Sarrera - Bukolikoak
Leopoldo Zugaza

Idatz & Mintz, 50 zkia., Separata
Labayru, 2010

 

     Jean Cocteau, Maisons-Laffitte (Frantzia) herrian jaioa zen 1889an. Euskal Herrira egin zituen ibilaldien oroitzapen poetikoak utzi dizkigu; amari bidalitako gutunetan laudorio sutsuak eskaintzen dizkio euskal lurrari.

     Amaren eraginez jarriko da harremanean Daudet eta Rostand-tarrekin 1908an. Bigarren honetako senitartean Mauricerekin izango du harremana, Edmond Rostand poeta eta antzerkigilearen semea. Lapurdiko Kanbon etxalde bat zuen honek, Arnagan.

     Mauricerekiko adiskidetasunaren ondorio izango da Schéhérezade aldizkariaren sorrera, bien arteko elkarlana. 6 ale atera zituzten 1909ko azarotik 1911ko martxora bitartean. 1909ko udan Arnagan egotaldi bat egingo du, Rostand-tarrek gonbidatuta.

     1912an, Donibane Lohizunen bere amarenean egon ondoren, Arnagara joko du han osatuz egoteko, eta handik idatziko dio Cocteau andreari:

 

     «Lehen euri-truxuak. Ezagun ditudan Frantziako paisaia guztien artean, euskal bazter honek egiten dit eraginik handiena barrenean. Izenak, usainak, hemengo aire ederra, hego-haizea, pilotako frontoi-pareta meskita bihurtzen duena, herrixkek duten elkarren antz zoragarria, zein bere eliza, frontoi eta hilerriarekin; halako hornidura eta nahastura sendo leuna osatzen dute norbere bihotz betegarri... » «eta zeure hutsunea igarriko ez banu, hau litzateke egiazko ametsa. Maurice, nire lasaitasunak bareturik, eta id, Mauriceren ugalkortasunak gainez eginik, euskal bukolikoak batera idazten dihardugu».

     Euskal bukolikoak argitaratzeke geratu ziren, harik eta beronen Oeuvres Poétiques Completes (Gallimard, 1999, 1543-1551. or.) bilduman sartu izan ziren arte. Hauen gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak egin nahi ditugu. Pilota partidu baten deskripzioa dute gai.

     Badakigu, bestalde, 1919an gure Herrira beste ikustaldi bat egin zuela, eta Ahuskin, Maule ondoan, ostatuz egon zena, Arnagatik 5,5 kilometrora, Louis Durey eta haren emaztea lagun zituela. Egotaldi honetan idatzia ei da harako poema sorta, Euskal gaia, Garramatua eta Turista, (O.P.C., 212-213. or.). Honela dio lehen poemak:

 

EUSKAL GAIA

 

     Artzaintxoa bere masail gorristekin. Oilarraren kukurruku txatxarra. Eguraldiak hoberantz egin du. Laborariak euri eske. Mendi aldean hodeiak, behin multzotu, behin aldendu.

     Eskualde honetako jendeak biziro maite du dantza. Ibili al zarete oinez? Oihana bi kilometrora dago, baina han gerizpea dago.

     Mandoak zaina astunak eraman ditzake. Abere adikorra da, eta begietara atsegina. Esku pilota jokoak indarra eskatzen du, areago trebezia.

     Zein iturri paregabea han! Inguruetatik dator. Gogoko al duzue tira? Bai, baina nahiago ardoa. Artaldeen arran-hotsak gaixo dena nekatzen. Arranoak hegalei zirkinik eragin gabe hegaka. Mendiak perspektiba ikuskizun bitxiak eskaintzen. Neskatxak kardu urdin bat bildu nahi izan du, baina amildegiaz beste aldean izaki!

 

EZPELEITAKO HILERRIA

 

Zuei darizuen usain gozoa ez doakio ondo zeuen soinekoari

Heliotropoak pozik hartuko zintuzke geranio hori!

Eta bioleta usain hori, lorea inondik ageri ez denean,

Zeure begiei dariela esan liteke, zeure begi bioleta miopeei.

Sei orduak dira. Ba al zatoz autoan paseatzera?

Eta bera zain terrazan, laranjadiaren eta hagin-arbolaren artean.

Bonbitaz, Artzainaz, Matxakitoz mintzatuko gara...

Eta xistera bihur biziaz.

Eta hilerriraino joanen gara, haren inguruan Ezpeleta lo datzala.

Laster naiz han ikusi, urteen zama astunaren pean hilik,

Zeren Euskal Herriko lurrean lirio-lore bat erne da eskeleto batean,

Pirinio mendietako paisaia urdin sentigaitzaren aurrez aur.

 

 

     Jean Cocteau literatur sorkuntza ugariaren egile dugu, poesian, narrazioan zein antzerkian. Koreografi argumentu gogoangarriak ondu zituen eta zinematografi lan garrantzitsua ere bai.

     Milly-la-Foret-en hil zen 1963ko urriaren 11n.

 

Sarrera - Bukolikoak
Leopoldo Zugaza

Idatz & Mintz, 50 zkia., Separata
Labayru, 2010