Bukaera hedatua
Rene Char

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz, 15. zkia, 1988ko apirila

 

Oihu badagizu, mundua isiltzen da

zure mundu propioarekin urruntzen doa.

 

Emazu beti har dezakezuna baino

gehiago, eta ahantz. Hala dabil

bide sakratua.

 

Akuilua lorez aldatzen duenak

tximista borobiltzen du.

 

Ortziak etxe bat baizik ez du,

xendra asko. Altxatzen doan etxea,

purruskarik gabeko xendrak.

 

Euri txikiak hostadia alaitzen du

eta izenik gabe pasatzen da.

 

Sugeek manatu zakurrak izan

gaitezke, edo garena isil...

 

Gaua mailuaz askatzen da, giza

bere bihotzari estekaturik dago.

 

Txoriak lurpean, lur gaineko

dolua kantatzen du.

 

Hosto zoro, zuek baizik ez duzue

gure bizia betetzen.

 

Supizteko soila aski da, liburua

hiltzera datorren hondartza

sutan jartzeko.

 

Haize osoko arbola bakartia da.

Haizearen laztana are gehiago.

 

Dudak eta orainaren erranak

zizelkatuak ez diren urruneko

gorritasunezko haustura hori hor

ez balitz, huts litekeela kuriositaterik

gabeko egia. Aitzina goaz, hitza

emanez, hitza osoki abandonatuz.

 

Bukaera hedatua
Rene Char

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz, 15. zkia, 1988ko apirila