteko gauza dira; bi lagun sentimendu berean mintzo badira, orkidearen lurrina edukiko dute haien hitzek.”

            “Hala dio Maisu Tong-shuan-ek: argiro erakutsi du ikerketa arretatsu batek hogeita hamar baizik ez direla batze sexuala bururatzeko posizio nagusiak. Garrantzirik gabeko xehetasunak alde bat utzirik, berak dira funtsean posizio desberdin eta bestelako mugimendu horiek, halako eran non aukera guztiak haietara biltzen direla esan bailiteke... Irakurle argia gai izango da haien adiera miragarrian sakontzeko, haren azken hondoraino iritsi arte.”

            Nankin-Kanton tren lasterreko ohe-bagoian Xiluanekin koitoa burura eramateko, hiru posiziori eutsi zien nire ametsak Maisu Tong-shuan begiragarriak proposaturiko aukera liluragarrian ageri zirenen artetik:

            —Martin arrantzalearen batzea. 

            Neska gazteak, aurrerantz makurturik (trenaren norabidean), esku banatan harturik oratu die oinei. Belauniko jarri da poeta, zangoak luzaturik, eta gerritik heldu dio neskari. Ondoren, Liraren Harietatik igaroarazi du Jaderen Zurtoina, kapelua jantzirik jaioa den beltz baten antzera, Haiti-ko moduan, giltzurrunei eraginez!

            11. Pinpilinpauxa hegaldariak. 

            Ahoz gora etzanik (trenaren norabidearen aurka), zangoak zabaldu ditu poetak. Haren gainean eseri da neska gaztea, izter zabalka, poeta aurrez aurre daukala, oinak ohexkan bermatuak. Kuraios mugitzen da, gorputzari eskuez eutsirik. Ate Preziatuan barnatu da orduan poetaren Pikotx Kementsua.

            24. Megapodoa edo oihaneko txoria. 

            Ohexkan eseri da poeta, zangoak gurutze. Bere magalean, aurrez aurre, jar dadila eskatu dio Xiluani, eta Jaderen Zurtoina barnatu du orduan Ate Preziatuan. Gerritik eutsi dio poetak, irmo, bere Urrezko Faisaiari. Oldar bizian ekin dio orduan, goiti eta beheiti, neska gaztearen gerriari, udazkenean bere sailean aitzurrean ari den laborari loriatu baten moduan, Hsuan-pou eta T’ieng-t’ing gailurrak elkar marruskatzen eta jotzen hasi eta bi mendi handiak, estasian elkarrekin behera egin ondoan, Hilezkorren Egoitzara iritsi diren arte.

 

 

5

 

            Pekinera itzuli ondoko larunbat goizean ulertu nuen, Xiluanen bozkario aurpegiari erreparatu ondoan, bazuela nirekin partekatu nahiko zuen sekretu handi bat. Nire partitzearen bezpera bitarte egona ote zen tren txinatarreko berri ona iragartzeko?

            —Gonbidatu argidotar hori, Komite Zentralaren telefono dei batek iratzarri nau. Ba ote daki berorrek zer esan didaten?

            —Ideiarik ere ez.

            —Ea asmatzen duen. Ez du, bada, berorrek horren erraz etsiko.

            —Harri bihur, txinatar erako pitxitxi bat baldin bada!

            —Egun, arratsaldeko bostetan, gure Lemazain maiteak hartuko du gonbidatu argidotar hori! Zhou Enlai, Zhu De eta Chen Yi burkide ministroak ere egongo dira harrera ekitaldian. Bejondeiola, gonbidatu ezin argidotarrago horri!

            —Zoriontsu egiten nau ohore hori zurekin partekatu ahal izateak.

            —Nire bizitzako egun ederrena da, zuri eskerrak. Lehendabiziko aldiz egongo naiz gure gidari nagusienagandik hurbil. Zer ez nuke egingo, zuri eskertzeko!

            Malkotan zeuzkan begiak. “Hau duk besoen artean hartzeko momentua —pentsatu nuen—. Gelara eraman behar diat, inolaz ere”. Baina, nire desira baino bizkorrago, bere betiko zelata postuan zegoen berriro ere, nire aurrean, maozedong-pentsamenduaren maskara.

            Lehengo jauregi inperialeko aretoetako batean zeuden gure begira Ibilaldi Luzeko heroiak: Mao Zedong, Zhu De, Zhou Enlai eta Chen Yi. Halako lañotasun lasaigarria zerion Zhou Deren ahotsari. Hangzhouko pagoda batean beraztu ninduen buda batenak gogorarazi zizkidaten Chen Yiren hazpegiek. Aurreneko film ozenetako aktore baten xarma erromantiko apala zen Zhou Enlairena. Maozedong-pentsamenduari dagokionez, ustekabean topatu nituen haren azal beltzarana eta herriko jendearen xalotasuna eta on puska airea, kokotseko jakituria garatxoak nabarmen uzten zituena.

            Begien aurrean neuzkan itsuen orde ikusten, sorren orde entzuten eta miliar bat muturen isiltasuna interpretatzen zuten paraklitoak. Haien solasa entzutean, aisa sinetsiko genuen gizakien artean liluratzeko gaitasuna garatu baizik nahi ez zukeen gizonaren Seme berri bat zela haien boterea. Baina haien konpainian iraun nuen bi orduetan uste sakon batek ilundu zuen nire hasierako bozkarioa, lagunen arteko elkarrizketa bukatu zen arte: larreko barre oparo batek argitu izanagatik ere, goi buruzagi haiek nire odolari Xiluanen eguzkian beraren hogei urteekin topo egitea eragotz baziezaioketen, garbi zegoen zernahi egiteko gauza ere bazirela. Danimarkako erresuman bezala, bazen ustelik ere haien iraultzan. Zhou Enlaik ene omenez topa egitea proposatu zuenean ere, ez ninduen sentipen hark abandonatu.

            —Gonbidatu argidotar hori —esan zuen, Xiluanengan bozkario mistikoa eraginez—, zeure bisitaldian non-nahi ibili zaren utzi duzu gure herriaren lagun zintzoa den poetaren irudia. Zilegi bekigu hemen gauden poeta guztioi (zehar begiratua Mao aldera, lorian) kopak goratu eta zure osasunaren eta munduko herri borrokalariekiko elkartasunaren alde topa egitea! Kampe!

            —Kampe!

            Oroitzapen-erretratuari begira, besotik heldu zidan Maok amultsuki, ni beraren eskuinaldean jartzeko, Urrezko Faisai Zorion Ekarlearen mirazko begiraden pean.

            Biharamunean, oso hotza zen Pekinen otsaileko igande hura, baina idorra eta eguzkitsua, ezin zoragarriagoa. Sei aste lehenago hartu ninduen harrera-taldeak berak lagundu zidan aireportura. Minutu batzuk irten aurretik, egonaldiko esperientzia hitz batean laburtuko ote nuen eskatu zidan ostatu emaile haietako batek. Zer ote zen Txina gonbidatu argidotar honentzat agur esateko unean?

            Ikusitako jende eta gauzen milaka irudi nahasten ziren nire gogoaren kaleidoskopioaren zirimolan: hoberenen ondoan ageri ziren txarrenak. Hitz egin beharrean, hoteletik irten baino lehen maletan ezkutuan gorde nuen arrosa atera eta amultsuki opatu nion Xiluani. Nigana hurbildu zen: maozedong-pentsamenduaren artzainen begi txundituen aurrean, doi-doi ukitu zuen haren neska aho gazteak, agur musu arin eta geldi batez, bidaiariaren aho irazekia.

 

URREZKO FAISAIA
Rene Depestre

Eros tren txinatar batean, Igela, 2013
euskaratzailea: Joxan Elosegi
armiarma.eus, 2026