MANTOI BELTZ BAT FADO BAKOITZEAN (Gau-erronda kalexkan)
Rosa Alice Branco

Izen bat marraztea zuriaren bihotzean
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Badira ikusgarria denaren tantak bat-batean errautsetan itzaltzen den

egunaren amaieran. Mantoia estu daraman emakume batetik pasatzen da kalea.  

Oraintsu utzi dio maiteagatik hasperen egiteari, tira, haren etorreragatik.

Mantoiak ez bestek gerria estutzen dion une honetan, gauaren lits beltzen kontra

estutzen da bera. Egunez –bihar, eta ez atzo edo lehenago

mingranak bero mamitsuz tindatzen zirenean– ordu bakoitza

gori-gori dauden izaretatik aldentzen diren fruitu ilunez blaitzen da aldiriko tren batean,

baina izan zitekeen kristoren mercedes batean:

dena dela, amodioaren amaierari ez zaizkio inporta ez lentejuelak ez brillanteak, begietako distirak ez beste ezerk ez dizkigulako zenbatzen arimaren

urtaroak. Gizonak bazuen emakumea mantoirik gabeko neskatxa batekin ordezkatzea,

lorea tulipa batekin, baina bera ospitaleko ohe batean soilik

hil zitekeen: hainbat ohetatik pasatuta orain ozta-ozta

estaltzen du izara batek. Soilik oroitzapenak epeltzen du apur bat bizitza,

edalontzi bete esnek bezala, aupa, edan ezazu pixka bat. Nork esan

gauak kiskalgarriak izan zirenik, gizonaren eskuak irristaka emakumearen gorputzean

katiluaren hormetan itsatsitako ardo merkea legez.

Emakumeari ahaztu egin zaio pausoa bizkortzea gorputzak

badakielako orain ez duela ezer itxaroten, etxea ere ez da etxe. Saihestu egiten ditu

kontsolamendu berbak. Kalexkan ibili eta kalexkak

kale berera jotzea, ezen noranzkoa min gordinezko

zingira kirastuna da hotza kentzen ez duen mantoiaren barruan. Oraingoz,

pentsatu du balkoiko morroiak zigarro-mutxikina kalexkara jaurtitzean. Ekaitzaren

ondoren, segurutzat jotzen du emakumea eskuratzea eta adurretan da dagoeneko,

minak emakumea barneraezin bihurtzen duen gau honetan.

 

MANTOI BELTZ BAT FADO BAKOITZEAN (Gau-erronda kalexkan)
Rosa Alice Branco

Izen bat marraztea zuriaren bihotzean
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019