ITSASARGIA ETA BESTELAKO ITZALAK
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016

 

Mamu biak, bata urdina eta bestea zuria, ohiko haitzuloaren aurrean gertatu ziren. Elkarri agur egin zioten isilik eta aurrera jarraitu zuten tarte handi batean, batak besteari izara zapaldu barik, nor bere hausnarketan murgildurik. Gau lanbrotsua zen, ez ziren bereizten zuhaitzak eta harresiak, baina han goian, oso goian, ilargia zegoen.


— Bitxia da —esan zuen bat-batean mamu zuriak-, bitxia da nola jada gorputza ez den norberaz oroitzen. Zorionez, ze norberaz oroitzen zenean sufritzeko izaten zen.

— Asko sufritu zenuen? —galdetu zuen mamu urdinak.

— Dezente. Begien aurretik joan zitzaidan arte, nire gorputzak zigarroen erredurak zituen bizkarrean, anestesiarik gabe erauzitako hiru hagin falta zitzaizkion, ez zuen ahazturik nola sartu zioten burua txiza eta gorotzezko ontzi batean, eta batez ere lantzean behin bere barrabiletara begiratzen zuen…

— O —izan zen mamu urdinak ahoskatu pentsatu edo hasperendu zuen silaba bakarra.

— Eta zuri? —galdetu zion besteak berriz— Zure gorputzak ere sufrimenduak helarazten zizkizun?

— Ez hainbeste nire gorputzak, baizik eta besteenek…

— Besteenek? Sendagilea al zinen?

— Ez hain justu. Ni borreroa nintzen.

Mamu zuriak gogoratu zuen han goian, oso goian, ilargia zegoela. So egin zion, bakarrik liluratzeko beharra zuelako. Baina ilargia ez da eguzkia.

Bere izara kutsugabearen mutur batekin gorroto izpia garbitu zuen begitik. Gero urrundu egin zen, zuri-zuri, lanbro babeslean igeri, Jainkoren baten edo ezerezaren bila.

 

ITSASARGIA ETA BESTELAKO ITZALAK
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016