ERLATIBITATEAREN GRAMATIKA
Laura Casielles

Idatz&Mintz, 78 - 2025
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2026

 

Agian ez tomatea da hain garbia

ez tabakoa dioten bezain hilgarria.

Gustatzen zaizkit arrotzak, seguru sentitzen naiz

herrialde oso desordenatuetan.

Babestea ondo dago, baina batzuetan konfiantza

eragile hobea da bizitza luze baterako.

Ez da egia urrunekoak ez duela ardura, eta ez da egia

Literaturarentzat

lekurik ez dagoela munduan.

Baina publizitatea ez da sekula poesia.

Nire gorputzaz fidatzen naiz,

nire mediku gehienez baino gehiago,

eta zenbait drogak lo egiten laguntzen digute.

Maitasuna existitzen da.

Gorputz asko besarkatzea ez da soseguaren sinonimoa,

ez egiteak ere ez du larregi laguntzen.

Nagusi batzuk adiskide izan ditut

eta lagun batzuk ez.

Senak huts egiten du sarritan.

Lar zaintzen bazara, orduan harrapakin erraza zara.

Epaiek ez dute ongiaren eta gaizkiaren arteko marra markatzen,

ez dute ia ezer markatzen.

Egiak ez du izen bakarra.

Bost sagar egunero

sagar gehiegi da.

 

Eta hitza

umeen jolasaren antzekoa da:

zure eskuetara heltzean besarkatu egin behar duzu errime

eta arerioagandik ihes egin lasterka.

Eta gero jaurti

ondoen gordeko duenari.

Arinen dabilenari.

 

ERLATIBITATEAREN GRAMATIKA
Laura Casielles

Idatz&Mintz, 78 - 2025
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2026