EMAKUME ASKE BAT
John Berger

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

      Catherinek bi gizonak besarkatu zituen. Beso luze haiez erakarri zituen gorputz segailera. Aurrena Nikolas, neba, eta Jean François ondoren, auzokoa. Masail bietan eman zien musu, ezpain ertzean. Hirurogeita hamalau urterekin, bera zen doi-doia hiruretan nagusiena.

       “Metro bat sakon dago lurperatua” esan zuen Catherinek. “Entzun egiten dut oraindik Mathieu horixe esaten. Metro batera”.

      Bi hilabete lehenago esan zion, nebari laguntzera joana zela belarrondutan, ez zetorrela urik askaraino. Harrezkero ez zuen gehiagotan aipatu. Ez zuen inoren mendean egon nahi. Nolabaiteko aztoramendua uzten zuen orain agerian haren begiradak, ordea, benetan nahi izan balu bezala bi gizonak etortzea.

       “Iturburuak goi-goian behar du”, esan zuen Jean Françoisek, eta gorantz ekin zion, laino artean gorde zen arte.

       “Jean François” egin zion oihu emakumeak, “hator nire bistatik galdu aurretik”.

      Beste etxe batean jaio izatera, Catherine ezkondu egingo zen, baina urtean-urtean gero eta gehiago ziren bailara uzten ari ziren gizonak, eta bestalde, herentzia urriegia jaso zuen inori geratzeko proposamena egiteko.

      Besotik heldu zion Jean Françoisi. “Ez huen etorri beharrik. Egun osoko lana galduko duk”.

       “Marrari jarraiki egingo dugu zanga, metro bat sakon. Goitik hasi eta etxe aldera etorrita, bete-betean topatuko dugu uraren bidea”.

       “Eta hodiak eramango gaitu iturburura! Jesus, Maria eta Jose! Eguerdirako amaitua izango dugu!”.

      Zulo eginean hasi ziren. Elurpean, lurra gogortzeke zegoen artean.

      Catherine etxetik irten zenean olanazko zaku batean sartuak edontziak, pitxar bete ardo bero eta gazta-ogiak, ikusi aurretik entzun egin zituen gizonak. Hogei bat metrora, laino zuria lurra estaltzen zuen elurrarekin nahasten zen. Pikotxa lurrean sartzeko bizkarra okertzen zuen bakoitzean, purrust egiten zuen Jean Françoisek. Eta Nikolas entzun zuen, pala arrastaka, gainean zapuzten hasitako lurra askatzen.

      Aspaldi batean, Catherine kafetegi batean aritu zen lanean, Gare de Lyon ondoan, Parisen. Bera eta bere neba Mathieu, hodia sartu zuena eta gerora alemanek hil zutena Okupazio garaian. Biak izan ziren aurrenak familian soldata irabazten. Neba atezaina zen. Bera zerbitzaria. Hiriburuaz beti gorde izan zuen irudia zera zen, dirua beti eskurik esku zebilela. Sosik gabe han ez zegoen ezer egiterik. Ezta ura edan ere. Diruarekin, berriz, edozer egin zitekeen. Balioa erosten zuena ausarta zen, koldar hutsa izan arren.

      Bi gizonek doi metro bete sakon zuen pezoia egin zuten: tarteka neurtu egin zuten. Zuzena zen, garbia eta akatsik gabe trazatua. Alde batera lurrustela zegoen pilatua; beste aldera, lurra. Atera zituzten harri guztiak metatuta zeuden.

      Zangan gora egin zuen Nikolasek, eta Jean Françoisek tontorrean sartu zuen pala, hark irentsiko zain balego bezala. Bakarrik bizi zen bailara ertz batean, mendiaren barrenean, eta zakar higitzeko ohitura zuen; bakardade hartan, mugimendu haiek lagundu egiten zioten. Catherinek ardoa zerbitzatu zien. Zurrut eta zurrut artean, gizonek aurpegi parean zituzten edontziak, haiei zerien klabo eta kanela usaineko ketan sudurra.

       “Hemen egon behar dik ba!”, bota zuen purrustan Nikolasek.

       “Infernua dagoen bezalaxe! Badiot zelai honetantxe dela”.

      Egunaren bigarren partean, Nikolasek hasitako lubaki luzean jarraitu zuen. Jean Françoisek beste bati ekin zion, pixka bat gorago. Eta Catherinek hirugarren bat hasi zuen, sagarrondo parearen ondoan. Lurrustela askatu zionean, oin kolpez kendu zion elurra zatika atera aurretik. Ez zuen gogoko eskuak eta oinak hotz izatea. Gauetan hiru adreilu bero eramaten zituen ohera; oin bakoitzerako bana eta giltzurrunetarako bestea. Pikotxa gora eta behera, txistu moduko bat ateratzen zitzaion hatsarekin batera, Jean Françoisen purrustadarekin zerikusirik ez zuena.

      Gare de Lyon ondoko jatetxean aritu ostean mediku baten etxean sartu zen zerbitzen. St. Antoine ospitalean egiten zuen lan, eta Charles V. kaletik ez oso urrun bizi zen. Catherineren egiteko nagusia tximiniak garbitzea zen, zoruak pasatzea eta arropa ikuztea. Lehenbiziko egunean, garbiketan hasi aurretik, lixibarako errautsa non gordetzen zen galdetu zion sukaldariari. “Errautsa!”, errepikatzen zuen sukaldariak behin eta berriz. “Izarak-eta garbitzeko”, azaldu zion Catherinek. Ahuntz artera itzultzeko bota zion besteak. Aurreneko aldia zen baserritar hitza irain gisa entzuten zuena.

      Lainoak arratsaldea jan zuen arte segitu zuten zulo eginean.

      Bere zangari begira geratu zen Jean François. Izango zen hamabost bat metro luze.

       “Zabaletara ez zen katabuta sartuko”.

       “Hirurok gara argalak”, esan zuen Catherinek.

       “Hiru hilobi. Bana”.

       “Hilobi bana!”, bota zuen haserre Nikolasek.

      Parisetik bueltan koinata hil hurran aurkitu zuen Catherinek erditu osteko sukarra zela eta. Hurrengo hamabost urtean alabak balitu bezalaxe hazi zituen iloba biak.

      Bat-batean, Jean Françoisek harri bat hartu eta ilunpetara bota zuen.

      Bultzaka eraman zituen Catherinek bi gizonak etxerantz. Ur beroa jarri zuen palankana batean sukalde aurreko ate parean garbi zitezen. Jean Françoisi esku muturretatik oratu eta uretan sartu zizkion eskuak. Sorbaldan utzi zion oihala.

      Mahai baten inguruan hirurak eseri ziren azken aldia Catherinek hil behar zuela pentsatu zuenean izan zen. Pleuritisa zela esan zion medikuak. Uko egin zion ospitalera joateri. Hil behar bazuen izan zedila ezagutzen zituen gauzen artean. Bere bi gelek juxtukoa zuten; ez zen han ez besaulkirik ez alfonbrarik ez errezelik. Baina bazen bere-bereak zituen gauzarik: kafetera horia; zaldi beltz zepillatu berria legez beti dirdiratsu izaten zuen sutea; bere ohe altua, amabirjinaren irudia gainean zuela; jostotzara. Gauero, ohean sartu aurretik, prest uzten zituen arropa eta galtza garbiak, Nikolasek ondo jantzi zezan hil eta gero.

      Bisitan etorri zitzaion batean, ohe gainean zegoen arropari eman zion begia Nikolasek.

       “Zertarako dun hau?”.

       “Bihar ni janzteko, gaur gauean kuku egiten badut ere”. Marmar zakarrez mintzo zen.

      Une horretan atean harramazka ari zen zerbait entzun zen, eta negarra jotzen ariko balitz bezala ari zen ahots bat.

       “Lau hartz basati dira! Neuk ikusi ditut hona datozela mendian behera!”

      Eta Jean François balantza batean sartu zen, erriflea eskuetan. Mozkortuta igo zen ohera.

       “Catherine, zer egin behar dugu guk hi gabe? Oso gaixorik hagoela esan zidaten”.

       “Kargatuta al dago?”, galdetu zuen ahopean emakumeak.

      Gizonak erriflea laga zion eta Catherinek kartutxoak atera zizkion.

      Medikuaren etxean zegoela Mathieuren gutun bat jaso zuen, berehala itzultzeko zioen, oso gaixorik zuela emaztea. Egun batetik bestera alde eginda, bi hilabeteko soldata galdu zuen. Protesta egin zuen, inork ezin duela aurreikusi gaixotasuna esan zion medikuaren emazteari. Goizero dirdiratsu uzten zuen su-makiletako bat hartu zuen. Medikuaren emaztea oihuka hasi zen laguntza eske. Sukaldaria etorri zen; errezelei helduta aurkitu zuen etxekoandrea, biluzik harrapatu izan balute bezala. Eta Savoiako neskame zoratua zutik suari begira, sumakoa eskuan.

       “Bihar etorriko gaitun bentosak jartzera”, esan zuen Jean Francoisek. “Ezta, Nikolas?”.

       “Hobe nian hilda banengo”, esan zuen emakumeak.

       “Ene jainkoa!”, egin zuen deiadar nebak. “Utziko al dion horrelako gauzak esateari. Bihar etorriko gaitun berriz”.

      Bi gizonak heldu zirenean, egurra jarri zuten sutan. Emakumea soinbiluzik jarri eta aulkian eseri zen. “Ez duk aurreneko aldia emakume bat biluzik ikusten duana”, esan zion Jean Françoisi.

       “Zer ardura zion?”, esan zuen Nikolasek. “Sendatu egingo haugu”.

      Mahai gainean edontzi mordo bat eta kandela bat zegoen. Jean Françoisek piztu, edontzia garbitu, egunkari mutur bat hartu eta kandelara hurreratu zuen. Sua hartu zuenean edontzian sartu zuen. Indarrez estutu zuen hau arrebaren bizkarraren kontra. Ia atoan itzali zen garra. Sorbalda-hezurraren azpiko azala zuria eta leuna zen, gaztetan zuenaren ez oso bestelakoa. Astiro apartatu zuen edontzitik esku handia Nikolasek, ikusi nahi zuen hutsa egin eta mamiaren kontra eusten zion. Bai edontziak eta bai mamiak eutsi egin zioten.

      Jean Françoisek bigarren edontzian prestatu zuen sua.

       “Jarri mamia guri dagoen tokian”.

       “Sekula ez bizkarrezurrean”, ozen Nikolasek.

       “Mamia guri dagoen tokian esan diat”.

      Bost edontzi jarri zituzten. Catherineren azala harrotu egin zen haien barnean, bizkotxoak labean bezala. Minari eutsi nahian, esku biez eusten zion mahaiari.

       “Ez diat nahi zuek negarrez entzuterik”.

       “Kantatu egingo dinat orduan”, esan zuen Nikolasek.

      Eta kantuan hasi zen:

 

      La vie est une rose

      La rose piquera 

 

      Edontziak altxatzeko unea heldu zenean Jean Françoisek egin zuen, Nikolasen azazkalak motzegiak baitziren. Jean Françoisek edontzi ertzetik pasatu zuen azazkala, haragi zanga txiki bat eginez airea sar zedin.

       “Ai”, egiten zuen hasperen Catherinek edontziak erretiratu ahala. “Eskerrik asko, lagun hori”. Bi egun geroago, sendatuta zegoen.

      Orain, hirurak batera zeuden berriz sukalde berean, burumakur etekinik gabeko egunaren ondoren.

       “Bada makina bat”, esan zuen ahopean Jean Francoisek, “ura non dagoen ikusten duena, ur-aztien arbaztak bezala, baina elektronikoa. Hogei zentimetroko hutsik gabe topatzen du non dagoen”.

       “Eta non da makina hori?”, galdetu zuen Catherinek aulki ertzean eserita.

       “Hirurogei mila liberetan alokatzen dute”.

       “Merde de merde”, esan zuen Catherinek.

      Hurrengo goizean, hirurak ziren hiru pezoiei begira. Gauean, aurreko eguneko lanak piztuta bezala, zelai guztian zituzten eginda tontorrak satorrek. Zulo-lanak ez zirudien orain hain sistematikoa.

       “Lur honetan”, esan zuen Nikolasek ia oihu batean —eta pikotxa bakoitzean sartuta nabarmentzen zuen— “laino madarikatu honek estaltzen duen zelai madarikatu honetako lur madarikatu honetan, hitzordua dut deabruarekin”.

      Arratsaldean hoditeriaren arrastorik gabe segitzen zuten. Tarteka, Catherinek gizonen deiadarrak entzuten zituen sukaldetik. Ez zituen hitzak bereizten, baina tonua, hitz egiteko modua nahikoa zuen jakiteko zein etsita zebiltzan. “Ez badute gaur aurkitzen hauek ez zatozek berriz”.

      Egur gehiago bota zuen surtara, txapinak labetik atera eta zarratu egin zuen. “Bi egun galdu ditiztek nire erruz”, esan zuen ahopean. Dena pronto utzi zuen orea egiteko. Zabaldu zuenean, poltsatxo txikietan zatitu zuen. Nahikoa handi denak bost liberako txanpon bat sartzeko beste, eta sagar purez bete zituen. Hogeita bost egin zituen.

      Pasteltxoak, kafetera, gnôleak eta katiluak olanazko zorroan sartu eta urrats handiz zeharkatu zuen ortua. Gizonak laino artean agertzerako, gelditu eta burua estaltzen zion zapia apaindu zuen. Azukre-ontzia eman zien, bakoitzak nahi erara goza zezan kafea. Berak atera zien pattarretik katiluetara. Esku artean eusten zieten gizonek, bilduta zeuzkan laino artean begirada.

       “Mathieu!”, murduskatu zuen Nikolasek. “Mathieu egoskor hutsa zen. Bazeukan tutua laurogei zentimetrora sartzea, eta berdin egongo zen babestuta izotzetik. Baina bai zera! Metro batera sartu behar hark!”.

       “Satorrek jan ditek”.

       “Ez zagok zer eginik. Neuk zioat!”.

      Catherinek pasteltxoak biltzen zituen zapiaren ertzak libratu zituen. Gorrituta zeuden gainetik eta ketan ziren artean. Lurrinarekin, bi gizonek elkarri begiratu eta lagun arteko irribarrea atera zitzaien.

       “Gabonetan jan ohi ditiagu, Oilarraren meza ostean”, esan zuen Nikolasek ia ahotsa altxatzeke.

       “Hemen non datorkidan odola berriz”, esan zuen Jean Françoisek.

      Kafeari hurrup eta zurrup, denak jan zituzten.

      Amaitu zutenean, Catherinek eman zuen agindua: “Gaurkoz akabo lana!”.

      Bi gizonak berokiak jantzi, eta hala adostuta, ez zuten hurrengo eguna aipatu.

      Eguna zabaldu baino lehen esnatu zen. Ez zuen espero bi gizonak hirugarren egunez agertzea lanera. Ahuntzak gobernatu eta korta garbitu ostean, zerua mendialdean bakarrik dakien bezain urdin eta garbi zegoen. Bailaran, goizaldeko behelainoaren artean eliza ikusten zen, behitegia, hilerria, bi kafetegiak, posta bulegoa: herria. Behelainoak duen okerrena, benetan zarratua denean, da oihal bat bezala esekitzen dela. Luzean eta zabalean. Eta garbitzen duenean onena malkar guztiak agertzen direla, eta dena dela pikoa.

      Uretara joan zen, muinoan behera, bi belardi zeharkatuta. Gauza bera egiten zeraman goitik etortzeari utzi zionetik. Bai aitaren eta bai aitonaren bizitza osoan, uraren xuxurlak markatu izan zuen non zen erraza baldeak betetzea.

      Beldurtzen zuena izotza zen. Laster hasiko zen. Ehun metro gorago, la Roche aldera, antzigarrak estaltzen zituen pinuak; ez orratzik ez amaraunik, ez zen ezer libratu karga zuri hartatik. Beldur zen baldeekin zihoala izotza agertuta irrist egin eta hankaren bat hautsiko ote zuen, eta egun guztia han egon beharra inork aurkitu arte.

       “Bestalde, ez nuen gobernatu beharreko ahuntzik izango, atera beharreko patatarik ere ez, ezta jaten eman beharreko oilorik ere. Munduko denbora guztia niretzat hala, eta orain ezin egin ditudan bisitak egingo nituzke. Baina ez dut etxetik kanpo hil nahi. Heriotza nola pasatzen den ikusi nahi dut bizi izan ditudan gauzen artean. Hartara ez naiz distraituko eta kontzentratu egin ahal izango naiz”.

      Aire garbian, hotsak motelduta ekartzen ez dizkion horretan, Jean Françoisen ahotsa entzun zuen goian, baratzaren kontra.

       “Neuk esango dinat non.  Hementxe! Lepoa hementxe dela. Ikusiko dun. Bart gauean etorri zaidan. Hementxe zagon. Metro erdira”.

      Balde biak atzean utzita, katamar igo zuen malda. “Ez sinestekoa duk!”.

      Ez ziren hasi Jean Françoisek trabesa irabazteko pala sartua zuen tokian. Zanga luzea zabaldu eta gizonak erakutsitako tokira iritsi ziren.

      Bi ordu igaro ziren. Nikolasek esan zuen: “Hemen lurra ibilita dago. Orain dela berrogeita hamar urte beharbada, baina ibilita dago”.

      Urduritasuna zerean baino ez zen nabaritzen, gero eta laburragoa zen pikatxoikada batetik besterako tartea.

       “Esaten nian nik!”.

      Pezoiaren hondoan agertu zen orban gorrixka erakutsi zuen, lore txiki baten neurrikoa.

      “Herdoila!”

       “Herdoila!”

       “Catherine!”

      Hirurak geratu ziren hodiari begira.

       “Ondo dago”.

       “Ondo egindako hodia da”.

      Jean Françoisek lubaki barrura jauzi egin eta labanaz urratu zuen.

       “Metala oraindik dirdiratsu dago azpialdean”.

       “Halaxe pentsatu dut neuk ere herdoila ikusi dudanean”.

       “Hemen egon da denbora honetan guztian!”, egin zuen oihu Nikolasek.

       “Hemen zegoen, esaten genuen larrearen azpian”.

       “Metro batera doi-doi. Neurtu ezak!”.

      Jean Françoisek neurtu egin zuen.

       “Metro bat justu”.

       “Orain ez daukagu jarraitu besterik”.

       “Iturburuak ez du urruti behar”.

      Belar lodiari begira geratu ziren hirurak.

       “Jarraitu izan bagenu atzo bertan aurkituko genuen”, esan zuen Nikolasek pozarren. Dena arakatzen zuen: gain elurtuak, harkaitzak, baso zuria, lurraren muturrak, bailara. “Heuk aurkituko hunan, Catherine, sagarrondoen ertzetik beste bi metro jarraitu izan bahu”. Zeru handi urdinera igo zituen begiak. “Neuk aurkituko nian beherantz beharrean gorantz ekin izan banio! Eta Jean Françoisek berak esandako tokian aurkitu!”.

      Artega, Catherine lurrustel geruza mozten hasi zen. Bi gizonak patxadaz urrundu, txarretera zabaldu eta txiza eginean hasi ziren.

      Ordu erdiz arituta aurkitu zuten ur-biltegia.

       “Bai tapa galanta ere!”, egin zuen oihu Nikolasek. “Bi metro zabal izango duk harri tzar hau!”.

      Aurkitu berri zuen harria aztertu zuen Nikolasek. “Nondik atera ote zuen halako harri bat. La Rochetik, seguru!”.

       “Palanka beharko diagu altxatzeko”.

       “Harri bakarra al da?”.

       “Ondo jarri zuen ondo jarri zuenez Mathieuk. Esan nizuen egoskor hutsa zela”.

       “Tona bat izango duk”.

       “Nola ekarri ote zuen honaino?”.

       “Ai ama! Hau duk harria hau!”

       “Hilobi bat bezain handia”.

       “Kristoren hilobia dun!”.

       “Kristoren hilobia”, errepikatu zuen Catherinek.

      Jean Françoisek eskuez igurtzi zuen harria. Egunetako bizarrez ikutu zuen.

       “Bultza egin beharko dugu”.

      Catherine ikuilura joan zen palanka gisa erabil zitekeen ororen bila. Burdinazko bi haga jarri zizkioten altxagarri eta hirugarren bat erabili zuten palanka egiteko. Lauzak ez zuen zirkinik ere egin. Tentsioan zeuden hirurak, indarraren mugan.

       “Kristoren hilobia!”.

       “Zabaltzen ari gara!”

       “Za-bal-tzen!”.

       “Gora!”.

       “Zer dago barruan?”.

      Jean Françoisek lauzak lagatako zirrikitu estutik begiratu zuen.

       “Zerrikeria!”.

       “Kristoren hilobia zerrikeriaz beteta dagoela zion!”.

       “Berrogeita hamar urteko zerrikeria”, esan zuen Catherinek.

       “Mugitu orain”.

       “Astiro”.

       “Bale da”.

      Eta hiruren arteko barre arte hartan azaltzen ziren, jira eta biraka desagertzen zurrunbiloan eta berriro agertzen, barre-lasterrak eramanak lehendik erabili izan zituzten hitzak.

       “Jesus, Maria eta Jose!”.

       “Ondo zekien Mathieuk zertan zebilen!”.

       “Harentzat ez zen lana”.

       “Ardia erraz sartuko litzateke”.

       “Kristoren hilobia, horixe da hau”.

      Galtzarbeetaraino sartu zituzten besoak hodiaren irteera aurkitu arte. Atera zituztenean zeharo belztuta zituzten. Balde batez atera zituzten kondarrak, urak gainez egiteari utzi arte.

       “Hoa askara, Catherine, eta begiratu urik baden”.

       “Ateratzen duk!”, egin zuen deiadar. “Kafea bezain beltz ateratzen duk!”.

      Biltegia dragatzen bukatu zutenerako, eguzkia joanda zegoen.

      Lanbasak etxeraino eraman zituzten. Teilatu-hegalpean harresi ondotik zihoan hoditik ur eman handia ateratzen zen. Erortzean, zilarrezko mataza osatzen zuen.

      Sukaldea bero zegoen. Sutetik mahaira, alderik alde zebilen Catherine, gizonak zerbitzatu nahian.

       “Baina eseri hadi behingoz, emakumea!”.

       “Ez nian sekula pentsatuko gaur itzuliko zinetenik”, esan zuen.

       “Izotza botako du gaur”.

       “Iturburuko ura ez da egundo izozten”, erantzun zuen emakumeak.

       “Gaur genuen zuloa egiten segitzeko azken eguna”.

       “Gaur goizean galdetu izan balidate ez nuen sekula esango biok etorriko zinetenik”. 

       “Beti espero izan dun gutxiegi, Catherine”, esan zuen Jean Françoisek.

       “Entzun momentu baten!”, moztu zuen Nikolasek ahotsa goratuta.

      Hirurek aiztoa mahai gainean utzi eta uraren eman hotza aditu zuten leihoaren bestaldean.

 

EMAKUME ASKE BAT
John Berger

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017