MEMORIARIK GABEKO OINATZAK
Rosa Alice Branco

Eguna letraz letra esatea
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Leihotik begiratu eta ez dut itsasoa ikusten. Kalatxoriak

hor dabiltza eta belarra ihartuz doa arropa zabaltzeko soketan.

Goizean goiz, itsasoa ez da oraindik heldu. Heldu dira ogia, sua

eta egunkaria. Zeuri egun on esateko erabiliko dudan listua.

Hitzak dira aurrenak iristen. Hitzetatik geratzen denak

papera biguntzen du. Ogi beroa atzoko loarekin

eta gaurko ametsarekin. Eguna prestatzen ari da, joan-etorriko

pausoak. Gero eta hurbilago nago. Begiratu egiten nauzu

aurrerago jakingo dudana bazeneki bezala.

Hiri honetan inoiz ez da eguerdia. Beti dago beste ordu batzuen

eztitasuna. Eta oroitzapen solteak. Utz iezaiezu irteten

soinekoaren barrutik, utzi askatzen itsasoko olatuei.

Leihoa hutsik dago. Nire semea hondartzan dabil

eta zuk kalatxoriak esaten dituzu letraz letra. Nire aurretik dabil

oinatzik utzi gabe. Galdu egiten naiz ama guztiak bezala,

amorante guztiak bezala. Pausoak eta hitzak asmatzen ditut

logaletzeko. Honako orduan amonak arrosarioa kiribiltzen zuen

eskuetan. Ni aleen barruan egoten nintzen, otoitzaren

inguru-minguru zebilen loguran. Luzaro egon nintzen kanpoan.

Orain batera goaz oinez. Memoriarik gabe.

 

MEMORIARIK GABEKO OINATZAK
Rosa Alice Branco

Eguna letraz letra esatea
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019