ZERGATIK EZ DAGO ILARGIRA JOATEKO BIDAIA GEHIAGORIK?
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016

 

Armstrong zintzoak pauso haiek eman zituenean

denok ohartu ginen nola mugitzen zen

trakets astun zoru zurixkaren gainean

ala apar harria zen? nork du gogoan?

tarte batez gogoetan aritu zen

eta eskafandrak edo dena delakoak

ez zigun haren begiak ikusten uzten

baina zin egingo  nuke haren begiradak

nagitasuna edo gogorik eza adierazten zuela

zerbait azaldu zuen nonbait itzuleran

domina lore oihu eta girnalda artean

euforiaz esanarazi zioten hitzaldi

hotsandikoaz bestelako zerbait


zerbait esan zien nonbait bere nagusiei

zerbait garrantzitsua ustekabea

esate baterako, han goian nengoela

zonbi baten moduan bidez ilargian

nire jenerala nire koronela zuengan pentsatu nuen

eta bururatu zitzaidan ez dakit zergatik ote

hil egin behar zintuztedala albait arinen

banan-banan binan-binan eta abar

edo bi esaterako, han nenbilela heroi bat bezala

satelitearen zimur itsusi-itsusiak zapaltzen

pentsatu nuen horrelakoa behar zuela heriotzak

alegia heriotzaren paisaiak

edo hiru esaterako, argizagian nengoela

hara eta hona ezerezean ergel bat bezala

gizakirik ez izatearen nazka infinitua sentitu nuen

eta esan nion neure buruari: ze ostia egiten ari nauk hemen?


horrelako zerbait aitortu zien nagusiei nonbait

bere robot disidentearen ahots estreinatu berriaz

eta beharbada horregatik boteredunek atzeratu zituzten

sine diei ilargirainoko bidaiak

 

ZERGATIK EZ DAGO ILARGIRA JOATEKO BIDAIA GEHIAGORIK?
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016