DESZENTRALIZAZIOAK (I)
Laura Casielles

Idatz&Mintz, 78 - 2025
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2026

 

Emakume bat kortsea lotzen ari zen artean

Proventzan,

bost emakumek henna ontziak prestatzen zituzten

harem batean Tangerretik ez oso urrun.

Cidari buruz idazten zen artean,

Rubaiyyatak ere ari ziren idazten.

Prusiaren eta Austriaren arteko gerra gertatzen zen artean,

milaka tartariar kanporatu zituzten Krimeatik.

Karlomagnoren aldi berean

bizi izan zen Kaya-Magan.

Gavrilo Principek Franz Ferdinand printzea

hil zuen egunean,

urte bi betetzen ziren Panamako Kanala

erosteko baimena eman zen egunetik.

Eta Winston Churchill hil zen urte berean,

Mehdi Ben Barka zirkunstantzia arraroetan

desagertu zen Parisen,

eta India independenteak bertako hogeita hamar hizkuntza baino

gehiagoren artean bat egin zuen ofiziala.

Bolivar bere zaldi gainera igotzen ari zen bitartean,

ingelesek Tasmania okupatu zuten.

Ez dira gauza bera maiatzaren 2ko fusilamenduak

eta 1812ko maiatzaren 2koa, kolonoek

Cuautlako setioa bertan behera utzi zutenekoa.

 

Anekdotak badira, denak dira anekdotak.

Gertaera garrantzitsuak badira, denak dira gertaera garrantzitsuak.

 

DESZENTRALIZAZIOAK (I)
Laura Casielles

Idatz&Mintz, 78 - 2025
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2026