Sugearen osagarria
Rene Char

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz, 15. zkia, 1988ko apirila

 

                  I

Sortu berriaren aurpegiaren beroa,

berotasun desesperatua kantatzen dut.

 

                  II

Ogiaren aldia gizakumea hausteko,

argi zirrintako edertasuna bihurtzeko.

 

                  III

Eguzki loreari fidatzen denak, ez du

etxe honetan meditatuko. Maitasunaren

pentsuak oro bereak bilakatuko dira.

 

                  IV

Ainararen ahoan, ortzantza formatzen da,

baratzea eraikitzen.

 

                  V

Beti izango da ur ttantta bat

eguzkia baino gehiago irauteko,

eguzkiaren goraldia trabatu gabe.

 

                  VI

Egizu jakitatea, ehun zatitako jakitatea

gordean atxiki nahi duenarena.

 

                  VII

Mundura datorrenak deusezen nahasteko,

ez du begirik ez pazientziarik merezi.

 

                  VIII

Kreazioak kanporatu duelako,

zenbat iraunen du hiltzera doan gizaren

eskas honek kreazioaren erdian?

 

                  IX

Etxe bakoitza, sasoi bat zen. Hiria, halatan

errepikatzen zihoan. Biztanleek, elkarrekin,

ez zuten neguaz besterik ezagutzen, beren haragi

berotuagatik, itzaltzen ez zoan egunagatik.

 

                  X

Zure esentzian zara gogorki poeta, gogorki

amodioaren gailurrean, gogorki justiziaz

eta egiaz egarri. Menturaz, zure kontzientzian

osoki izaten ahal ez zarelakoa gaitz beharrezkoa da.

 

                  XI

Existitzen ez den arimaz, gizaki

hobeago bat moldatuko duzu.

 

                  XII

Begira, zure herria mainatzen duen

itxura ausarta, luzaz iheska

joan zaizun atsegina.

 

                  XIII

Asko dira uhin bortitzak altxa ditzan,

helburuak gaindi, beha daudenak,

mugatzekotan.

 

                  XIV

Eskerrak bihurtzkiotzu zure damuaz

grinatzen ez denari. Zure parekoa da.

 

                  XV

Negarrek beren konfidentea

mesprezatzen dute.

 

Sugearen osagarria
Rene Char

euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz, 15. zkia, 1988ko apirila