|
LEHEN AMODIOA Nire ezkontza, zuzen edo oker, aitaren heriotzarekin lotzen dut, denboran. Bata eta bestearen artean, beste maila batzuetan, beste lotura batzuk izatea, litekeena da. Ustez dakidana esatea bera ere aski zaila egiten zait. Duela gutxi aitaren hilobira joan nintzen, hori badakit, eta haren heriotzaren datari erreparatu nion, heriotzarenari besterik ez, jaiotzarena berdin baitzitzaidan, egun hartan. Goizez abiatu, eta gauez etxeratu nintzen, mokadu bat jan nuelarik kanposantuan. Egun batzuk geroago, ordea, zenbat urterekin hil ote zen jakin nahirik, hilobira itzuli behar izan nuen, jaiotegunari erreparatzeko. Bi muga egun horiek, idatzi egin nituen paper pusketa batean, eta gordeta daukat. Hori dela eta, hogeita bost bat urte nituenean ezkondu nintzela baieztatzeko moduan nago. Izan ere, neure neronen jaioteguna, horixe esan dut, neure neronen jaioteguna, ez dut sekula ahaztu; ez dut sekula idatzi behar izan, gogoan geratu zait betiko, milakoena gutxienez, bizitzak ezabatu ahal izateko senperrenak egin beharko dituen zifretan. Eguna ere, ahaleginduz gero, gogoratzen dut, eta maiz ospatzen dut, nire erara; ez dut esango etortzen den bakoitzean, ez, sarriegi etortzen baita, baina bai maiz. Nik-neuk ez dut ezer kanposantuen aurka, oso gustura paseatzen naiz beraietan barrena, beste leku batzuetan baino gusturago, uste dut, irten beharrean aurkitzen naizenean. Hilotzen usaina, oso garbi nabaritzen dut belar eta humusarenaren azpian, eta ez zait desatsegina egiten. Gozoegia aukeran, zorabiagarri samarra, baina biziena eta haien galtzarbe, oin, ipurdi, argizari-koloreko prepuzio eta obulu ustelduena baino askozaz hobea, hala eta guztiz ere. Eta aitaren gorpuzkinek kolaboratzen dutenean, nahiz eta oso maila apalean izan, malkoak isurtzeko zorian egoten naiz. Biziei, garbi egonik ere, perfumaturik egonik ere, usain txarra darie. Bai, pasealekutarako, irten beharrean aurkitzen naizenean, emaizkidazue kanposantuak eta zoazte, zuek, lorategi publikoetara, edo mendira. Nire ogitartekoa, nire banana, gogo handiagoz jaten ditut hilobi baten gainean eserita, eta pixagura etortzen bazait, eta sarritan etortzen zait, aukera dezaket. Edo noraezean ibiltzen naiz, eskuak atzean jarrita, harlauzen artean, zuzenen, lauen, okertuen artean, eta inskripzioen inguruan. Ez didate inoiz huts egin, inskripzioek, beti izaten dira hiruzpalau benetan dibertigarriak, gurutzeari, edo hilarriari, edo aingeruari heldu behar izaterainokoak, ez erortzearren. Nirea, aspaldi moldatu nuen eta pozik nago berarekin, nahiko pozik. Nire beste idazlanek, lehortzen hasi orduko, nazka ematen didate, baina hilartitza gustatzen zait. Gramatika-gai bat argitzen du. Zoritxarrez ez dut espero asmatu zuen kaskezurraren gainean sekula jarrita egongo denik, baldin eta Estatua arduratzen ez bada. Ni lurpetik atera ahal izateko, ordea, lehenik aurkitu egin beharko naute, eta beldur naiz Estatuari ez ote zaion gehitxo kostatuko ni hilik zein bizirik aurkitzea. Horregatik idatziko dut berehala hemen, beranduegi izan baino lehen:
Hemen datza denetatik libratu zena Libratu, orain libratzen bada ere.
Bigarren eta azken lerroak silaba bat gutxiago du, baina ez dio axola, nik uste. Hori baino gehiago barkatuko didate, hiltzen naizenean. Gero, zorte pixka batekin, benetako ehorzketa bat egokitzen zaizu, doluz jantzitako biziak eta bere burua zulora bota nahi duen alargun bat batzuetan, eta ia beti hautsaren ixtorio polit hori, nahiz eta ohartu naizen zulo horiek ez dutela hautsik batere, oso lur joria baizik, eta hildakoak ere ez dirudien hauts bihurtu denik inolaz ere, kixkalita hil ez bada, behintzat. Polita da, dena den, hautsaren kon* tuarekin egiten den komediatxo hori. Hala ere, aitaren kanposantua ez zen nire kuttunena. Urrunegi zegoen, mendixka baten alboan, eta txikiegia zen gainera, txikiegia. Horrezaz gain, beteta zegoen, nolabait esan, alargun batzuk gehiago eta mukuru beteta egongo zen. Askozaz ere gogokoago nuen Ohlsdorf, Linneko aldea batez ere, Prusiako lurretan, laurehun hektarea haiek ongi pilatutako hilotzekin, nik haietako inor ezagutzen ez banuen ere, Hagenbeck hezlea izan ezik, ospeagatik. Uste dut lehoi bat duela harlauzan zizelaturik. Heriotzak lehoi-aurpegia izango zuen, Hagenbeckentzat. Autobusak joan-etorrian ibiltzen dira, gizon-andre alargun eta umezurtzez mukuru beterik. Arboladiak, haitzuloak, urmaelak zisneekin, atsekabetuen kontsolamendu izaten dira. Abendua zen, hotz izugarria egiten zuen, ezin nuen aingira-zopa irentsi, hiltzeko beldur nintzen, oka egiteko gelditu nintzen, inbidia nien. Dena den, orain gai alaiago batera igarotzeko, aita hil zitzaidanean etxea utzi behar izan nuen. Berak nahi ninduen etxean. Gizon bitxia zen. Egun batean esan zuen, Utz ezazue, ez dio inori enbarazurik egiten. Ez zekien ni entzuten ari nintzaiola. Maiz adieraziko zuen pentsamendu hura seguraski, baina beste aldietan ni ez nintzen entzuten ari. Ez zidaten sekula testamentua erakutsi, bakarrik esan zidaten hainbeste diru utzi zidala. Une hartan pentsatu nuen, eta oraindik ere hori uste dut, eskatu zuela, testamentuan, bera bizirik zegoenean okupatzen nuen gelan jarrai nezala, eta jateko zerbait eraman ziezadatela, lehen bezala. Horixe izan zitekeen, gainera, gainontzeko guztiaren aurretiko baldintza. Zeren gogoko izan behar zuen nonbait ni etxean nengoela sentitzea, bestela ez zen ni etxetik botatzearen aurka egongo. Apika pena ematen nion, besterik gabe. Baina ez dut uste. Etxe osoa utzi behar zidan, horrela lasai geratuko nintzen, eta baita besteak ere, bestalde, nik esango bainien, Gera zaitezte baina, zuen etxean zaudete eta! Etxea izugarri handia zen. Bai, ederki izorratu zuten, aita gizarajoa, ni zaintzen jarraitu nahi bazuen hilobiaz harainditik. Diruari dagokionez, zintzo joka dezagun, ehorzketaren hurrengo egunean eman zidaten. Apika erabat ezinezkoa zitzaien besterik egitea. Esan nien, Har ezazue dirua eta utzidazue hemen bizitzen, nire gelan, aita bizi zenean bezala. Eta erantsi nuen, Jainkoak gorde dezala, pozik utziko nituelakoan. Baina ez zuten nahi izan. Beraien esanetara izango nindutela agindu nien, zenbait orduz egunero, edozein etxetan hain beharrezkoak diren mantenimendu-lan txikietarako, erabat suntsiturik eror dadin nahi ez bada. Lantxo bat edo beste, oraindik ere egin dezaket, ez dakit zergatik. Bereziki negutegiaz arduratzea proposatu nien. Han oso gustura pasatuko nituen hiruzpalau ordu egunero, berotasun hartan, tomateak, krabelinak, hiazintoak, hazitokiak zaintzen. Etxe hartan, aitak eta biok bakarrik genekien tomate kontuan. Ez zuten nahi izan, ordea. Halako batean, komunetik nentorrela, gelako atea giltzaz itxita aurkitu nuen eta nire traste guztiak ate aurrean pilatuta. Esan beharko nizueke zer-nolako idorreria nuen, garai hartan. Estuasunak idortzen ninduen, nik uste. Baina idorra nintzen benetan? Ez dut uste. Lasai, lasai. Hala eta guztiz, ordea, izan nintekeen, zeren nola uler daitezke bestela komunetako saio luze, jasanezin haiek? Ez nuen sekula irakurtzen, ez han, ez beste inon, ez nuen amets egiten edo hausnartzen, nire begien aurrean iltze batetik zintzilikatutako almanakari so egiten nion arreta berezirik gabe, arkumez inguratutako gizon gazte eta bizardun baten irudi koloretakoa zen, Jesus seguraski, bi eskuekin ipurmasailak banandu, eta indar egiten nuen, bat! aai! bi! aai!, arraunlariak bezala mugituz, eta nahi bat besterik ez nuen, gelara itzultzea, eta ohe gainean etzatea. Idorreria zen, ezta? Ala beherakoarekin nahasten dut? Dena nahasten zait buruan, kanposantuak, ezkontzak, eta sabelustutze-mota ezberdinak. Gauza gutxi nituen, lurrean pilaturik utzi zituzten, atearen kontra, oraindik ere gogoan dut zein pila ttipia egiten zuten, korridorea eta gela bereizten zituen gune ilunean. Hiru aldetatik itxita zegoen gune estu horretan aldatu behar izan nuen, txabusina eta kamisoia erantzi eta bidaia-arropa jantzi, esan nahi dut, hau da, galtzerdiak, zapatak, prakak, alkondara, jaka, berokia eta kapelua, uste dut ez dudala ezer ahaztu. Beste ate batzuk irekitzen ahalegindu nintzen, eskutokiari eraginez eta bultzatuz, etxetik irten baino lehen, baina ez ziren ireki. Gelaren bat irekita aurkitu izan banu, uste dut barruan barrikada bat egingo nuela, gasa erabiliz soilik ateraraziko ninduten. Etxea jendez beterik sentitzen nuen beti bezala, baina ez nuen inor ikusi. Uste dut nor bere zuloan itxita zegoela, belarriak erne. Gero denak korrika leihoetara, pixka bat aldendurik, errezelen atzean ongi ezkutaturik, sarrerako ateak nire atzean ixtean ateratako soinua entzun bezain pronto, hobe irekita utzi izan banu. Eta orduan ate guztiak irekitzen clira eta jende guztia irteten da, gizonak, emakumeak, haurrak, nor bere gelatik, eta ahotsak, hasperenak, irribarreak, eskuak, giltzak eskuetan, uf ozen bat, eta gero kontsignak errepasatzera, hau suertatuz gero, hura, baina hura suertatuz gero, hau, festa-giro benetakoa, denek ulertu dute, jatordua, jatordua, gela gerorako. Hau guztia imajinazio hutsa da, jakina, ni ez bainintzen han ordurako. Gauzak erabat bestela gertatu ziren apika, baina zer axola dio gauzak nola gertatzen diren, gertatzen badira? Eta arestian musukatu ninduten ezpain haiek guztiak, maite ninduten bihotz haiek, (bihotzaz maitatzen da, ezta?, edo beste zerbaitekin nahasten ari naiz?), nire eskuekin jolastu ziren esku haiek eta ia nitaz jabetu ziren izpiritu haiek! Jendea estrainioa da benetan. Aita gizarajoa, ongi izorratuta sentituko zen egun hartan, ikusi ahal banindu, bagintu, izorratuta niregatik, esan nahi dut. Baldin eta, haragigabetu guztien jakituria handiaz, ez bazuen ikusten semeak baino gehiago, haren gorpua oraindik ez baitzegoen puntu-puntuan. Baina orain beste gai alaiago batera igarotzeko, handik gutxira elkartu nintzen emakumearen izena, goitizena, Lulu zen. Hori zioen berak behintzat, eta ez dut ikusten zer interes izan zezakeen niri gezurra esateko, gai horren gainean. Batek daki, ordea. Frantsesa ez zenez, Loulou esaten zuen. Neuk ere, frantsesa ez nintzenez, Loulou esaten nuen berak bezala. Loulou esaten genuen, biok. Abizena ere esan zidan, baina ahaztuta daukat. Idatzi egin beharko nukeen, paper-pusketa batean, ez zait gustatzen izen bereziak ahaztea. Banku batean ezagutu nuen, kanal bazterrean, kanaletako batean, bi baitaude gure hirian, biak bereizten sekula jakin ez badut ere. Bankua oso leku onean zegoen, lur eta zabor gogortuzko pila bati itsatsia; beraz, atzealdea babestua nuen. Baita saihetsak ere, neurri batean, bankuaren albo banatan zeuden bi zuhaitz beneragarri eta iharturi esker. Seguru nago zuhaitz horiek izan zirela, haizearen eraginez hosto guztiekin batera mugitzen ziren egun batean, bankuaren ideia iradoki ziotena, norbaiti. Aurrean, handik metro batzuetara, kanala igarotzen zen, baldin eta kanalak igarotzen badira, nik ez dakit, eta horregatik alde hartatik ere ez nuen ustekabean harrapatua izateko arriskurik. Baina, hala eta guztiz ere, ustekabean harrapatu ninduen. Etzanda nengoen, eguraldi ederra zegoen, nire gaineko bi zuhaitzen adar biluzien artetik, eta hodeien artetik, zerua ez baitzegoen erabat estalita, ostarte izartsu baten joan-etorriari so nengoen. Leku egidazu, esan zuen emakumeak. Nire lehen asmoa alde egitea izan zen, baina nekeak, eta nora joan ez jakiteak, eragotzi zidaten asmoa burutzea. Beraz, zangoak ipurdi azpian pixka bat bildu nituen eta berak esertzerik izan zuen. Ez zen ezer gertatu gure artean, gau hartan, eta berehala alde egin zuen, niri hitzik zuzendu gabe. Abestu egin zuen soilik bere baitarako bezala, eta hitzak ahoskatu gabe, zorionez, bertako aspaldiko abesti batzuk, oso era bitxi eta zatikatuan, batetik bestera jauzi eginez, eta eten berria zuen doinura itzuliz, hari nagusitu zitzaiona amaitu baino lehen. Desafinatzen bazuen ere, ahots atsegina zuen. Senak esaten zidan denaz berehala aspertu eta sekula ezer bukatzen ez duten arima horietako bat zela, denen artean seguraski gutxien gogaitarazten dutenetakoa. Bankuaz ere, berehala aspertu zen, eta nitaz, berriz, aski izan zuen begiratu batekin. Oso emakume setatsua zen, zinez. Hurrengo egunean itzuli zen eta hurrengoan eta gauzak era beretsuan gertatu ziren. Hitz batzuk esan genizkion elkarri beharbada. Hurrengo egunean euria ari zuen eta salbu sentitu nintzen, baina oker nengoen. Galdetu nion ea gauero etortzeko asmoa zuen ni molestatzera. Molestatzen zaitut?, esan zuen. Seguru niri begira zegoela. Ezingo zuen gauza handirik ikusi. Bi betazalak apika, eta sudur eta kopetaren zati bat, lausoki, ilun baitzegoen. Uste nuen gustura geundela, esan zuen. Enbarazu egiten didazu, esan nuen, ezin ditut zangoak luzatu hor esertzen zarenean. Nire berokiaren lepotik mintzatzen nintzaion eta hala ere entzuten zidan. Zangoak luzatu besterik ez duzu nahi?, esan zuen. Hutsegite larriena, jendeari mintzatzea da. Oinak nire belaunen gainean jarri besterik ez duzu, esan zuen. Ez nintzaion erregu eske hasi. Nire aztal gaixoen azpian haren izter mardulak sentitu nituen. Eta ostikada bat emango banio aluan?, esan nuen neure artean. Norbaiti zerbait esaten diozu luzatzeaz eta segituan ikusten du gorputz bat luze-luze etzanda. Niri, menpekorik gabeko errege honi, interesatzen zitzaidan gauza, gorputz baten ezarrera isletako urrun eta hutsalena baizik ez zena, burmuinaren supinazioa zen, niaren eta ni-eza deitzen zaion huskeria pozoitzaileen hondakin ñañarraren ideiaren lokartzea, edo, alferkeriaz, jendea deitzen zaionaren ideia lokartzea. Hala ere, hogeita bost urte dituenean ere, erekzioak izaten ditu, gizaseme modernoak, baita fisikoki ere, noizetik noizera, norberaren zortearen arabera, neronek ere ezin izan nuen ezer egin eragozteko, hura erekzio bat zela esan badaiteke. Berak nabaritu egin zuen normala denez, emakumezkoek zakil tente bat hamar kilometro baino urrutiagotik usaintzen dute eta galdetzen diote bere buruari, Nolatan ikusi ote nau, honek? Batek norbera izateari uzten dio horrelako egoeran, eta latza da norbera izateari uztea, norbera izatea bera baino latzagoa oraindik, nahi dutena esango dute. Izan ere, bat norbera denean, badaki zer egin behar duen, norbera izateari hein batean uzteko; batek norbera izateari utzi dionean, ordea, edozein bihurtzen da, difuminatzen errazagoa. Amodioa esaten dioten hori erbestea da, eta jaioterriko postal bat noizbehinka, horra gau honetako nire sentimenduak. Berak bukatu zuenean, eta neure ni-a, otzandua, pixkanaka berregiten joan zenean inkontzientzia labur baten laguntzaz, bakarrik aurkitu nintzen. Hau guztia asmatua ez ote den galdetzen diot neure buruari, eta gauzak benetan ez ote ziren oso bestela gertatu, ahaztua izango dudan eskema baten arabera. Hala eta guztiz ere, haren irudia bankuarenari loturik geratu da, niretzat, ez gaueko bankuarenari, baizik eta arratsaldekoarenari, halako moldez, non bankuaz mintzatzea, arratsaldean ikusten nuen bezala, eta emakumeaz mintzatzea, gauza bera den, niretzat. Horrek ez du ezer frogatzen, baina nik ez dut ezer frogatu nahi. Egun-argiko bankuari dagokionez, ez du merezi horretaz mintzatzea, ez nintzen inoiz egoten, goizean goiz uzten nuen eta eguerdia igaro arte ez nintzen itzultzen. Bai, egunez janari bila ibiltzen nintzen, eta babesetxeak aurkitzen. Galdetuko bazenidate, eta garbi dago irrikitan zaudetela, zer egin nuen aitak utzi zidan diruaz, esango nizueke ez nuela ezer egin, poltsikoan neraman. Bai bainekien ez nintzela betiko gazte izango, eta udak ez duela luzaz irauten, ezta udazkenak ere, esaten zidan nire arima burgesak. Azkenean nazka-nazka eginda nengoela esan nion. Gogaikarria egiten zitzaidan, baita bertan ez zegoenean ere. Oraindik ere gogaikarria egiten zait bestalde, baina ez gainontzeko guztia baino gehiago. Gainera ez dit ardura, egun, gogaiturik egoteak, beharrezkoa ere bazait eta, sistemaz aldatu dut, orain trikimailua interesatzen zait, bederatzi edo hamargarren aldia da dagoeneko, eta gero dena agudo amaitzen da, eragozpenak, konponketak, laster ez dugu gehiago hitz egingo, ez hartaz, ez besteez, ezta kakaz edo zeruaz ere. Beraz, ez duzu nahi ni gehiago etortzerik?, esan zuen. Sinestezina da jendeak nola errepikatzen duen batek esan berri diena, entzundakoa sinetsiz gero, sutan erreak izateko arriskua balute bezala. Noizean behin etortzeko esan nion. Oso gaizki ezagutzen nituen emakumeak garai hartan. Oraindik ere ez ditut ezagutzen bestalde. Ezta gizasemeak ere. Ezta animaliak ere. Ongien ezagutzen dudana, nire sufrimenduak dira. Guztiak pentsatzen ditut, egunero, berehala egiten da, hain baita azkarra pentsamendua, baina guztiak ez datoz pentsamendutik. Bai, ordu batzuetan, eguerdian batez ere, sinkretista sentitzen naiz, Reinholden antzera. A zer oreka. Eta gainera gaizki ezagutzen ditut ere, nire sufrimenduak. Horrek esan nahiko du sufrimendu hutsa besterik ez naizela. Horra hor maltzurkeria. Orduan, urrundu egiten naiz, beste planeta bat harrituta, txundituta uzteraino. Inoiz edo behin, baina horrekin aski da. Bizitza ez da ergela, zera! Sufrimendu hutsa baizik ez izateak, nola erraztuko lituzkeen gauzak! Sufritu besterik ez! Hori, ordea, konkurrentzia izango litzateke, eta desleiala. Aipatuko dizkizuet, dena den, egunen batean, gogoratzen banaiz, eta ahal badut, nire sufrimendu bitxiak, zehatz-mehatz, eta ongi bereiziz, argitasunaren mesedetan. Adimenarenak aipatuko dizkizuet, bihotzarenak edo afektiboak, arimarenak (oso politak, arimarenak), eta gero gorputzarenak, barnekoak edo ezkutuak lehenik, azalekoak ondoren, iletik hasi eta metodikoki eta presarik gabe jaitsiz oinetaraino, hau da, kailu, karranpa, juanikote, itzemin, ospel, onddo eta beste bitxikeria batzuen sorlekuraino. Eta niri entzuteko adeitasuna dutenei kontatuko diet aldi berean, gogoratzen ez dudan autore baten sistemari jarraikiz, zein unetan, drogaturik, mozkorturik edo estasiaturik egon gabe, ez den ezer sentitzen. Orduan, normala denez, berak jakin nahi zuen zer ulertzen nuen nik noizean behin esaterakoan, horra zertara arriskatzen den bat, ahoa irekiz gero. Zortzian behin? Hamarrean behin? Hamabostean behin? Esan nion gutxiagotan etortzeko, askozaz ere gutxiagotan, ez zedila behin ere etorri ahal izanez gero, eta hori ezinezkoa bazitzaion, etor zedila ahalik eta gutxienetan. Goiz hartan gainera hara joateari utzi nion, ez hainbeste berarengatik, baizik bankuarengatik; izan ere, esan beharra daukat, bankuaren kokapenak ez zituen asetzen jada nire premiak, hain xumeak bestalde. Izan ere, lehenengo hotzak iritsi ziren, eta zuek bezalako astakirten batzuei alferrik aipatuko ez dizkiedan beste arrazoi batzuk zirela medio, nire paseoetan zehar aurkitu nuen behiukuilu huts batean babestu nintzen. Belarra baino osin gehiago, eta osinak baino lokatz gehiago zuen soro baten bazterrean zegoen, nahiz eta zorupean propietate nabarmenak izan zitzakeen apika. Ukuilu horretan, behatzaz ukitzean hasperen batez hondoratzen ziren bekorotz lehor eta hutsez beterikoan, defendatu behar izan nuen neure burua estreinako aldiz, eta gustura esango nuke azken aldiz morfina pixka bat izango banu eskura, nire arima izoztuan maitasunaren izen nardagarria pixkanaka bereganatzen zuen sentipen baten aurka. Gure herriak duen xarma, erdi hutsik egoteaz gain, jakina, eta preserbatibo ziztrinena lortzea erabat ezinezkoa bada ere, dena abandonatuta egotetik datorkio, historiaren simaurtegi zaharrak salbu. Haiek gogotsu zaintzen dituzte, eta ongi apaindu ostean prozesioan paseatzen dituzte. Denboraren poderioz eskorta nardagarri ederren bat sorturiko edonon aurkituko dituzue gure abertzaleak, pikotxetan, arnasestuka, gorri-gorri. Arloteen paradisua da. Horra azkenik nire zoriontasunaren arrazoia. Denak bultzatzen zaitu belaunikatzera. Ez dut inolako loturarik ikusten azalpen hauen artean. Baina zalantzarik gabe, bada bat, eta gehiago ere bai, nik uste. Zeintzuk, ordea? Bai, maite nuen, horrela deitzen nion, deitzen diot oraindik ere, zoritxarrez, garai hartan egiten nuenari. Ez nuen hartarako inolako prestaketarik, ez bainuen lehenago sekula maite izan, baina banuen haren aditzera, jakina, etxean, eskolan, putetxean, elizan, eta nobelak irakurritakoa nintzen, hitz-lauz eta neurtitzetan, nire tutorearen zuzendaritzapean, ingelesez, frantsesez, italieraz, alemanieraz, liburu horietan oso tratamendu zabala ematen baitzitzaion gaiari. Beraz, gai nintzen gutxienez egiten nuenari izen bat emateko, bat-batean Lulu izena txekor-gorotz zahar baten gainean idazten ikusten nuenean neure burua, edo ilargiaren argitan lokatzetan etzanda lurretik osinak ateratzen saiatzen nintzenean zurtoina hautsi gabe. Osin erraldoiak ziren, batzuk metro batekoak, lurretik ateratzen nituen, kontsolatu egiten ninduen horrek, nahiz eta ez datorren bat nire izaerarekin belar gaiztoak ateratzea, alderantziz, simaurra botako nieke barra-barra eskura izango banu. Loreak, hori beste kontu bat da. Maitasunak gaiztotu egiten zaitu, hori egia da. Zer maitasun-mota zen, ordea, zehatz-mehatz? Grinazkoa? Ez dut uste. Izan ere, maitasun pasionala satiroek atsegin dutena da, ezta? Ala beste mota batekin nahasten dut? Hainbeste dira, ezta? Zein baino zein ederragoa, ezta? Maitasun platonikoa, horra bat-batean gogora datorkidan beste bat. Desinteresatua. Maitasun platonikoa ote zen nirea? Ez dut uste. Nolatan idatziko ote nuen haren izena bekorotz zaharren gainean maitasun puru eta desinteresatuaz maite izan banu? Eta gainera, gero zupatu egiten nuen behatzaz? Tira, tira. Lulu nuen gogoan, eta dena ez bada ere, nahikoa esan dut, nik uste. Nazkatuta nauka ditxosozko izen horrek gainera, Lulu, eta beste bat jarri behar diot, silaba batekoa oraingoan, Anne, adibidez, ez da silaba batekoa baina berdin zait. Beraz, Annez pentsatu nuen, nik, ezertan ez pentsatzen ikasi nuen honek, non eta ez zen neure sufrimenduetan, oso azkar, gero gosez, edo hotzez, edo lotsaz ez hiltzeko hartu beharreko neurrietan, baina sekula ez inolako aitzakiaz izaki biziengan biziak diren aldetik (zer esan nahiko ote duen horrek galdetzen diot neure buruari), zernahi izanik ere gai horretaz esan dudana, edo esan ahal izango dudana. Beti hitz egin baitut, beti hitz egingo baitut inoiz existitu ez diren gauzez, edo nahi baduzue, existitu diren, eta beti existituko diren gauzez apika, baina nik ematen diedan existentziarik gabe. Militarren txapel okerrak, esaterako, existitzen dira, eta ez dirudi desagertzeko zorian direnik, baina nik ez dut inoiz ere txapel okerrik eraman buruan. Nonbait zera idatzi dut, Eman zidaten... kapelu bat. Hala ere, ez “zidaten” inoiz kapelu bat eman, neurea izan dut beti, aitak eman zidana, eta ez dut inoiz beste kapelurik izan. Heriotzaz haraindi jarraitu du nirekin, dena den. Beraz, Annez pentsatzen nuen, luzaz, luzaz, hogei minutuz, hogeita bost minutuz, eta ordu erdi batez ere bai egunean. Zifra hauek beste zifra txikiago batzuen batuketa eginez lortzen ditut. Hori izango zen seguraski nire maitatzeko era. Beste nonbait hainbeste lelokeria esanarazi didan amodio intelektual horretaz maite nuela pentsatu behar ote dut? Ezin dut sinetsi. Izan ere, horrela maite izan banu, nolatan dibertituko ote nintzen Anneren izena bekorotz zahar baino zaharragoen gainean inskribatzen? Edo osinak esku-beteka ateratzen lurretik? Eta sentituko ote nituen haren izterrak nire kaskezur azpian pilpiraka, deabuak hartutako bi burko bailiran? Egoera honi amaiera emateko, amaiera ematen saiatzeko, bankua zegoen lekura joan nintzen egun batean, beste aldi batzuetan nirekin elkartu ohi zen orduan. Ez zegoen han eta alferrik itxoin nuen. Abendua izango zen, noski, gutxienez, urtarrila ez bazen, eta hotza bere urte-sasoian zegoen, hau da, oso sasoi onean, oso ongi, ezin hobeto, sasoian sasoikoa izaten baita onena. Ukuilura itzuli nintzenean, ordea, luze gabe otu zitzaidan gau bikain bat ziurtatu zidan arrazoibidea, ohartu nintzelako urteko egun bakoitzean ordu ofiziala era ezberdinean inskribatzen dela airean eta zeruan, eta baita bihotzean ere. Beraz, hurrengo egunean goizago heldu nintzen bankura, goizago baino askoz goizago, gauaren beraren hasieran hain justu, baina beranduegi dena den, bera han baitzegoen ordurako, bankuan, izoztutako adar kirrikatsuen azpian, ur izoztuaren aurrean. Esan dizuet emakume setatsuegia zela. Tumulua antzigarrak zuritua zegoen. Ez nuen ezer sentitzen. Zer interes izan zezakeen nire atzetik horrela ibiltzeko? Galdetu egin nion, eseri gabe, gora eta behera ibiliz, oinak lurraren kontra kolpatuz. Bidea konkatua zegoen hotzaren eraginez. Ez zekiela erantzun zidan. Zer ikus zezakeen niregan? Erantzuteko eskatu nion, ahal bazuen. Ezin zuela erantzun zidan. Goxo-goxo zegoela zirudien arropa beroez babesturik. Eskuak larruzko mahuka-erdi batez estalita zituen. Gogoratzen naiz mahuka-erdia ikustean negarrez hasi nintzela. Ahaztu egin zait zer koloretakoa zen, hala ere. Hura gaizki zihoan. Negar errazekoa izan naiz beti, sekula etekin txikiena lortu ez badut ere, duela oso gutxi arte. Gaur egun negar egin beharko banu, ederki izorratuko banintz ere ez nuke tanta ziztrin bat ere ateratzerik lortuko, benetan uste dut. Hau gaizki doa. Gauzengatik egiten nuen negar. Eta hori inolako kezkarik izan gabe. Eta arrazoi nabarmenik gabe negarrez hasten nintzenean, zerbait ikusi nuelako izaten zen, konturatu ez arren. Beraz, benetan mahuka-erdiagatik ari ote nintzen negarrez, arratsalde hartan, galdetzen diot neure buruari, edo ez ote zen bideagatik izango, haren gogortasunak eta mailatuek zoladurak gogoraraziko baitzizkidaten, edo beste gauza batengatik, konturatu gabe ikusi nuen beste edozergatik. Emakume hura ikusten nuen lehenengo aldia zen, nolabait esan. Erabat uzkurturik eta arropaz estalita zegoen, burumakur, eskuak altzoan mahuka-erdian sarturik, zangoak elkarren kontra estuturik, orpoak airean. Itxuragabea zen, adinik gabea, ia bizirik gabea, atso bat edo haur bat izan zitekeen. Eta nola erantzuten zuen, Ez dakit, Ezin dut. Neronek bakarrik ez nekien eta ezin nuen. Niregatik etorri zara?, esan nuen. Bai, esan zuen. Beno, ba hemen nauzu, esan nuen. Eta ni, ez al nintzen berarengatik etorria? Hemen nauzu, hemen nauzu, esan nuen neure artean. Haren ondoan eseri nintzen, baina tupustean altxatu nintzen berriro, jauzi batez, burdin gori baten gainean eseri izan banintz bezala. Alde egiteko gogoa nuen, hura amaitu ote zen jakiteko. Baina seguruago egoteko, joan aurretik, abesti bat abesteko eskatu nion. Hasieran pentsatu nuen uko egingo ziola nire eskaerari, ez zuela abestuko esan nahi dut, baina ez, ia segituan hasi zen abesten, eta puska batean abestu zuen, beti abesti bera uste dut, jarreraz aldatu gabe. Nik ez nuen abestia ezagutzen, ez nuen sekula entzun eta ez nuen sekula berriz entzungo. Soilik gogoratzen dut limoiondoei buruzkoa zela, edo laranjondoei buruzkoa, ez dakit ziur, eta niretzat hori arrakasta handia da, limoiondo edo laranjondoei buruzkoa zela gogoan gorde izana; izan ere, bizitzan zehar entzun ditudan beste abesti batzuez, eta erruz entzun ditut, zeren badirudi guztiz ezinezkoa dela bizitzea ere, baita ni bizi nintzen moduan ere, abesten entzun gabe gorra izan ezean, ez dut ezertxo ere gogoratzen, ez hitz bat, ez nota bat, edo hain hitz gutxi, hain nota gutxi, non, non zer?, non ezer ere ez, esaldi hau aski luzea da jada. Gero alde egin nuen eta urruntzen nintzen bitartean beste abesti bati ekin zion, edo aurrekoaren jarraipena zen apika, ahots ahul batez, ni urrundu ahala ahulagoa entzuten zena, azkenik isildu zen arte, bai abesteari utzi ziolako, bai ni urrunegi nengoelako entzun ahal izateko. Ez zitzaidan gustatzen horrelako zalantzarik izatea, garai hartan, ni zalantzan bizi nintzen, jakina, zalantzaren lepotik, baina zalantza ttipi haiek, gorputzaren alorreko zalantzak esan ohi denez, nahiago nituen gainetik lehenbailehen kendu, ezparek bezala torturatu ahal ninduten, zenbait astetan. Beraz, urrats batzuk atzera eman, eta gelditu egin nintzen. Hasieran ez nuen ezer entzuten, gero ahotsa sentitu nuen, ozta-ozta, oso ahul. Ez nuen entzuten, eta gero entzuten nuen; beraz, une zehatz batean hasiko nintzen entzuten, eta hala ere, ez, ez zen hasierarik izan, hain sortu baitzen emeki isiltasunetik eta hain baitzuen antz handia harekin. Azkenik ahotsa isildu zenean urrats batzuk eman nituen harantz, amaitu edo tonua beheratu soilik egin ote zuen ziurtasunez jakiteko. Gero, etsiturik, neure artean esanez, Nola jakin amaitu ote duen bere ondoan, bere gainean egon gabe, bizkarra eman nion eta, ez bat eta ez bi, joan egin nintzen, zalantzaz beterik. Aste batzuk geroago, ordea, berriro itzuli nintzen, larri bizian, bankura, utzi nuenetik laugarren edo bostgarren aldia zen, ordu berean gutxi gora-behera, esan nahi dut zem beraren azpian gutxi gora-behera, ez, hori ere ez da, izan ere, beti zem bera da eta ez da inoiz zem bera, nola azaldu hau, ez dut azalduko, eta kitto. Bera ez zegoen. Baina bat-batean han zegoen, ez dakit nola, ez nuen etortzen ikusi, ezta entzun ere, eta hori erne nengoela. Esan dezagun euria ari zuela, horrek aldatuko gaitu, pixka bat. Euritako baten azpian babesturik zegoen, arropategi izugarri ongi hornitua izango zuen, noski. Ea arratsaldero etortzen zen galdetu nion. Ez, esan zuen, noizean behin soilik. Bankua hezeegi zegoen esertzera ausartzeko. Gora eta behera genbiltzan, besotik heldu nion, jakinminez, atsegin ematen ote zidan ikusteko, baina ez zidan inolako atseginik ematen, beraz, besoa aske utzi nion. Eta zergatik xehetasun hauek? Amaiera atzeratzeko. Hobetoxeago ikusten nion aurpegia. Normala iruditu zitzaidan, haren aurpegia, milioika daude horrelakoak. Begiak okertzen zituen, baina hori geroago jakin nuen. Ez zirudien ez gaztea, ez zaharra, eta aurpegia, ezin zitekeen esan ez leuna, ez ximeldua zuenik. Garai hartan, ezin nuen anbiguitate mota hori jasan. Haren aurpegia ederra ote zen, edo ederra izan ote zen, edo eder bihur ote zitekeen jakiteari dagokionez, aitortu behar dut ez nintzela erabakitzeko gauza izan. Argazkietan ikusi izan ditut aurpegiak agian edertzat har nitzakeenak, edertasunaz zenbait nozio eduki izan banitu. Eta nire aitaren aurpegiak, ohean hilda zegoela, giza-estetika baten posibilitatea iradoki zidan. Bizien aurpegiak, ordea, beti imintzioka, odola larruazalera jalgitzeko zorian dutela, objektutzat har daitezke? Ilunpetan eta aztoratuta banengoen ere, mirestu egiten nuen nola altxatzen den ur geldia, edo emeki labaintzen dena, goitik erortzen den urak bultzatuta, egarri bailitzan. Galdetu zidan ea zerbait abesterik nahi nuen. Ezetz erantzun nion, nahiago nuela zerbait esan ziezadan. Uste nuen ez zuela ezer niri esateko esango zidala, hori bat etorriko zen haren izaerarekin. Beraz, atsegin handiz entzun nion gela bat zuela esan zidanean, oso atsegin handiz. Bestalde, susmoa hartua nion lehendik ere. Nork ez du gela bat? Bai, entzuten dut ardaila! Bi gela ditut, esan zuen. Zenbat gela dituzu, zehazki?, galdetu nion. Bi gela eta sukalde bat zituela erantzun zuen. Kopurua gero eta handiagoa zen. Azkenean bainugela bat eta guzti gogoratuko zuen. Bi gela direla esan duzu?, esan nuen. Bai, esan zuen berak. Elkarren ondoan?, esan nuen. Azkenik, hizketarako gai bat, izen hori merezi duena. Sukaldea erdian dago, esan zuen. Galdetu nion ea zergatik ez zidan lehenago esan. Sinets iezadazue esaten badizuet garai hartan neure onetik aterata nenbilela. Ez nengoen gustura berarekin, baina aske sentitzen nintzen bera ez gainontzeko edozertan pentsatzeko, eta hori sekulakoa zen, probatutako gauza zaharretan pentsatzea, bata bestearen atzetik, eta horrela hurbiletik hurbilera ezerezeraino, beheranzko eskailera-mailak jaitsiko banitu bezala ur sakonerantz. Eta banekien uzten banuen, askatasun hori galduko nuela. Bi gela ziren, hain juxtu, eta bien erdian, sukaldea, ez zidan gezurrik esan. Nire gauzen bila joan beharko nuela esan zuen. Gauzarik ez nuela azaldu nion. Etxe zahar baten azken solairuan geunden eta leihoetatik mendia ikus zitekeen, nahi izanez gero. Petrolio-lanpara bat piztu zuen. Ez duzu argi-indarrik?, galdetu nuen. Ez, esan zuen, baina ura eta gasa ditut. Kontxo, kontxo, esan nuen, gasa duzu. Biluzten hasi zen. Ez dakitenean zer egin, biluztu egiten dira, eta hori da zalantzarik gabe egin dezaketen gauzarik onena. Arropa guztia erantzi zuen, elefante bat urduri jartzeko moduko mantsotasunaz, galtzerdiak ezik, ni bero-bero jartzeko asmoaz seguruenik. Orduan konturatu nintzen begiak okertzen zituela. Ez zen emakume biluzi bat ikusten nuen estreinako aldia zorionez, beraz, geratzeko moduan nengoen, bai bainekien ez nuela eztanda egingo. Beste gela ikusi nahi nuela esan nion, ez bainuen oraindik ikusi. Ikusia izan banu, esango nion berriro ikusi nahi nuela. Ez duzu arropa erantzi behar?, esan zuen. Ba, egia esan, ez naiz sarritan biluzten, erantzun nion. Egia zen, ez naiz sekula izan edozein aitzakiaz biluzteko prest egoten diren gizon horietakoa. Oheratzerakoan zapatak eranzten nituen, lotarako prestatzen (prestatzen!) nintzenean esan nahi dut, eta gero gaineko arropak tenperaturaren arabera. Beraz, gutxieneko abegia erakutsi nahi bazuen, bata jantzi eta lanpara eskuan hartuta niri lagundu beste erremediorik ez zuen. Sukaldetik igaro ginen. Korridoretik ere igaro gintezkeen, gero konturatu nintzen, baina sukaldetik igaro ginen. Ez dakit zergatik. Bide motzena izango zen agian. Izuturik begiratu nion gelari. Hain altzaridentsitate handia edozein imajinazioz haraindi dago. Kontua zen nik gela hura nonbait ikusia nuela. Zer gela da hau?, oihu egin nuen. Saloia da, esan zuen. Saloia. Korridorera ematen zuen atetik altzariak ateratzen hasi nintzen. Berak begiratu egiten zidan. Triste zegoen, hori uste dut behintzat, ez bainago ziur. Ea zertan ari nintzen galdetu zidan, baina erantzunik espero gabe, nik uste. Banan-banan atera nituen, binaka ere bai, eta korridore-hondoko paretaren kontra pilatu nituen. Ehundaka zeuden, handiak eta txikiak. Azkenean ateraino iristen ziren, halako moldez, non ezin baitzen gelatik irten, eta are gutxiago sartu, handik. Atea ireki zitekeen eta berriro itxi, barrualdera irekitzen baitzen, baina zeharkaezina zen. Oso hitz ederra, zeharkaezina. Ken ezazu kapelua gutxienez, esan zuen. Beste batean hitz egingo dizuet apika nire kapeluaz. Sofa antzeko bat eta paretan iltzaturiko apal batzuk besterik ez zen geratzen gelan. Sofa gela-hondoraino eraman nuen arrastaka, ate ondora, eta apalak hurrengo egunean kendu eta kanpora eraman nituen, korridorera, gainontzeko guztiarekin batera. Paretatik kentzerakoan, bai oroitzapen bitxia, fibroma edo fibrona hitza entzun nuen, ez dakit bietatik zein, ez dut sekula jakin, ez nekien zer esan nahi zuen eta sekula ez dut izan jakiteko kuriositaterik. A zer gauzez gogoratzen den bat! Eta gero kontatu gainera! Dena ordenatuta zegoenean sofan etzan nintzen. Berak ez zuen zirkinik ere egin niri laguntzeko. Tapakiak eta maindireak dakarzkizut, esan zuen. Baina ez nuen maindirerik nahi. Ez dituzu errezelak itxi behar ala?, esan nuen. Leihoa zuri zegoen izotzez. Gaua zenez, ez zuen argitasun handirik ematen, baina apur bat bai, hala ere. Nahiz eta ni zangoak ate aldera luzaturik nituela etzanda egon, enbarazu egiten zidan argi motel eta hotz hark. Bat-batean altxatu, eta sofa lekuz aldatu nuen, hau da, bizkarralde luzea, lehen paretaren kontra jarri nuena, kanpoaldera atera nuen. Alde irekia, ontziralekua, zegoen orain paretara begira. Gero jauzi egin nuen barrura, zakur batek bere otarrera bezala. Lanpara utziko dizut, esan zuen, baina eramateko eskatu nion. Eta gauez zerbait behar baduzu?, esan zuen. Hizka-mizka hasteko gogoa zuen, bistan zen. Badakizu komuna non dagoen?, esan zuen. Arrazoia zuen, ez nintzen konturatu. Oheaz disfrutatzea gozamena da lehen uneetan, baina gero hasten dira komeriak. Pixontzi bat emaidazu, esan nuen. Biziki gustatu izan zait, beno, nahikoa, eta luzaroan, pixontzi hitza, Racine edo Baudelaire gogorarazten zidan, ahaztu egin zait bietako zein, edo biak apika, bai, sentitzen dut, garai batean liburu dexente irakurritakoa naiz, eta haien bidez iristen nintzen hitza gelditzen den lekura, Danterena dirudi. Baina ez zuen pixontzirik. Aulki zulodun antzeko bat dut, esan zuen. Amona nekusan haren gainean eserita, hesola bat bezain tente eta harroputz, erosi berria zuen, barka, eskuratu berria, ongintzazko festa batean, tonbola batean agian, antigoaleko pieza bat zen, estreinatu nahi zuen, edo horretan saiatzen zen behintzat, ia desiratzen egongo zen besteek ikus zezaten berak nola baliatzen zuen. Atzera dezagun amaiera, atzera dezagun amaiera. Emaidazu ba ontzi arrunt bat, esan nuen, ez dut disenteriarik. Kazo moduko bat ekarri zuen, ez zen benetako kazoa, ez baitzuen kirtenik, obalatua zen eta bi euskarri eta tapa zituen. Eltzea da, esan zuen. Ez dut taparen beharrik, esan nuen. Ez duzula taparen beharrik?, esan zuen. Tapa behar nuela esan banu, Tapa behar duzula?, esango zuen. Maindireen azpian jarri nuen tresna, zerbait eskura sentitzea gustatzen zait lo nagoenean, beldurra arintzen laguntzen dit, kapelua oraindik blai zegoen. Paretara begira jarri nintzen. Lanpara hartu zuen lehen utzi zuen lekutik, lurreko suaren gaineko apaletik, zehaz dezagun, zehaz dezagun, haren itzala keinuka ikus nezakeen nire gainean, iruditu zitzaidan bazihoala, baina ez, nire gainera makurtu zen, sofaren bizkarralde gainetik. Hau guztia familiako oroigarriak dira, esan zuen. Haren lekuan, nik oin-puntetan alde egingo nuen. Bera, ordea, ez zen mugitu. Hura maitatzeari uzten hasia nintzela, hori zen funtsezkoena. Bai, hobeto sentitzen nintzen orain, haren erruagatik denbora luzez utzi behar izandako murgilaldi luzeetarako jaitsiera mantsoei ekiteko prest nengoen ia. Eta iritsi berria nintzen. Baina ezer baino lehen, loa. Ahalegin zaitez orain ni hemendik bidaltzen, esan nuen. Iruditu zitzaidan segundu batzuk behar izan nituela hitz horien esan nahiaz, eta baita egin zuten soinu ttipiaz ere, jabetzeko. Hitzegiteko ohiturarik kasik ez nuenez, noiz edo behin esaldi-sail batek ihes egiten zidan ahotik, denak ere bikainak gramatikaren ikuspuntutik, eta ez erabat zentzugabeak, esango nuke nik, zeren ongi aztertuz gero bazuten nolabaiteko esanahia, eta bat baino gehiago batzuetan, baina funtsik gabeak ziren. Soinuan, ordea, hitzak ahoskatu ahala entzuten nuen. Hura zen nire ahotsa hain emeki iristen zitzaidan lehenengo aldia. Jiratu egin nintzen, zer gertatzen zen ikusteko. Irribarrez zegoen. Gero joan egin zen, eta lanpara berekin eraman zuen. Sukaldea zeharkatzen eta bere gelako atea ixten entzun nuen. Bakarrik nengoen azkenik, ilunpetan azkenik. Ez dut ezer gehiago esango. Uste nuen gau zoragarri baten atarian nengoela, hain leku estrainioa bazen ere, baina ez, oso gau urduria igaro nuen. Akituta esnatu nintzen goizean, arropak nahas-mahas, tapakiak ere bai, eta Anne nire ondoan, biluzik, jakina. Zer ahaleginak ez ote zituen egin! Nik eltzea nuen eskuan oraindik. Barruan begiratu nuen. Erabili gabe. Zakilari begiratu nion. Hitz egin ahal izan balu! Ez dut ezer gehiago esango. Nire maitasun-gaua izan zen. Bizimodua etxe hartan egitera ohitu nintzen pixkanaka. Jatekoa nik esandako orduetan ekartzen zidan, noiz edo behin ni ondo ote nengoen edo ezer behar ote nuen ikustera etortzen zen, lapikoa egunero husten zuen eta gela hilero txukuntzen. Batzuetan ezin zion mintzatzeko tentazioari eutsi, baina orokorrean ez nuen kexarik. Bere gelan abesten entzuten nuen aldizka, abestiak bere gelako atea zeharkatzen zuen, gero sukaldea, gero nire gelako atea eta horrela heltzen zen niregana, ahul baina nabarmen. Korridoretik igarotzen ez bazen. Ez zitzaidan hain jasangaitza egiten, noizbehinka abesten entzutea. Egun batean hiazinto bat ekartzeko eskatu nion, bizirik, lorontzi batean. Ekarri zidan eta lurreko suaren gaineko apalean jarri zuen. Ez zen beste lekurik geratzen, gelan, gauzak jartzeko, lurreko suaren gainean izan ezik. So egiten nion egunero, nire hiazintoari. Larrosa-kolorekoa zen. Nik nahiago izango nuen urdina. Hasieran oso indartsu zegoen, lore batzuk ere izan zituen, gero amore eman zuen, eta laster zurtoin belaxka bat besterik ez zen hosto negarti batzuen artean. Erraboilari, lurretik erdi aterata, oxigeno bila bezala, kiratsa zerion. Annek bota egin nahi zuen baina zegoen lekuan uzteko esan nion. Beste bat erosi nahi zidan baina ez nuela beste bat nahi esan nion. Enbarazu gehien egiten zidana, egunez zein gauez, ordu jakin batzuetan etxean isilka entzuten ziren zaratatxo, barretxo eta zizpurutxo batzuk ziren. Ez nuen gehiago Annez pentsatzen, inoiz ere ez, baina isiltasuna beharrezkoa zitzaidan, hala ere, nire bizimodua egin ahal izateko. Nahiz eta neure buruarekin arrazoitzen saiatzen nintzen, nahiz eta neure artean esaten nuen airea munduko zaratak garraiatzeko egina dela, eta barreei eta zizpuruei garraio-mota hori dagokiela bete-betean, ez nintzen batere lasaitzen. Ezinezkoa zitzaidan deliberatzea beti zarata berbera zen ala hainbat mota zeuden. Hain dira antzekoak barretxoak eta zizpurutxoak! Hain izu handia nien, garai hartan, halako zalantza mixerableei, non behin eta berriz tronpatzen nintzen, esan nahi dut tartean zer zen jakiten saiatzen nintzela. Denbora luzea eman dut, bizitza osoa nolabait esan, ulertzeko erdikusitako begi baten kolorea, edo zarata urrun baten jatorria, gertuago daudela Giudecca-tik, ezjakintasunen infernuan, Jainkoaren existentzia, protoplasmen genesia edo norberaren existentzia baino, eta askozaz ere jakinduria handiagoa exijitzen dutela, itzultzen dutena baino. Gehiegitxo da, bizitza oso bat, ondorio kontsolagarri horretara heltzeko, ez zaio bati horretaz baliatzeko astirik geratzen. Oso aurreratua nengoen, galdekatu ondoren, esan zidanean txandaka hartzen zituen bezeroak zirela. Egia da altxa nintekeela sarrailatik begiratzera, estalita ez baldin bazegoen, baina zer ikus daiteke zulo horietako batetik? Beraz, prostituzioa duzu ogibide?, esan nuen. Prostituzioa dugu ogibide, erantzun zuen. Eskatuko al zenieke zarata gutxixeago egiteko?, esan nuen, esan berri zidana sinetsiko banu bezala. Edo beste zaratamota bat?, erantsi nuen. Arnasestuka jarri behar dute, esan zuen. Alde egin beharrean aurkituko naiz, esan nuen. Familiako kutxatzarrean mihise lodiak bilatu zituen eta gure ateen aurrean, nirean eta berean, josi zituen iltzez. Tarteka-marteka txiribi bat jateko modurik izan ote nezakeen galdetu nion. Txiribi bat!, oihu egin zuen, haur hebrear jaioberriak jateko gogoa azaldu banu bezala. Txiribien sasoia amaitzear zegoela gogorarazi nion eta handik aurrera txiribiak bakarrik jartzen bazizkidan, bihotz-bihotzez eskertuko niola. Txiribiak bakarrik!, oihu egin zuen. Txiribiek, niretzat, bioleta-zaporea dute. Txiribiak atsegin ditut bioleta zaporea dutelako eta bioletak txiribia-usaina dutelako. Txiribirik ez balitz, ez litzaizkidake bioletak gustatuko eta bioletarik ez balitz, txiribiak arbiak edo errefauak bezain gutxi interesatuko litzaizkidake. Eta egungo floraren egoera ikusirik ere, hau da, txiribiek eta bioletek batera existitzeko modua aurkitzen duten mundu honetan, ongi, oso ongi moldatuko nintzateke bai batzuk, bai besteak gabe. Egun batean niri haurdun zegoela esateko kopeta izan zuen, eta lauzpabost hilabetekoa gainera, nik egina. Saiheska jarri zen eta sabelera begiratzeko esan zidan. Biluztu eta guzti egin zen, gonapean kuxin bat ezkutaturik ez zuela erakusteko seguruenik, eta baita biluzteko plazer hutsagatik ere, jakina. Sabeleko handitu bat izan daiteke, esan nion, lasaitzeko. Koloreaz oroitzen ez naizen begi handi haiekin begiratzen zidan, edo bere begi handiarekin, hobeto esan, bestea hiazintoaren hondakinerantz zuzendua baitzuen, antza. Gero eta biluziago, orduan eta betokerrago. Hara, esan zidan, bularrei begiratuz, hasi zaizkit titiburuak iluntzen. Azken indarrak bildu, eta esan nion, Abortatu, abortatu, horrela ez zaizkizu gehiago ilunduko. Errezelak irekiak zituen bere biribiltasunen xehetasun ttipiena ere gal ez zedin. Mendia ikusi nuen, geldia, leizetsua, ezkutua, non goizetik gaua bitartean haizea, txirrien kantua eta granito-tailagileen mailu-hots urrun eta garbiak besterik ez nituen entzungo. Egunez txilardiaren berotasunera irtengo nintzen, isasti usaintsu eta basatira, eta gauez hiriko argi urrunak ikusiko nituen, nahi izanez gero, eta beste argiak, itsasargienak eta ontzi bide-erakusleenak, aitak erakutsi baitzizkidan, txikitan, eta haien izenak berreskuratuko nituen, nire buruan, nahi izanez gero, seguru nengoen. Egun hartatik aurrera gauzak bide okerretik joan ziren, etxe hartan, niretzat, gero eta bide okerragotik, ez nitaz arduratzen ez zelako, sekula ez zen gauza izango ni behar bezain bazterrean uzteko, baizik eta gure haurrarekin torturatzera etortzen zitzaidalako, sabela eta bularrak erakutsiz eta edozein unetan jaio zitekeela esanez, ostikadak nabaritzen zituelako. Ostikadak ematen baditu, esan nuen, nirea ez den seinale. Dena den, ez nintzen hain txarto ere egon etxe hartan, hori egia da, ez zen perfektua, jakina, baina ez nituen abantailak gutxiesten. Ez nintzen alde egitera deliberatzen, hostoak erortzen hasiak ziren, beldurra nion neguari. Ez zaio neguari beldurrik izan behar, baditu abantailak ere, elurrak beroari eusten dio eta zarata moteltzen du, eta egun hitsak azkar amaitzen dira. Nik ez nekien, ordea, garai hartan, zein atsegina izan daitekeen lurra besterik ez dutenentzat, eta zenbat hilobi aurki daitezkeen, bizirik egonez gero. Nire akabua, jaiotza izan zen. Esnatu egin ninduten. Zer eman behar ote zitzaion gaixoari. Uste dut beste emakume bat zegoela berarekin, noiz behinka sukaldean pauso batzuk entzuten nituela iruditzen zitzaidan. Urdaila nahasten zidan etxe batetik alde egiteak inork kanpora bota gabe. Sofaren bizkarralde gainetik igaro nintzen, jaka, berokia eta kapelua jantzi nituen, ez nuen ezer ahaztu, lokarriak lotu nituen eta korridorera ematen zuen atea ireki nuen. Traste pila batek bidea eragozten zidan, baina igaro nintzen hala ere, eskalatuz, hautsiz, zalapartaka. Ezkontzaz hitz egin dut, nolabaiteko elkartasun bat izan zen behintzat. Ez nuen zertan kezkatu, egundoko marruak entzuten ziren. Erditzen zen lehen aldia izango zen, noski. Kaleraino jarraitu zidaten. Etxeko ate aurrean belarriak zorroztu nituen. Handik ere entzuten nituen. Etxean norbait garrasika ari zela jakin ezean, agian ez nituen entzungo. Baina jakinaren gainean egonik, primeran entzuten nituen. Ez nekien zehazki non nengoen. Izar eta konstelazioen artean Hartz Nagusia eta Hartz Txikia bilatu nituen, baina ez nituen aurkitu. Han behar zuten, hala ere. Aitak erakutsi zizkidan lehenengo aldiz. Beste batzuk ere erakutsi zizkidan, baina haren laguntzarik gabe ezin izan ditut sekula Hartzak aurkitu. Garrasiekin jolasten hasi nintzen abestiarekin jolastu nintzen bezalatsu, aurrera joanez, geldituz, aurrera joanez, geldituz, horri jolastea deitu ahal bazaio. Oinez nenbilen bitartean ez nituen entzuten, nire pausoen hotsari esker. Gelditu bezain laster, ordea, berriro entzuten nituen, gero eta ahulago, egia da, baina zer ardura dio oihu bat indartsua edo ahula izateak? Garrantzitsua, oihuekin amaitzea da. Urteetan uste izan dut amaituko zirela. Orain jada ez dut uste. Horretarako beste amodio batzuk izan beharko nituzkeen, apika. Amodioa, ordea, ezin da mandatuz lortu. (1945)
LEHEN AMODIOA |