AMAK
Rosa Alice Branco

Zure hezurren hotzean
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Jonirentzat

 

 

Amak bazkarirako egin du deadar

eta lasterka zatoz frakak urratuta,

patrikak beterik,

barrea orduei alamena ematen

eskuak presaz garbituta

eta zure ahoa samurra da mahaira iristean.

 

Berandutzen bazara, amak gorde egiten du zure platera

bihotzaren ondoan

eta irri egiten digu iristear bazina bezala.

Bazkaria hoztu egiten da. Gure begiak ateari

itsatsita, egingo dituzun bihurrikeriei,

belaun txikituei,

errautsez husten ari diren patrikei.

Baina ez dago itsasorik aski denik

zure platerean jitoan den janaria itotzeko.

 

Amaren ahotsa zuri deika eta deika.

Bera zenbat eta isilago, ozenago entzuten dugu

bere kumeagatik uluka.

Eta hala ere irri egiten digu,

eta guk berari, hain baldar.

 

Amek beti deitzen diete seme-alabei.

Bazkalordua pasatu dela dakitenean ere

atetik sartzen ikusten dituzte

ume barrabanen irribarrearekin.

Denok mahaitik altxatu eta gero

amek platera ezpaltzen dute bihotzaren kontra

eta ama izaten jarraitzen dute

hotzari sekula betiko itxarotearen itxaroteaz

begiak neke eta zolak higaturik.

 

AMAK
Rosa Alice Branco

Zure hezurren hotzean
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019