|
SUK SEBT: GORAZARREA AHIZPEI Miresten ditudan emakumeek negar egiten dute batzuetan. Negar egiten dute polena, negar harria, negar lumak arabazozo makal batek galduak eta negar olioa harea grisaren gainean errea. Negar egiten dute ez dutelako aurkitzen amodio onaren haria, negar egiten dute haien ahotsa ez delako marmolezko zutabea, negar egiten dute ibaiaren zamagatik.
Badira ezagutu gabe miresten ditudan emakumeak eta negar egiten dute batzuetan. Pentsatzen dut haiei ere erraboilak sutzen zaizkiela erraietan eta zedrozko hilobiak dituztela lorategian.
Beste emakume batzuek hogei mendeko fardo iluna daramate lepogainean. Ez dute negar egiteko astirik, baina batzuetan ur-begiak eta putzuak eta olatuak jausten zaizkie eskuetatik.
Urgeldia astiro hazten da, antzinako urgeldien itsasoraino.
Lurrundu egiten da, euri bihurtzen da.
Galburu distiratsuak puzten dira inongo ortuan.
*2011ko martxoaren 1ean, Egiptoko eta Tunisiako herri oldarraldien ondoren, libiarrak ere jarkitzen ari ziren artean, Suk Sebt hirian, marokoar gazte batek, Fadua Larui 26 urteko ama ezkongabeak, bere burua hil zuen, eskatu zuen etxebizitza soziala ukatu ziotenean, senarrik ez zeukalako. Albistea oharkabean pasatu zen.
SUK SEBT: GORAZARREA AHIZPEI |