MARRAKEX: HISTORIA GARAIKIDEA
Laura Casielles

Idatz&Mintz, 78 - 2025
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2026

 

“Ez konkistaren loria, baizik eta ongietorriaren loria.

Ez irabaztearen alaitasuna, baizik bizitzearen alaitasuna.

Ez bortizkeriaren basatasuna, baizik zuhurtasunaren gizalegea”.

Adonis

 

Youssef Ibn Tachfine errege berbereak

basamortutik tribuak atera zituen hiri arrosa eraikitzeko.

Gure aroko

1062 urtea zen; talaia bat

egitea zuen asmoa

iparralderantz jarraitzeko zaldiz

bere mantua itsaso eta haranen gainean zabaltzeko.


Youssef Bennani, errementari trebeak

astelehenero eraikitzen du hiria

hareazko plazan taxi kolektiboa hartu,

Sidi Ismailen dendara sasoiz heldu

eta kriseiluen filigranak eta kobrezko mahai-hanka

bihurriak eginez eskuak urratzen dituenean.

 

Hassan Kantawi, mahai-zerbitzaria, maltzurra,

brotxeta erretzailea eta enkarguz nahi duzuna, horrek

egunero eraikitzen du hiria

Jema El Fna plazako

ehun eta hamabigarren saltokia prestatzen lagunduz,

“Polita, pretty, zatoz nirekin” esanez

neska irriberei, bezperako

afarien hondarrak jasoz.

Fatima Kintawi, duela hamahiru urte emazte

eta bost ume dituena, horrek orduero

eraikitzen du hiria bere etxean geratuz.

 

John, Paul, Dora, Leslie

eta autobus handiko lagun guztiek

beren txinalekin mosaiko urdin hori

zapaltzean eraikitzen dute hiria,

larrua erosi eta argazkiak egitean,

Faduaren eta haren ahizpen etxea izandakoan

aterpetzen direnean.

 

Fadua eta haren ahizpak,

orain hiriaren kanpoaldean bizi direnak, horiek

auzora iristeko eta lagun zaharrak bisitatzeko

hiria zeharkatzen duten bakoitzean

eraikitzen dute hura. Lagun zahar horiek

hiria eraikitzen dute

atzerritar bati tajine bat eskaintzen dioten bakoitzean,

esaten dioten bakoitzean “Kontaiguzu,

zelakoa da hango bizimodua, joan nahi dugu”.

 

Ghita Larguich, nahiago du jendeak Rita deitzea, horrek

Geliz auzoko Zara dendara joan eta,

ostiralean Pachára bidean eramateko, poltsa Made in China bat

erosten duenean eraikitzen du hiria. Mohammed Larguichek, zazpiren aitak,

ostiralean lanetik lehenago irtenda familia

Kutubia dorreak seinalatzen duen mezkita handira errezatzera

eramanez eraikitzen du hiria.


Youssef Ibn Tachfine errege berbereak

izena eman zion hiriari eta 

lehenengo iturriak zizelkatzeko agindua ere bai.

 

Mohamedek bere astoarekin pasatzean “Baaaaaaalaaaak”

dioen bakoitzean eraikitzen du,

Hanaek kalean algaraka barre egiten duen bakoitzean eraikitzen du hiria.

Carrefour-ek kamioi bete Angolako fruta paketeetatik ateratzean eraikitzen du hiria.

Saidek batere iraungo ez duen bere aldizkari berrian albiste bat idazten duen bakoitzean eraikitzen du.

 

Salmak harresien aldamenetik paseatzen irtenda

-harresi gorriak jada ilunabarreko argipean-

eraikitzen du hiria

eta amets egiten du bere arbasoak

zamari andaluziarren gainean sartzen direla

harro hegoaldeko hiriburuan,

eta katu bat ikusten du orduan auto baten azpian irristatzen,

eta horrek bere maitalea dakarkio gogora, hain betizua,

eta mezu bat bidaltzen dio esanez “Ea zazpietan

elkartzen garen Club Med aurrean, baina ez berandu etorri”.

 

Geu gara hiriaren eraikitzaileak.

Ez dago izen urrun ez antzinakorik gure urratsen errua duenik.

 

Aurretik ailegatzea

aurretik ailegatzea

baino ez da.

 

MARRAKEX: HISTORIA GARAIKIDEA
Laura Casielles

Idatz&Mintz, 78 - 2025
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2026