Rene Char, edo biziaren obsesionea
Aurelia Arkotxa

Maiatz, 15. zkia, 1988ko apirila

 

    Otsailaren 19an arratsaldeko biak laurden gutitan hil zen Parisen literatur kontenporaneoak zeukan poeta handienetarik bat. Literatur korronte, mobida eta modetarik urrun, Vaucluse-ko txoko batean, Isle-sur-Sorgue, bere sorterrian bizi zen.

    Rene Charrengana lehen aldiz hurbiltzen denak sekulako inarrosaldia sentitzen du, poetaren hitzek pareta bat eraikiko baliote bezala. Errana izan da idazle zaila dela, baina insistitzen baldin badugu, poetaren munduan sartzen baldin bagara, ohartuko gara hermetismoa gure buruan dagoela bakarrik, guk erabiltzen ditugun hitzen eta hitz multzoen higaduran. Rene Char irakurtzean, kolpez mundu sortu berri baten dentsitatean, bortizkerian, biziaren lehen daldaran, edertasunetik jalgitzen den pindarrean sartzen gara.

    Charren poesiak errealitatearekin loturak atxikitzen ditu beti, Sorgue errekaren hegiak, belar bat, bidea, hostoak... 1929an, Arsenal bere bigarren liburuan nabarmen da jadanik hitz berri baten originaltasunaz gain poeta eta munduaren artean dagon ezkontza intimo hori. Baina gaurko garaietan, lanjerra airean dago, gizona arriskuan dago.

    1937an Placard pour un chemin des ecoliers idatzi duelarik, gogoan dauzka Espainiako gerlan erailak izan diren haurrak. Haurtasuna da idealezko lurra, edertasunaren pausa leku, garai iheskorra.

 

             Ongi dakit, bidexkak

             beren zakuari uztartuak diren eskolierrak

             baino lasterrago doatzila

 

    1939an mobilizatua da eta gero Alexandre izengoitiarekin hiru urte pasatuko ditu bere sorterritik hurbil dagon maquis-ean. Idazten segitzen du, ekintzari moral bat, estetika bat emanez. Denbora horren lekuko, hor dugu Feuillets d'Hypnos, gerra ondoan 1946an publikatua, baita ere Fureur et Mystere, Notes sur le Maquis, La Liberte passe en trombe, eta beste.

    Feuillets d'Hypnos geldituko da erresistentziaren bidaia bizia eta izpiritual baten lekuko, deus ikustekorik ez duena, garai hartan beste idazle batzuek idatzi dituzten testu engaiatuekin.

    Dominique Fourcadek dioen bezala, “ez gintezke Rene Charri dagokionez, gaurko ideologiak hartzen duen sentiduan, literatur engaiatuaz mintza. Erran genezake, aldiz, bere nortasun poetikoak duela ber denboran bultzatu barbariearen kontra borroka armatuan sartzera eta eskrituraren medioz ezagutzaren sakontzera”.

    1959an, Isle-sur-Sorgue-ko pareta eta arboletan loratu ziren afixa urdin batzuk Charren hitz profetiko hauekin: “Orain sortzen ari den espazioko gizonak Lascaux-ko gizon granitatu, hetsi eta birretzanak baino miliarka gutiago argituko du, miliarka ezkutuan diren gauza gutiago ezagutaraziko digu. Faxisten kontra oldartu den bezala, oldartzen da lanjer atomikoaren kontra lehen gure oldarra, gure horrorea sortarazi zuena, hor dugu berriz, hedatua, ez gastatua eta subordinatua, jokatzeko prest, heriotzarako prest”.

    Baina Char ez da debaldeko diskurtsoetan galtzen, ez dugu bere poesian iragan denboraren nostalgiarik atzemanen, gizonarengan fede osoa atxikitzen baitu; poeta optimista tragikoarentzat mundua ez da absurdoa, pentsatzen du segituan ez baldin bada ere denek badutela beren esanahia, gizonak ez balitu bere burua errealizatzeko dituen ahalak murrizten, hausten, bizia lagun lezakeela, bizia lora litzatekeela libertate osoan.

    Poesia, fragmento eta aforismoetan, konformismo guzien kontra altxatzen du bere orden oldartua, insurrekzioa eta bereziki libertatea. Uda, erreka, espazioa, maitale gordeak, dena ur-ilargi, intxusa txoriak errepikatzen du: libre, libre, libre, libre.

    Charrek intolerantzia, krueldadea, pertsekuzioak salatzen dituen indar berarekin goraipatzen ditu anaitasuna, bihotz handitasuna, kuraia, amodioa. Heriotzaren amildegiaren bazterrean eginak direlako, Charren hitzetan zehar dirdiratzen den biziak badauka indar berezia, Edertasunaren indarra: “Gure ilunpean ez dugu toki bat Edertasunarentzat. Toki guzia daukagu Edertasunarentzat”. Edertasunaren pausa leku natura hor dugu, desagertzeko lanjerrean dauden belar, erreka, zuhaitz... “Ez dezagun onar, dio poetak, ken diezaguten gure barrenean daukagun Natur zatia. Ez dezagun estamina bat gal ez ureko legar koxkor bat”.

    Charrek ez dio zeruari begiratzen, ez dio Jainko batengana igortzen bere otoitza; lurrari so egiten dio gizonaren abenturaren baitan bere fedea atxikitzen du, oztopo guzien gainetik, “errealitateak batzuetan esperantza asetzen du. Horregatik, espero ez denean esperantza jalgitzen da”.

    Paul Veynek dio: “Charren Natura bere poesia bezala etorkizunerako pasaporte bat da: Nietzsche zaleek badakite biharamunak ez duela kantatzen, horregatik dute berarekin harreman seguruena, beren gain baitute bakarrik kontatzen”.

    Hor dugu Charrek eskaintzen digun etika, bizitzarako eta poesiarako, poesiarako eta bizitzarako, biak ezin bereziak baitira bere obran; poesiak gizaki kolpatu eta desmoralizatuari indarrak txertatzen dizkio, biziari arnas berri bat emateko, “ez nau deusek biziak bezainbat obsesionatzen”.

    Ezagutzen ez dutenek irakur dezatela bere obra, gaurko etsipenezko garai ilun hauetan, esperantzazko mezu bat errezibitzeko eta borrokatzeko, zeren eta, dioen bezala, “mundura deus ez desarranjatzeko etorri denak ez du ez kasu egitea ez pazientzia merezi”.

 

Rene Char, edo biziaren obsesionea
Aurelia Arkotxa

Maiatz, 15. zkia, 1988ko apirila