LA NAN M.-REN HERIOTZA Ezin izan zuenean oiloentzako zahia egin edo zoparako patatarik zuritu jangartsu bihurtu zen eta ez zuen aurrerantzean ia mokadurik hartu ezta ogia ere
Gizonak beltzez margotu zuen bere burua abarren gainean erroiei begiratzeko ordurako oso gora ez zabiltzanak lurraren gain-gainean baizik
Supazterra baino txikiago jesartzen zen leiho ondoan kanpoan, porruak hazten ziren
Pilatutako egurraren ondoan —emakumeak lepo gainean eroan izan zituen txapar mazelak— gizona makurtu eta zur egiteko motzondo bihurtu zen
Errainak oiloak gobernatzen zituen jaten ematen zion suari
Gauean emakumearen ohea kiskaltzen zuen suaren albo batera eta bestera etzaten zen Kontrakoa ote zen eskatzen ari zitzaiona? Esnea, erantzuten zuen gizonak irritsez
Sukaldean bilduta auzokoek emakumeak arnasaren alde zeraman borroka jarraitzen zuten
Goian mendian gizonak elur-izotzen gainean pixa egiten zuen uhaitza urtzeko
Emakumea erosoagoa zegoen burua besaulki gainean etzaten bazuen
Haren gernuak izotz-kandelaren itxura zuen eta kolorgea zen
Eskuan zapi bat gordetzen zuen emakumeak hura hurreratzen zuen ahora garbitu nahi zuenean
Ispilu beltzean ez zen hatsik inoiz
Bazihoazenean bisitariek bekokian ematen zioten musu eta emakumeak ahotsetik ezagutzen zituen
Orgatxoari bultzaka izoztutako simaurraren gainera irauli zuen gizonak artean epel zango biak
Ezkontzako hirurogeita hamargarren urteurrena sukaldean kuzkurtuta eman zuen emakumeak tartean behin semeari deika abizenez hots egiten zion txapinetan hartz bat bezala kulunkatzen zen hari
Akats bat egin zenuen Herio ez dabil egundo txantxetan ez zenuen zahartu behar
Ni ez naiz lapurra erantzuten zuen
Hilik garaia zirudien ohean luze etzanda emaztegaitan bezala soinekoa eta botak jantzita baina eskubiko sorbalda eroriagoa zuen ezkerra baino karreatu izan zuen guztiagatik
Haren hiletan elurrak zulogileak baino arinago ehorzten zuela ikusi zuen herriak
LA NAN M.-REN HERIOTZA |