BALDIN
Laura Casielles

Idatz&Mintz, 78 - 2025
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2026

 

Hau zuhaitza bada,

oker egiteko beldurrik gabe esan dezakegu

bizirik dagoen edozerk arnasa hartuko duela, hildakoak gorabehera

(Hiroshiman ere ikusi omen zuten zuhaitz bat zutik,

dena isilik geratu zenean).

 

Hau zuhaitza bada, orobat beldurrik gabe ziurta dezakegu

gerizpe bat egongo dela.

Eta gizon bat etorriko dela agian, azpian babestera,

eta zurrutada bat ur edango duela.

 

Hau zuhaitza bada, gurasoez hitz egin dezakegu.

Aitak ezkia landatu zuen hildako bat gogoratzeko,

amak haurtzaroko pikondoa du gogoan.

Hau zuhaitza bada, emakume bat egongo da ziur asko

zuhaitz hori besarkatzeko prest, basoa bota ez dezaten.

 

Hau zuhaitza bada, fruituak izango dira egarria heltzen denerako

eta sinboloak lurpean bilatzen diren sustraiez mintzatzeko.

 

Hau zuhaitza bada,

baimena ere eska diezaiokegu

eta ontzi bat egin ahal izango dugu haren zuraz,

eta ontzi horretan joan gaitezke irla batera,

non maitasuna bizi.

 

Hau zuhaitza bada, eta euria egiten badu,

hemen egotea etxean egotea izango da.

 

Eta etxeaz ari bagara, esango dizuet badirela zuhaitz batzuk

hain handiak ezen jendea bizi baita barruan.

Umetan pentsatzen genuen basoko izakien antzera.

 

Bai. Hau zuhaitza bada,

arkatzak, oheak eta txabolak geratuko dira;

hau zuhaitza bada, enborrean gora igo ahal izango da,

eta krak egingo duten orriak egongo dira urrian.

 

Mundu honetan gonbidatuak bagara, ez da errendi gaitezen.

 

Hau zuhaitza bada, begira dezagun zelan zabaltzen den hostotza

eguzkia pasa dadin.

 

BALDIN
Laura Casielles

Idatz&Mintz, 78 - 2025
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2026