ATALASEA: GLAD FOR THE PRIVACY (While other may prefer Julião Sarmento)
Rosa Alice Branco

Izen bat marraztea zuriaren bihotzean
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Atalasea. Oldarra oinean. Beste batzuek

ogia eta inertzia jaten duten bitartean aukeratu behar ez izateko denbora izateko.

“Gona” hitza, adibidez, prosaikoagoa balitz,

“soineko” hitza baino eta aldaka haragijaleagoa

soinekoari tira egiten dionean, etereoago gona barruan baino

beste batzuek bitartean. Gizon bat dauka zain gelan. Atalasea

egian sartzeko ataria balitz ez litzateke geratuko

edertasun tintik. Gorputz-enborra biluzik, itxarotea. Hizkera

ikusezina dago gizonaren eta emakumearen artean, emakumea behin-behinean

pausaldi ekidoa eginez oin biluziaren gainean. Gorputza aurreraka doa.

Emakumeak bere bizitza zehazgabetzen duen alde bakarra du estalita,

aurpegia, sorbaldak solte soinekoaren barruan. Joan-etorriko

pausoak goian ernetzen dira, begiraden trukean, edo agian berak

harridura piztu nahi dio, besterik ez. Une hau atxikitzea

ezereztea izango litzateke eta oraindik ere zaila da perfekzioari aurre egitea:

atalasea aukera guztien behin-behineko tokia da.

Besteen lehentasunekiko axolagabe, emakumea. Nondik

etorri da? Hanken mugimendu zeihar lotsatia soinekoaren margultasuna   

laztantzen. Besarkatu egiten du eta gizonak ez dio ezer xuxurlatzen.

Erraietan hitzik gabeko ahotsa lausotzen duen

suagatik da. Maite nauzu? Bitartean beste batzuek nahiago dezakete

isiltasuna. Kadentziak. Pasatuko dizkidazu frakak? Ondo egon da, bai,

ondo egon da: agian hurrengo batean berriro. Nola esan duzu daukazula izena?

Bitartean beste batzuek nahiago dezakete izena sarreran jakin eta oihuka esan

zaratots handiarekin. Atalasean dagoen emakumeak oraindik ez daki maitasuna

ez dela atearen markoa eta kristalaren gardentasunak nahasi egiten du.

Baina gorputza aurreraka doa eta ezerk ez dio sabela baretzen. Ausartzen da

bera usatzen duen mugimendua egiten beste batzuk kosta ahala kosta

inon ez egoten saiatzen diren bitartean. Begiekin besarkatzen ari dira elkar

samurki izaren zurira amildu orduko.

Gizonak begiekin eta bizitzarekin maite du. Kafea egiten dute

ura isuri eta emakumeak irakin eta gizonak eguneroko berbak

errepikatzen dituen bitartean. Emakumea atalasean dago, oin batean pausatua beste oinak

atalase batetik hainbatera hegan egiten duen bitartean, atalase ireki batetik non

izen guztiak, begitarte guztiak multzo infinitua diren.

 

ATALASEA: GLAD FOR THE PRIVACY (While other may prefer Julião Sarmento)
Rosa Alice Branco

Izen bat marraztea zuriaren bihotzean
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019