Bukolikoak
Jean Cocteau / Maurice Rostand

Idatz & Mintz, 50 zkia., Separata
euskaratzailea: Felipe Juaristi
Labayru, 2010

 

I. HORMA BIKOITZA

 

 

          Greffhule kondesa andereari, pilota-partidu bat oroituz.

          JEAN COCTEAU- MAURICE ROSTAND


          Hauxe gozamena!

          WALTER PATER


          Baudelairek gurekin batera esango zukeen, nik ez dut  maite, paradoxak zintzilikatzen ditu gogo gehiegiz.

          V. HUGOREN EMAZTEA


          Zezenketetan pertsonaiak txikiak dira denak, fuksia kolorekoak.

          MANET (Gutunak)


          Ez deitu Jainkoari, malkoen seme horrek.

          SHAKESPEARE

 

          Oso arin gorritzen naiz eta alde batetik soilik, arraina bezala.

          SHELLEY (Gutunak)

 

          Nire bizia hilen segida baino ez da.

          WIENCKELMANN

 

          Alzibiadek ez zuen txirula jotzen ikasi nahi. Muturra desitxuratzen zuela zioen, eta masailak itsustu.

          ATENEA

 

          Galtzak ur-koloreak zituen, oso motzak, galtzerdiak zuriak eta txarolezko zapatak.

          F. L. (Baudelaireri buruzko oharrak)

 

          Maisu lana hasi aurretik dago amaituta.

          WHISTLER

 

          Zer axola Virgilioren artzainek ez badute hitz egiten larreko hizkeraz;

          Jainkoaren hauspo-arnasa hotsak dira.

          WIENCKELMANN

 

 

 

HAROLD

 

Oi gaztaro, gozamen, maitasun, zaldi, jaka!

Lotzen dugun lepokoa, josten dugun krabelina!

Eta zu, Iparreko laino, lorea nola aurpegia

          Jotzen duzun ekaitza!

 

Bakardadearen izua, liburuak urruti,

Egun zoragarrian, jauregi erabat librean

Bezala bizirik ingeles ikastetxean.

          Greziar ipuinean biziz.

 

Alde bat utzi dut Nell eta haren begitarte urezkoa

Ordezkotzat hartu dut gaztaina begiko Frantzia

Walter Pater zikinaren tokian Montaigne garbia

          Pilotaren ordez, poloa.

 

Utzi egin dut lotan kobrezko errainuan

Te usaina darion Biblia aitapontekoa,

Shakespeare oharrez betea, Keats larru leunekoa,

          Nola horiek gabe mundura!

 

Nell, hor zaude ingeles ilunabarrari begira,

Irakurtzen Penelope ilehori eta gaztetsua

Bezala letra urdinak. gutun-azal loditxoan,

          Angeluko zigiluduna.

 

Itakaren antzekoa den gure uhartean

Zuk josten duzu hatz elurrezkoez gauetan,

Klubeko zenbakia nire elastikoetan

          Bakoitzean kolore ezberdina.

 

Jostorratza jolasean dabil zure gona arrosazkoan

Ukitzen duzu nire Karlos-Erregeren ile kaoba kolore

Zurekin dagoenetik nik zurekin hitz egin gabe

          Koska egin nahi dit ordaina.

 

JOKALARI URDINA

 

Ahí va!

 

JOKALARI GORRIA

 

Yo!

 

HAROLD

 

Ez dut ezer ikusten eta dena zait arrotza

Adiskide frantsesa, hura bai zorionean!

Berak maite duena zain dago hotelean,

Eta da bere aberriko jolasa!

 

ALAIN

 

Nik hatzez Ekialdeko Fantasmak ditut ukitu

Irakurri dut Loti Bosforoko txalupa batean

Fosforo hautsez jositako zeru baten azpian

Eta Barres Florian kafean dut dastatu

 

Desira zabal eta mundutar batek loturik,

Ahantzi nuen nik, estutik estura ibilian,

Oi nire sorterria zure aurpegi itxian,

Sortutako amets oro dagoela gorderik.

 

Kanta alemanak entzunez bihotza zait askatu!

Eta ez dut herrarik sentitu sekula

Henri Heineren aberri izan zenaren aurka

Zure Erromatarrek, D'Annunzio, begiak ureztatu,

 

Nik estropada bustiak baino ez nituen maite,

Cambridgeko eta Oxfordeko greko gazteen lehiak,

Zein atsegin beroagoak, zein lotura sendoagoak

Hartu nau abarketez jantzitako lur honek!

 

Aljereko Kasba baino horma hau dut nahiago

Arrats ontziak bezala distira dagiena

Habe heleniarra baino, artzainak atsegin duena,

Parkeko usoak baino, lore arteko elurra gehiago.

 

Nahiago dut horma hau, ez baitago antzekorik

Ezer, ez bere leiho, bere fruitu eta abarrekin,

Aire, eguzki eta zarataz egindako margo honekin.

Denek batera jotzen dute sei heroi gazte eta zurik.

 

Urdinean nire herria garaile ateratzen baita

Ez sustrairik ez huntzik ez duen hormaren aurrean

Sentitzen dut pilotak harria jotakoan

Nire hatzak dardaraka eta bihotza punpaka.

 

LEHEN URDINA

 

Pilotak horma hutsa jotakoan

Lotzen du eguzki bero galanta,

Urre eta karea arteko ezkontza

Diadema garden baten azpian!

 

BIGARREN URDINA

 

Maite dudan hura lehen harmailan eserita dago.

 

HIRUGARREN URDINA

 

Nirea bigarrenean dago.

 

LEHEN URDINA

 

Hormaren beste aldean da lorea,

Hantxe da maiteen dudan emea!

Pilotak igalia balitz bezala

Jotzen du hormaren alde huts herbala

Jauzika.. larrutzen da eta larritzen.

Beste aldean, bitarte horretan,

Udako jolas zoragarrietan,

Lasai asko mertxika da umotzen.

 

Lorategirik ederrena hori

Beretzat askok nahi lukete sari

batetik bestera luzatzen dabil

Landarean arto musker eta piku.

Eskuak sartzen zume saskietan.

Jakinik igalia guretzat dela,

Lotarako tokia ere badela.

Eta pareta hau alai jotzen dugu.

 

BIGARREN URDINA

 

Ai, anaia zuriok, zer ote deusik

Frontoia baino zalantzazkoagorik

Nork ikus lezake urdinaren azpia

Batetik bakea, bestetik nekea.

Pelotoi odoltsua antolatuta

Mozorro aurpegiak liluraturik

Zaintzen du festaldia begiz jota

Euskal tristezia alaia oso-osorik.

 

LEHEN URDINA

 

Getariatik naiz ni orain etorri

Pilotari txapelak badirudi

Teilatua zintzilik goitik behera

Eskularrua nirea da okerra

Neuk tenkatu dut larre heze berdean

Kapera zuriaren ondotxoan.

 

Ontziak maite dituen birjinak

Nola ez maiteko sehaska estuak

Hortik irten da pilota amultsua

Onetsiko ditu nire jokoak

Ez al ditu gidatzen begitsua

Itsasaldi bateko gorabeherak.

 

Zabalduko ditu hark besotxoak

Jauregi handi horren atarikoak

Pilota tokira erraz botatzeko

Badaki ari direla esku bilduak

Borroka eta ahalegin lortzeko

Maite dudanarentzako puntuak.

 

BIGARREN URDINA

 

Itsasotik nauzue ni etorri

Beti da igande argi eta zuri

Argi ilaun eta ilunaren nagusi

Honakoan hantxe ditut utziak

Kanpandorre ederra, horma txikiak

Eta hilerri bat txikian txiki.

 

Oilar sentitu dut goizaldean

Arrueren alde egin dut ametsean

Hura garaile, dut itxaropena!

Eta belar gustuko iturrian

Idien muturraren ispiluan

Zeruari so hartzen nuen edana.

 

Gure artean auzo txiro bakoitzak

Baditu eliza eta frontoi ederrak

Burdina hariz inguratua guztiz.

Ongi bizitzekotan ezingo da

Sinetsi pasa dugun herria

Norberaren herri hutsa denik.

 

HIRUGARREN URDINA

 

Ziburukoa ni, ate gorriak

hartzen ditu arratsalde luzeak

Bere ispilu diren ur aratzetan

Eta ibilian dabilen lagun batek

Esan zidan aspaldiko egun batez

Venezia berria zela benetan.

 

Hala zioen: Baditu ubideak

Gorriak dira bertako piperrak,

Mundu hori da beltz eta mudurria:

Eskularrua ukabilari lotua

Gondolazale antza duzu petoa

Gondola duzula jolaskidea.

 

Ez dakit, baina ia seguru nago

Harena dela, hormaz haratago

Ikusten dudan zorizko musua:

Jesukristorena ere margotua

izan baitzen eta ongi taxutua:

Veronikaren oihal sakratua.

 

LEHEN GORRIA

 

Ai! Hegoaldeko haize afrikarrak

Azkaineko horma bortizki jotzean

Ekialdeko zuritasuna dakar

Biguntzen digu karea gogorra;

Gure Ramuntxoren oroitza sorra

Hirian zehar guztiz zabaldu da.

 

Izan ez den anaiak du betetzen

gure uda pisu astuna oroiminez;

Eguteran lo da apar gainean.

Eta amesten dut Tuniseko kaia

Egonaldi bakoitza da lilia

Hala jakin nuen txo nintzenean.

 

Gogorra naiz eta banaiz biguna

Gure herriko haizea bezala;

Anbar aurpegiko neskatxak

Berdin ditu atsegin biak

bai mutila bai haize gaztea

Batera logelan sartzean

 

BIGARREN GORRIA

 

Maite dudana ez da inon ikusten

Ez du ez parkerik ez hiririk hemen.

Baina landa bi aldiz den honetan

Espainia Frantzia aldean sartua

Zain dut gorputz eta arima betea

Espainiako balkoi biribilean.

 

Bera dago txori astuna bezala

Urrezko arrosa garbia nola

Hazi duten sarepetik zelatan.

Hain maitea dudana, ai, itxirik

Ezkutatu eta gorde dute azkenik

Burdin hesiaren beste aldean.

 

Gau txori, zorabioan erortzen,

Frantses trenak ditu hurrean entzuten

Geltokiz geltoki eginik bidea.

Ai! Halako su beroa odolean

Izekiko zaio ezagutzean

Nire zigarroaren gar txikia!

 

HIRUGARREN GORRIA

 

Ez dakit nondik natorkizuen ere

Nire gurasoak ez ditut nire

Hormak ditut balentriaren lekuko

Jende ugari dago nire atezuan

Ez badut sinesten nire patuan

Izena sekula ez dut ukatuko.

 

Pilota badoa hegal eta ziztu

Ai! Borroka sinesgaitzaren fruitu.

Dantzan ari da nire sandalia.

Besteak brinko eta jauzi eginik

Badaukate larru eskuko bigunik,

Baina pilota beti nirea da!

 

Neskatxentzat omen naiz herabea

Hala diote ni begira ikustean,

Bera baita biziaren zuzendari.

Zuek bostok baino naiz gazteagoa

Baina zerrenda urdinaren gainean

Ez da nik jota hutsean erori.

 

URDIN BAT

 

Pilota bat jaiotzera doa!

 

GORRI BAT

 

(hitz ulertezin asko) botea egitera doa.

 

URDIN BAT

 

Neu

 

GORRI BAT

 

Kontuz ibili, haren zartako laburra zuzena da eta maltzurra

Eta pilotak gordez bere jiraren sekretua eta adurra

Etsiarazten gure hirukote gorria.

 

URDIN BAT

 

Egunaren bakea hautsiz

Nire saskiak distira dagi

Bota egiten dio eguzkiari.

Eskaintzen nire esku ez motelari

Lakio bat haragi zauritu honi:

Eta iltze hirukoitza sartzen berari!

 

LEHEN URDINA

 

Ama Getariakoa, oinak dituzu urrezkoak.

Sar dadila sosegurik ez den hobi handian

Antxeta zuria bezala pilota eta gera.

 

BIGARREN URDINA

 

Lili bereziak Itsasoko hilobian.

Oihu mutuak aurpegi deseginean.

Lore-hauts lurrina nire lastozko korolan!

 

HIRUGARREN URDINA

 

Ziburuk badu eguzki begiko frontoirik

Niri laguntzeko.. hiri lainotsu horrek tinka ongi

Pare horiek, ur gaziak (ez da ulertzen) teilak.

 

LEHEN GORRIA

 

Ama Azkainekoa, igandeko kandela,

Amatatzen zara hego haizeak jotzen duela.

Ekarri nire lagun Amabirjina Afrikakoa!

 

BIGARREN GORRIA

 

Irabazle bagara, zuretzat ondasunak,

Larruarentzat hautsak, bihotzarentzat goitasuna,

Nire zain zaude Hondarribitik gertu...

 

HIRUGARREN GORRIA

 

Non jokatu nuen atzo? Non jokatuko ote bihar?

Arma jostalari hau itxiago nire eskuan

Mantxa zatarra Arabiako lurrinetan baino.

 

HIRUGARREN URDINAREN ANDREGAIA

 

Eta Haren beso hegaldi geldia

Haren atorra eta horma zuriak

Begien aurrean igande aldia

Arratsa ja loretara eroria.

 

Ilunean bigarrena du bota

Azkenak jo du horma bikoitza

Gora daiteke gau-lapur bailitzan

Eta mundua dautzan erdibitu.

 

Dena geratuko da itzalia,

Mutikoek erakutsiko oihalak

Ilargiak nahi luke izan izarrak

Jaurtitzen dituen saskia.

 

 

Kanbo

1912ko urria

 

Bukolikoak
Jean Cocteau / Maurice Rostand

Idatz & Mintz, 50 zkia., Separata
euskaratzailea: Felipe Juaristi
Labayru, 2010