HARITZAREN EZKER ALDEAN
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016

 

Ez dakit zuoi inoiz gertatu zaizuen

baina Jardin Botanikoa parke lokartu bat da

non norbera zuhaitz edo lagun hurko senti daitekeen

betiere aurreko baldintza bat betez gero.

Hiria lasai urrun izatea.

 

Sekretua da bermatzea demagun enbor batean

eta entzutea zarata hilak onartzen dituen airean zehar

nola dabiltzan tranbiak trostaka Millan eta Reyesen.

 

Ez dakit zuoi inoiz gertatu zaizuen

baina Jardin Botanikoak beti izan du

ametsetarako joera atsegin bat

intsektuak hanketatik gora igo daitezen

eta malenkonia besoetatik jaits dadin

batek ukabilak itxi eta harrapatu arte.

 

Azken batean sekretua gorantz begiratzea da

eta ikustea hodeiak nola lehiatzen diren adaburuak lortzera

eta ikustea habiak nola lehiatzen diren txoriak berenganatzera.

 

Ez dakit zuoi inoiz gertatu zaizuen

ai baina Botanikora ihes egiten duten bikoteak

taxi batetik jaitsi zein hodei batetik beheratu

gai garrantzizkoez mintzatzen dira arrunki

eta elkarri begietara so egiten diote sutsuki

amodioa tunel labur-laburra izan eta haiek

amodio horren barruan elkar begietsiko balute bezala.

 

Bi haiek adibidez haritzaren ezker aldean

(esan nezake almendrondoa edo araukaria

Pan eta Linneori buruzko nire hutsuneei esker)

hitz egiten dute eta antza hitzak

haiei begira gelditzen dira

izan ere haien oihartzunik ere ez zait niri heltzen.

 

Ez dakit zuoi inoiz gertatu zaizuen

baina oso polita da imajinatzea zer dioten

batez ere mutilak abartxo bati hozka egiten badio

eta neskak soropilaren gainean zapata bat uzten badu

batez ere mutilak hezur tristeak baditu

eta neskak nahi baina ezin badu irribarre egin.

 

Nago mutila esaten ari dela

Jardin Botanikoan batzuetan esan ohi dena

 

atzo udazkena heldu zunan

udazken eguzkia

eta zoriontsu sentitu nindunan

aspaldi bezala

zein eder hagoen

nire ametsean

gauez

turutak entzuten ditun

haizea itsasoaren gainean

eta hala ere hura

ere isiltasuna dun

begiradan horrela

maite haut

nik gogoz lan egiten dinat

zenbakiak egin

fitxak

ergelekin eztabaidatu

jostatu eta biraoka hasi

emadan eskua

orain

badakin

maite haut

batzuetan Jainkoagan pentsatzen dinat

tira ez hainbestetan

ez zaidan haren denbora

lapurtzea gustatzen

eta gainera urrun zagon

hi neure ondoan hago

oraintxe bertan triste nagon

triste nagon eta maite haut

orduak igaroko ditun

kalea ibai baten antzera

zuhaitzak lagun

zerua

lagunak

eta hau zortea

maite haut

aspaldi umea nindunan

aspaldi eta zer axola zion

zoria xaloa zunan

hire begietan sartzea bezalakoa

utzidan sartzen

maite haut

eskerrak maite haudan

 

Ez dakit zuoi inoiz gertatu zaizuen

baina baliteke bat-batean batek nabaritzea

benetan zerbait atsekabezkoagoa dela

tantalo eta zorizko halako amodioetako bat

Jainkoak, jeloskor, onartzen ez duena.

 

Ohar zaitezte mutilak errua leporatzen diola samurki

eta neska zuhaitz azalaren kontra jartzen dela

ohar zaitezte mutilak oroitzapenak dakartzala

eta neska misteriotsuki atsekabetzen dela.

 

Nago mutila esaten ari dela

Jardin Botanikoan batzuetan esan ohi dena

 

heuk esan dun

gure maitasuna

betidanik izan dun ume hil bat

bakarrik aldizka ematen zinan

bizirik iraungo zuela

irabazi egingo zigula

baina biok izan gaitun hain indartsuak

ezen odol barik utzi baitugu

etorkizun barik

zeru barik

ume hil bat

hori baino ez

zoragarria eta kondenatua

agian izango liken

hirea bezalako irribarrea

gozoa eta sakona

agian izango liken arima tristea

nirea bezalakoa

deus gutxi

agian ikasiko liken denborarekin

zabaltzen

mundua erabiltzen

baina horrela datozen umeek

maitasunak hilik

beldurrak hilik

hain bihotz handia diten

ezen jakin barik hondatzen diren

heuk esan dun

gure maitasuna

betidanik izan dun ume hil bat

eta zer egia gogorra eta itzalgabea

zer egia erraza eta zer pena

nik pentsatzen ninan ume bat zela

eta ume hil bat baino ez zunan

orain zer geratzen dun

bakarrik geratzen dun

fedea neurtzea eta gogoratzea

zer izan gintezkeen

harentzat

ezin izan baita gurea

zer gehiago

agian heltzen denean

apirilaren hogeita hiru bat eta amildegia

hagoen lekuan hagoela

eramazkiok loreak

neu ere hirekin joango naun eta

 

Ez dakit zuoi inoiz gertatu zaizuen

baina Jardin Botanikoa parke lokartu bat da

zeina bakarrik esnatzen den euriarekin.

Orain azken hodeiak geratzea erabaki du

eta bustitzen ari gaitu eskale alaiak bezala.

 

Sekretua da kontuz ibiltzea arineketan

kakalardorik ez hiltzeko

eta etsian igeri egiten ahalegintzen diren

onddoak ez zapaltzeko.

 

Zuhurtasun barik itzuli egin naiz eta hantxe diraute

bi haiek haritzaren ezker aldean…

betiko eta euripean ostenduta

batek daki zer isiluneak esanez elkarri.

 

Ez dakit zuoi inoiz gertatu zaizuen

baina euria Botanikoan jausten denean

hemen mamuak baino ez dira geratzen.

 

Zuek alde egin dezakezue

ni hemen geratuko naiz.

 

HARITZAREN EZKER ALDEAN
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016